Ali Lmrabet (Tetuan, Maroko, 1959) Mohamed VI.a erregea kritikatzera ausartu diren kazetari bakanetakoa da. Horregatik eta sahararren alde idazteagatik egon da kartzelan; han, gose greba egin zuen prentsa askatasuna aldarrikatzeko. Hamar urtez kazetari moduan lan egitea debekatu zioten 2005ean.
Konstituzioren inguruko galdeketa egin dute Marokon. Baiezkoak irabaziz gero, aldaketaren bat izango da, zure ustez?
Mohamed VI.a proposatzen ari den konstituzioa irakurri besterik ez dago aldaketarik ez dela izango ikusteko. Egia esan, aurrekoarekin alderatuz gero, erregeak botere handiagoa eskuratzen duela ikusten da. Armada, segurtasun indarrak eta abar kontrolatzen jarraituko du, eta, gainera, Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko buru ere izango da. Maroko ez da AEBak eta ez Turkia. Horrelako kontseilu bat ez da beharrezkoa, eta herritarren aurka egiteko erabiliko dute.
Beraz, konstituzioak okertu egingo du egoera.
Ez da ahaztu behar erregearen aldeko zinegotzi batek eta konstituzionalista batek sortu dutela testua. Konstituzioa aldatu beharrean, pixka bat moldatu dute. Gainontzeko herrialdeek eta herritarrek ondo ikus dezakete, baina, barruan begiratuz gero, usteldua jarraitzen du.
Herritar asko ez daude gustura proposamenarekin, eta protesta egiten ari dira. Zein izango da erreferendumaren emaitza?
Bai, egia da protestak daudela, baina, seguruenik, bozkatuko duten gehienek alde bozkatuko dute. Dena dela, ituna onartzen badute ere, borroka hasi besterik ez da egin. Horren arrazoietako bat da askok ez dakitela benetan zein aldaketa ekarriko dituen testu berriak. Erregeak, konstituzio berriaren testua onartu ondoren, hamar egun bakarrik eman zituen herritarrek erabakia hartzeko. Gainera, erregimenak administrazio guztia lanean jarri du baiezkoa lortzeko. Eskarmentu handia dute hauteskundeetako emaitzak faltsutzen; Marokon ez dugu inoiz hauteskunde garbirik izan. Herritarren gainean presio handia egiten ari dira.
Zer-nolako presioa?
Erregeak konstituzioaren alde bozkatzeko deia egin ondoren, meskita guztietan baiezkoa eskatzen hasi ziren. Gobernuak Islamaren Ministerioa du, eta horrek agintzen die zer esan behar duten. Imajina ezazu Euskal Herriko eliza guztietan apaizak lehendakariaren proposamen bati baietz bozkatzeko eskaera egitea. Horrez gain, sektekin ere harremanetan jarri da, eta ezezkoaren alde egiten dutenei eraso egiten diete. Nolako herrialdea da hau?
Nazioarteko gobernuburu eta erakundeetako ordezkariek ez dute hori aipatzen.
Nazioarteko agintariek ez dute ezagutzen Marokoko errealitatea, eta guk bai. Marokon eta horrelako estatu polizial, autokratiko eta totalitarioetan bakarrik behartzen dituzte herritarrak horrelako erreferendum garrantzitsuetan baiezkoa ematera.
Herrialde arabiarretan egoera aldatzen ari da. Zein iritzi duzu sortzen ari diren mugimenduen inguruan?
Ni oso pozik nago. Mundu arabiarreko iraultza baketsu guztien alde nago. Gobernatzen gaituzten diktadore kriminalak behin betiko bota behar ditugu. Gaur egun ez dago estatu demokratiko arabiarrik. Tunisia eta Egipton iraultzak irabazi du, baina oraindik asko dute egiteko. Gainontzekoak oinordetzako errepublikak eta monarkia absolutuak dira. Baina iraultzak ez dira bat-batean gertatuko, herrialdeetan egoera desberdinak daudelako.
Marokon ere protestak izan dira. Iraultza gauzatuko dela uste al duzu?
Erregimenak erreferendumean baiezkoa ateratzeko egiten ari den lanak iraultzaren beldur direla erakusten du. Baina herrialdean aldaketak lortzeko, hauteskundeetan aukeratutako politikariek batzar konstituziogilea sortu beharko lukete. Haiek sortuko luketen konstituzioa izango litzateke benetakoa.
Otsailaren 20ko Mugimenduakmonarkia parlamentarioa ezartzea nahi du. Zuk monarkia desagertzea nahiago al duzu?
Marokoko monarkia aldatzea ezinezkoa da. Mohamed VI.ak 11 urtez jarraian gobernatu du. Nola espero daiteke denbora horretan nahi bezala agindu ondoren orain benetan aldaketak egitea? Demokratek egiten dituzte erreforma demokratikoak, eta Mohamed VI.a ez da demokrata. Erregeak ez du inoiz boterea utzi nahiko.
Gaur egun, prentsa askatasuna bermatuta al dago Marokon?
Galdera hori Raxid Niniri egin diezaiokezu, Marokon gehien saltzen den egunkariko (Al Massae) zuzendariari. Erregimenaren aurka ezer esan ez duen arren, urte bateko kartzela zigorra betetzen ari da. Mohamed VI.aren lagun baten eta herrialdeko zerbitzu sekretuen ustelkeria salatzen hasi zenean kartzelatu zuten. Hori da Marokoko prentsa askatasuna. Benetan adierazpen askatasuna lortzeko, erregimena aldatu beharra dago.
Zu zortzi hilabetez egon zinen preso. Zer duzu gogoan?
Erregimenaren aurka hitz eginez gero edo aldarrikapenen bat eginez gero, kartzelara zoaz. Donostiako udaletxean erregearen argazkia kendu dute. Hemen, horrelako zerbait egiteagatik bost urteko kartzela zigorra jarriko ligukete. Mendebaldeko Saharako egoeraren inguruko azalpenak eskatu nituelako sartu ninduten preso.
Nolakoa da gaur egun sahararren egoera?
Sahararrak duela 35 urte bezala daude, eta, hori aldatzeko, AEBek interesa izan beharko lukete. Sahararren egoerak kezkatzen nau, eta haien egoera sarritan salatu dut. Tindufeko [Aljeria] kanpalekuetan dauden errefuxiatuak ez dituela Fronte Polisarioak bahitu esateagatik, hamar urtez kazetaritzan aritzea debekatu zidaten 2005ean.
Maroko. Erreferenduma. Ali Lmrabet. Marokoko kazetaria
«Konstituzioa onartzen badute ere, borroka hasi besterik ez da egin»
Monarkia absolutua parlamentarioarekin aldatu beharrean beste eredu bat ezartzeko eskatzen du Ali Lmrabetek; haren ustez, Mohamed VI.a erregeak ez du onartuko bere boterea murriztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu