Egiptoko Hauteskunde Batzordeak hilaren 14an eta 15ean izandako erreferendumari buruzko datu ofizialak eman ditu: parte hartzea %38,6koa izan zen, eta botuen %98,1 kontsituzio berriaren aldekoa. Nabil Salib batzordeko presidenteak azaldu du botu eskubidea zuten 53 milioi herritarretik soilik 20,5 milioik parte hartu zutela galdeketan, Anaia Musulmanek boikota deitu arren.
Parte hartze handi bat nahi zuten Egiptoko militarrek Konstituzioari buruzko erreferendumean, Mohamed Mursiren aurkako estatu kolpea eman eta Anaia Musulmanak legez kanpo utzi osteko bide orriari zilegitasuna emateko; baina egungo agintariek nahi baino jende gutxiagok eman du botoa bi eguneko herri galdeketan, Al-Ahram egunkari ofizialak argitaratu dituen datu ez ofizialen arabera.
Erroldan ageri diren 52.741.139 lagunetatik botoa 19.349.271k eman dutela argitaratu du egungo gobernuaren ildoa babesten duen egunkariak: %36,7ko parte hartzea, beraz. Aldeko botoak 18.667.971 izan bide dira (%97,7), eta kontrakoak, 368.544 (%2,3). Probintzia guztietan, gainera, %93tik gorako babesa jaso bide du konstituzioak. 2012an, Mursi agintean zela, %33koa izan zen parte hartzea, eta aldeko botoak %63,8 izan ziren.
Anaia Musulmanek eta Egiptoko beste talde islamistek boikoterako deia egin zuten erreferendumean, eta ezezko botoaren aldeko kanpainarik ez da ia izan. Horregatik, aurrez jakina zen baiezkoak ia erabateko babesa lortuko zuena. Zalantza, eta militarren egiazko erronka, parte hartzearen zenbatekoa zen.
Gobernuko iturriek %50etik gorako parte hartzea iragarri zuten erreferendumeko mahaiak itxi orduko, baina haien inguruko hedabideek maila horretatik oso beherako datuak eman zituzten atzo. Emaitza ofizialak larunbata baino lehen espero dituzte.