Klima aldaketa. Elkarrizketa. Maria Jose Sanz. BC3ko zuzendari zientifikoa

«Konponbide teknikoak eremu sozioekonomikoan uztartzean datza erronka»

IPCCren urriko txostenak jokaloki zaila marraztu arren, itxaropentsu mintzatu da Sanz; batik bat, hazten ari diren herriei begira. Zientziaren egitekoa aldarrikatu du.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Klima aldaketaz ia hitz egiten ez zen garaian hasi zen Maria Jose Sanz (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1963) klima aldaketa ikertzen. Azken hogei urteetan, ibilbide akademiko oparoa egin du hainbat unibertsitatetan, eta IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen txosten garrantzitsuetan hartu du parte—2007an Bakearen Nobel saria irabazi zuen lantaldeko kide izan zen—. BC3 (Basque Centre for Climate Change) zentroko zuzendari zientifikoa da 2016tik. Katowicetik itzuli berritan jaso du BERRIAk haren balorazioa, COP24n akordio bat lortu ezinda zebiltzala.

Ematen du akordio gabe amai daitekeela Katowiceko bilkura.

Negoziazioak zaildu egin dira, baina nik antzeman dut herrialdeek ahalegin handia egin dutela eraikitzaileak izateko eta ados jartzeko. Borondatea badago; kontua da Parisko akordioak gai asko dituela garatzeko, eta arazo txikiek ere prozesua blokea dezakete. Eztabaidatu dituzten dokumentuak, berez, nahiko ondo daude: zientziaren lana aitortu dute, informazioari eta gardentasunari buruzko arauak jaso dituzte, finantzaketaren auzia pixka bat jorratu dute... Oso egoera desberdinetan dauden herrialdeak jardun dira negoziatzen, interes eta abiapuntu oso bestelakoekin. Konplexua da.

Esan izan duzu Parisko akordioak paradigma aldaketa bat ekarri zuela. Zergatik?

Duela hogei urte inguru klimaren inguruko debatea hasi zenean, egitekoak bi mailatan banatu ziren: klima aldaketaren ondorioak arintzea, garatutako ekonomiek egin behar zutena, eta ondoriootara egokitzea, ekonomia pobreek egin behar zutena. Orain, aldiz, ikusten ari gara denok hartu behar ditugula arintze zein egokitze neurriak. Parisko akordioak pentsamolde aldaketa bat ekarri zuen: arintzearen garrantziaz kontzientzia hartu zuen mundu guztiak. Kontua da bakoitzak bere aukera ekonomikoen arabera hartuko dituela neurriak.

Hiru urte bete ditu akordioak. Nola aztertzen duzu, kontuan izanda iaz berotegi efektuko gasen isurketek gora egin zutela?

Parisko konpromisoak 2020an sartuko dira indarrean; beraz, orduan hasiko da akordioa benetan betetzeko garaia. Emisioak egonkortu egin ziren duela hiru urte, eta ematen du orain apur bat hazten ari direla berriz; kausa askoren ondorio izan daiteke: basoak desagertzea, muturreko fenomenoak areagotzea... Ondo aztertu behar da zergatik eta non egin duten gora, eta ikusi beharko da eragin handirik gabeko gorakada txiki bat den, edo goranzko joera baten hasiera den.

IPCCk urrian argitaratutako txostenaren arabera, munduaren berotzea 1,5 gradura mugatzea egingarria da teknikoki, baina aldaketa handiak behar dira. Espero baino jokaleku larriagoa utzi zuen?

Ez dut uste. Txostenak mahai gainean jarri zuen orain arte arreta handiagoa jarri diogula parte teknikoari, aurreikuspenak egiteari, eta ez dugula hainbeste zaindu parte soziopolitikoa. Zientziak gehiago daki alde teknikoaz, eta zientziak dio badaudela konponbide teknikoak emisioak gutxitzeko, baina erronka nagusia dela hori praktikara eramatea: konponbide teknikoak artikulatzea, eremu soziopolitiko eta ekonomikoan uztartzeko. Zaila da, ez baitaukagu eskuliburu bakar bat. Kalkuluak maila globalean egiten ditugu, baina gero neurriak tokian-tokian hartu behar dira, herrietan, eskualdeetan, estatuetan... Eremu horien arteko koherentzia oso konplexua da. Daukagun denborarekin konponbide horiek indarrean ezarri ahal izateko abagune soziopolitikoak sortzea oso erronka handia da.

IPCCren txostenak dio 1,5 graduko berotzea aurreikusi baino lehenago gerta daitekeela. Zein egoeratan gaude?

Munduaren batez besteko tenperatura gradu bat baino gehiago igo da jada, baina ez da homogeneoa: leku batzuetan bi graduko igoera gainditu dute, eta beste batzuetan ez dira gradu batera heldu. Duela 50 urte aurreikusi ez ziren muturreko gertaerak izaten dira, eta espero baino lehen. Klima makina bat da, eta mugarri batzuk ditu: dinamika batean sartuz gero, inertzia handitu egiten da. Kasu batzuetan, puntu horietan gaude. Baina ez dut uste horrek desanimatu behar gaituenik: eztabaida hauek aurrekaririk gabeko pentsamolde aldaketa bat eragiten ari dira; besteak beste, garapenaren inguruan. Gainera, aldaketa horrek eragin handiagoa du aurrerapen gutxiagoko ekonomietan aurreratuenetan baino, eta hori, niretzat, itxaropenerako sintoma bat da: herri horietan etorkizuna eraikitzen ari dira orain, eta beste modu batera gauzatu dezakete garapena. Aldiz, Europan, adibidez, beste inertzia batzuk dauzkagu; guretzat zailagoa da aldatzea.

Azken urteetan batez besteko tenperatura altuenak erregistratu dira, eta muturreko fenomeno meteorologikoak ohikoagoak izan dira. Zerbaiten seinale da?

Ukaezina da klima aldatzen ari dela, bere makinan energia sartzen ari garelako, eta, ondorioz, hainbat prozesu aldatu egingo dira. Elementu kezkagarrietako bat da bero handia pilatzen ari dela ozeanoetan, ez bakarrik atmosferan; horrek aldaketak eragin ditzake zirkulazio ozeanikoetan, eta horrek, aldi berean, klimaren erregulazioan.

Mugarrietako bat da Artikoa. Kalkulu batzuen arabera, 2030eko udan ez da izotzik egongo han; 2007an, ordea, aurreikuspen hori 2100erako zen. Zer gertatu da hamar urteotan?

Eredu klimatikoak hobetu egin direla, eta, ondorioz, aurreikuspen hobeak egiten ditugula orain. Zientzialariok dakigunaren arabera egiten ditugu aurreikuspenak: klimak iraganean izandako bilakaeratik ikasten dugu. Gaur egun atmosferan dagoen karbono dioxido kontzentrazioak nabarmen gainditzen du azken sei glaziazioetako batez bestekoa. Hortaz, ez dakigu zein eragin izango duten prozesu horiek, iraganean ez direlako gertatu. Gainera, mugarriei buruzko ereduak egitea oso zaila da: mugarri horiek gainditu eta azelerazioa hasten bada, askoz zailagoa da hortik aurrerakoak aurreikustea, Artikoan bezala.

IPCCk dio aldaketa sakon eta azkarrak behar direla. Zeintzuk?

Ekonomia karbonogabetzea. Neurri batean, badakigu nola egin; zenbat denboran egin, hori da agian auzi konplexuena. Ekonomia ereduaren oinarriak aldatzean datza: erregai fosilen erabileran oinarritutako eredua alboratzea, eta emisio gutxiago dituen eredu garbiago baterantz jauzi egitea, teknologia berrien bidez.

Erregai fosilek ematen duten energia kopuru bera emango al dute berriztagarriek?

Nire ustez, galdera ez da energia kopuru bera edukiko dugun, baizik eta egun kontsumitzen ari garen energia guztia kontsumitzeko beharra ote dugun. Dena den, berriztagarriek ibilbide esanguratsua izan dute azken urteetan, traben gainetik, eta ikerketek aurrera jarraituko dute. Energia berriztagarrien giltza ez dago soilik eguzkian edo haizean; erronkarik handiena biltegiratzea da: nola gorde energia hori, erabili behar duzunean baliatu ahal izateko. Arlo horretako teknologian lorpenak izanez gero, egungo energia kontsumoaren parte handi baten alternatiba izan ahalko dira berriztagarriak.

COP24ren hasieran, Poloniako presidenteak nabarmendu zuen herriek subiranotasuna izan behar dutela beren baliabide naturalak erabiltzeko; bere kasuan, ikatza. Oraindik pisu handia al dute tokiko egoerek?

Bai. Ikuspegiaren araberakoa da: lau urtera ala hamabost urtera begira ari diren. Gure sistema politikoek epe motzerako ikuspegia edukitzeak oztopatu egiten du halako eraldaketa bat abiatzea.Noski, ekonomiaren karbonogabetzeak tokiko ekonomiak mantsotu ditzake epe motzean, baina, hogei edo 50 urtera begira, karbonogabetzeak aukera eta etekin ekonomiko asko emango ditu.

AEBak Parisko akordiotik aterako zirela esana du Donald Trumpek, baina ez da gertatu bestelako lurrikararik.

Egoera politiko berezi batean daude AEBak, baina zientzialariek ez diote ikertzeari utzi. Uste dut etapa bat dela, eta leku askotan gertatzen ari denaren sintoma bat: elkartasun faltarena, norbere arazoak besteak konpondu behar dituen ustearena. Gustatu ala ez, Trumpen erabakiak arlo geopolitikoan ere eragin du: Txinak Parisen aldeko apustu sendoa egin du, AEBei lekua kentzeko. Eta Katowicen asko negoziatu dute AEBek: Trumpek ez baditu hurrengo hauteskundeak irabazten, akaso ez dira Paristik aterako.

Bateragarriak al dira klima aldaketaren ondorioen aurkako borroka eta hazkunde ekonomikoaren paradigma?

Ni ez naiz ekonomialaria, baina galdera bat egingo nieke horretan adituei: zergatik egon behar du gure ongizateak soilik hazkunde ekonomikoan oinarrituta? Bigarren Mundu Gerratik gure paradigma izan da ona dela etengabe haztea, eta hazkunde hori kontsumoan oinarritzea; ez al genuke hori berriz aztertu behar? Zeren, harrigarria da nola aldatu den gizartea: egun, kalera ateratzean, erosi besterik ezin dugu egin, kontsumitu. Horrek zoriontsuago egiten gaitu? Hobeto bizi gara?

Klima aldaketari aurre egiteko teknologiak ere merkatu nitxotzat jotzen dira. Ekonomia berdeaz hitz egin daiteke paradigma hori indartu gabe?

Ekonomia berdeak ez du zertan lotuta egon hazkundearekin edo desazkundearekin, baizik eta nitxo aldaketa batekin: gauza bat beste batekin ordezkatu. Ekonomia alternatiboek agerian utzi dute desazkunderik gabe ere hazkundea moteldu daitekeela, pertsonen ongizateari kalte egin gabe.

Konponbide teknologikoetan itxaropen handia jarri da. Badira geoingeniaritza egitasmo polemiko batzuk; adibidez, eguzkiaren erradiazioa manipulatzea.

Geoingeniaritza proiektuen arazo nagusia da ez dakigula zein ondorio izango duten, Lurreko sistemak eskala handian manipulatzea dakartelako. Zuhurtziaz aztertu behar dira; beste aukerarik ez balego, erabilgarriak izan zitezkeen, baina badaude alternatibak, eta, gainera, beste onura batzuk dakartzate. Halere, konponbide teknologikoez gain, kohesio sozialarekin lotutako gaiei ere erreparatu behar diegu, adibidez, hiriez hitz egitean: ehundura soziala berreskuratzea, merkatuak eta antzeko espazioak birgaitzea, ekonomia kolaboratibora itzultzea... Eta irtenbide merkeak dira.

Klima aldaketaren inguruko ikerketa beharrezkoa dela aldarrikatu izan duzu. Zergatik?

Ezagutza berriak sortzeko modua da ikerketa, eta auzi honetan ezagutza berriak behar ditugu; besteak beste, estrategiak errealitatera eramateko. Ikerketak diziplina anitzekoa izan behar du, eta gizartearekin eta gizartearentzat egin behar da, aplikatuko den abagunea kontuan hartuz; bestela, ez da eraginkorra eta erresilientea izango. BC3n horretan saiatzen gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.