Kolonbia hauteskundeei begira

Kongresua gudu zelai bakerako

Maiatzean izango dira presidentetzarako bozak Kolonbian. Oposizioa hasia da bake hitzarmenean jasotako erabakiak bertan behera uzten eta oztopatzen

Kolonbiako Ordezkarien Ganbera, FARC eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake akordioa erreferendumean berrestekoerabakia hartu zuenean, 2016ko abuztuan. JOHNNY HOYOS / EFE.
Bogota
2018ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
2018an presidentetzarako hauteskundeak izango dira Kolonbian, eta nabaritzen hasiak dira horrek eragina izango duela Kolonbiako bake prozesuan. Juan Manuel Santosen gobernua horren beldur zen, baina ezin izan du eragotzi, nahiz eta oraindik hilabete batzuk falta diren maiatza eta ekaina iristeko; orduan egingo da Santosen ordezkoa aukeratzeko lehen bozaldia eta, behar izanez gero, bigarrena. Kongresua da oposizioa bere armak erakusten hasi den gudu zelaia: badago arriskua FARCekiko akordioaren gai funtsezko batzuk alda edo ezaba ditzaten. Hain zuzen, hasiak dira galera batzuk.

Bakearen barrutiei buruzkoa da azken eztabaida. FARCekin sinaturiko hitzarmenaren arabera, biktimentzat izango dira gerrak gehien jotako eskualdeetako hamasei eserleku: lider sozialek eta giza eskubideen defendatzaileek beteko dituzte aulki horiek, eta alderdi tradizionalek eta lehengo gerrillaren mugimendu politikoak ez dute eskubidea izango ezta aulki horietara aurkezteko ere. Orain, ordea, baliteke puntu hori desagertzea: azaroaren 30eko bozketan, 50 senatari bakarrik agertu ziren alde, eta 52 behar dira neurria onartzeko; alegia, erdiak gehi bat.

Planak aurrera

Oraindik ez dago jakiterik zer gertatuko den Kolonbiako estiloko folletoi honetan, herrialde honetako politikan beti atezuan baitago gutxien espero den hori. Barne ministro Guillermo Riverak aitortu zuen gobernuak galdu egin zuela bozketa; hala ere, hurrengo egunean, presidenteak segurtatu zuen planak aurrera segituko duela. «Onartu egin zen: matematikaria izan gabe ere, bistan da 99ren erdia baino gehiago dela 50», argudiatu du. Haren teoria da hiru senatari inhabilitaturik daudela kartzelan daudenez gero, eta, beraz, hasierako 102 senatarietatik hiru kendu behar direla.

Eskuineko indarrak kontra daude, uste baitute gerrillari ohien mesederako izango direla biktimentzako hamasei eserlekuak. «FARCek segurtatuak ditu bere hautagaiak. Hamasei eserlekuen mapa bat dator, goitik behera, narkotrafikoarenarekin», esan du Alderdi Kontserbadoreko kide Juan Diego Gomezek. Bakea sinatu zenetik, gerrillaren alderdi berriak segurtatuak dauzka senatuko bost eserleku eta ordezkarien ganberako beste bost, nahiz eta aski boto ez bildu.

Borroka horretan, asko dago jokoan. Alde batetik, neurri hori onartzen ez bada, Santosen porrot bat izango da askorentzat, hauxe izan baita bake prozesuko lau urtean harro egin dituen promesetako bat: biktimak izango direla garrantzizkoena, eta ordezkaritza izango dutela Kolonbia berrian. Beste alde batetik, agerian geratu da oposizioak baduela aski indar sinatuak dauden gaiak atzera botatzeko, nahiz eta ematen zuen ez zegoela atzera-bueltarik.

2016ko urriko plebiszituan, Alvaro Uriberen alderdi Zentro Demokratikoak gidatu zuen bakearen akordioari ezezkoa emateko kanpaina, eta, orain, Alderdi Kontserbadorea eta Cambio Radical batu zaizkio. Cambio Radical, hain zuzen, German Vargas Lleras presidentegaiaren alderdia da, presidenteorde ohi santistarena.

«Uribismoak bakearen kontra egin duen diskurtsoaz jabetu dira, estrategia horrek botoak ematen ditu-eta hauteskundeetan», uste du Andrei Gomez analistak. Rodeemos el Dialogo erakunde zibilaren fundatzailea da, eta, haren iritziz, botere tradizionala beldur da Kolonbiako statu quo-a ez ote den arriskuan egongo FARC hamar eserlekurekin politikan sartzen bada eta biktimek hamasei aulki badituzte.

«Penagarria da bake prozesuaren neurri enblematikoenetako batekin horrela ibiltzea, Santosen gobernuaren porrot politiko baten erdian; gainera, Santosek bide judizialetik konpondu nahi du kontua», esan du Francisco Barbosak, El Tiempo egunkariak gai juridikoetarako duen zutabegileak. Eztabaida hori hasiera baino ez da Kolonbia bi bandotan banatua dagoela islatzen duen borroka handi batean: batetik, bake prozesuan aurrera segitzearen aldekoak, eta, bestetik, gerrillarekin negoziatzea okerra izan zela pentsatzen dutenak.

Eserleku horien auzia ebazteko giltza Senatuko presidenteak du, Alderdi Kontserbadoreko kide Efrain Cepedak, eta esana du El Tiempo-n eginiko elkarrizketa batean: «Zuzenbide estatu batean, erakundeak ezin dira horrela zapaldu». Salatu du gobernuak ez duela errespetatu botere legegilearen eta botere betearazlearen artean behar den banaketa, eta erdiko eperako konponbide bat proposatu du: beste zortzi eztabaida egitea, halako moduz non biktimek ezingo luketen Kongresuan ordezkaririk izan 2019ko martxo arte.

Nekazarien kontra

Kolonbiatik kanpo, bazirudien gerrillarekin bakea sinatu izanak amaiera ekarriko ziola mende erdia baino gehiago iraun zuen gerra bati; Kolonbian, berriz, hori baino askoz gehiago zen hitzarturikoa, gatazka sufritu duen jendearentzat: nekazarientzat. Horren gakoa sistema aldatzea zen, lurraren jabetza modu bidezkoagoan banatu ahal izateko, desberdintasunak leuntzeko eta pobreenei ahotsa emateko. 2017. urteko azken egunetan, erreforma politikoa ezabatu egin zuten, eta beste gai garrantzizko batzuk, hala nola nekazaritza erreforma, Kongresuan ahulduz edo baztertuz joan dira.

«Zoritxarrez, plebiszituan ezezkoa nagusitu eta gero, espero izatekoa zen hala gertatzea», gogoeta egin du Gomezek. Kolonbia kontrolatzen duten agintari klaseak eta lur-jabeek ezin gogorrago egin diete Kolonbiako botere egitura aldatzea planteatzen duten legeei.

Justizia trantsizionalaren prozesua atzeratzen ari da, nahiz eta FARCeko buruek sinatu duten auzitegi berezi horietara joateko konpromisoa —hori egitea ezinbestekoa baitute 2018ko hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko—. Gerrillan, gainera, gero eta handiagoa da disidentzia: izan ere, salatu dutenez, estatuak ez die eman bizimodu zibilera itzultzeko agindu ziena. Gobernuak, berriz, segurtatu du disidenteak ez direla gerrillako 7.000 tropen %7 ere, baina fundazio batzuek, hala nola InSight Crimek, ohartarazi dute kopurua handiagoa izango dela.

Orain, gizartea banaturik dago, eta hiru jarrera daude: esperantza galdu dutenak, aldaketak ez direlako iristen, eta ez direlako iritsiko, haien ustez; gorrotoa sentitzen dutenak, pentsatzen dutelako Kolonbia, uribistek dioten bezala, Venezuela berria izango dela FARC politikan sartzen denean; eta, azkenik, oraindik ere konfiantza izan eta espero dutenak bakerako bide bat sendotzeko urtea izango dela 2018a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.