Kongori 284 milioi euro ordaintzera zigortu du Uganda Hagako Auzitegiak

Kongoko Errepublika Demokratikoko Ituri eskualdean eragindako sarraskiagatik zigortu du Uganda Nazioarteko Justizia Auzitegiak. 10.000 lagunetik gorako heriotzen erantzule jo du Kampala

Nazio Batuen Erakundeko kasko urdin pakistaniar bat, guardia egiten, atzean errefuxiatuen kanpamentu bat dagoela, Kongoko Errepublika Demokratikoan. STEPHEN MORRISON / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikoari 284 milioi euroko kalte ordaina ematera zigortu du Uganda Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak, Ugandako armadak, Kongoko Bigarren Gerran (1998tik 2003ra), Kongoko Errepublika Demokratikoko ipar-ekialdeko Ituri eskualdean eragin zituen sarraskiengatik eta, besteak beste, kalte materialengatik, baliabide naturaletan lurralde aberatsa dela eta. Nazioarteko Justizia Auzitegiko Joan E. Donoghue epaileak atzo arratsaldean eman zuen sententziaren berri.

Hain zuzen, erabaki hura NBE Nazio Batuen Erakundeko Goi Auzitegiaren beste epai baten ondorioa da. Epai horrek 2005ean ebatzi zuen Ugandak Kongoko Errepublika Demokratikoan nazioarteko zuzenbidea urratu zuela, hilketak, torturak eta arpilatzeak barne. Halaber, esan zuen Kongoko Errepublika Demokratikoko armadak harreman diplomatikoei buruzko Vienako Konbentzioa urratu zuela, Ugandako enbaxadari eraso egin eta Kinshasa hiriburuan zituen diplomazialariei tratu txarrak ematearen ondorioz.

Erasoak eraso, NBEko auzitegiak ebatzi zuen Ugandak Kongoko Errepublika Demokratikoari kalte ordainak eman behar zizkiola, baina Ugandak ez zuen zigor hura bete. Hala, 2021eko apirilean Kinshasak Nazioarteko Justizia Auzitegira jo zuen, eta eskatu zion Kampalak 10 bilioi euro inguruko kalte ordaina eman behar ziola. Azkenean, atzoko epaiaren arabera, 284,3 milioi izango dira.

Diru hori hiru zatitan banatu dute: lehena, ia 220 milioi, milaka lagun hiltzeagatik, bortxatzeagatik eta 500.000 desplazatu inguru eragiteagatik; bigarrena, ia 35 milioi euro, jabetza pribatuan eragindako kalteengatik; eta azkena, hirugarrena, 52 milioi euro, Ituri eskualdean baliabide naturalak ustiatzeagatik eta lapurtzeagatik: urrea, diamantea, zura eta beste hainbat ondasun. Era berean, epaileek aho batez baztertu zuten kalte makroekonomikoei buruzko aparteko kopuru bat sartzea, Kinshasak eskatu bezala.

Ugandak bost epeetan ordainduko du dagokion zigor ekonomikoa; ia 57 milioi euro urteko. Datorren irailaren 1etik aurrera hasiko da ordaintzen. Kampalak, berriz, ohartarazi du Kongoko Errepublika Demokratikoak eskatutako diru kopuru handi horrek bere ekonomia suntsituko lukeela. Auzitegiak, ordea, esan zuen zigor ekonomikoa «Ugandaren ordainketa ahalmenaren barruan» dagoela; zehazki, kopuru hori herrialdeko barne produktu gordinaren %0,87 da—azken datua 2020koa da—. Hala ere, Hagan egoitza duen auzitegiak Ugandari ohartarazi zion kalte ordainak ordaintzeko ezarritako epeak betetzen ez baditu urteko %6ko interesa ordaindu beharko duela. Gainera, Kampalak ezingo du sententziaren aurkako helegiterik aurkeztu.

Donoghue epaileak zioenez, Kongoko Errepublika Demokratikoak ziurtatu zuen Uganda izan zela 180.000 zibilen heriotzen erantzulea. Halere, Hagaren epaiaren arabera, Kinshasak ez du nahikoa ebidentziarik erakutsi adierazpen hori babesteko. Hala, auzitegiak 10.000 eta 15.000 pertsona artean zenbatu zituen Ugandak eragin zituen heriotzak.

5,4 milioi hildako

Kongoko Bigarren Gerra Kongoko Errepublika Demokratikoan hasi zen, 1998an. Ugandako eta Ruandako armadek baliabidenaturalengatik —koltana, nagusiki—, aberatsa den Ituri eskualdea indarrez hartu zuten, AEBen eta Erresuma Batuaren babespean. Handik gutxira, zuzenean sei herrialde gehiagok hartu zuten parte gudan: Burundik, Angolak, Txadek, Zimbabwek eta Libiak. Baita hainbat talde armatuk ere. Gerraren ondorioz, 5,4 milioi lagun inguru hil ziren, batik bat gaixotasunek eta goseteak jota. Halaber, milioika desplazatu utzi ditu. Egun, herrialdean eta haren inguruetan indarkeriak piztuta segitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.