Afrikako zortzi herrialdetako 152 emakumeren testigantzak jaso, euren bizipenak, ametsak eta eskaerak entzun, eta, diagnostiko zabal baten ostean, etorkizun duinagoa bat emateko mekanismoak eta ekintza zehatzak bideratzea. Horrela laburbildu daiteke genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeak laguntzea xede duen egitasmoa: Emakumeok Martxan. Alboan gobernuz kanpoko erakundeak hitzaldien eta argitalpen baten bidez eman berri du bere egitasmoaren berri.
Angola, Etiopia, Hegoafrika, Hego Sudan, Kamerun, Kenya, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Marokon indarkeria matxistatik bizirik ateratako emakumeen argazkia atera dute, eta, bertatik bertara askotariko errealitateak bizi badituzte ere, ondorio bakarra helarazi dute: Afrikan etengabea da emakumeen kontrako indarkeria, bereziki sexuala, eta bereziki ihesean daudenen edo errefuxiatuta edo desplazatuta bizi direnen aurkakoa.
Maria del Mar Magallon Alboaneko zuzendariak azaldu du zein den egitasmoaren helburua: «Txostenean sufrimendua, injustizia eta zigorgabetasuna daude, baina emakume hauek ondratu eta lagundu nahi baditugu, ezin gara hor geratu. Bizitza seguru bat nahi dute, aurrera egin, eta esperientzia beretik pasatu diren emakumeei lagundu nahi diete. Laguntzea da gure erronka».
Opari baten erantzukizuna
Emakumeok Martxan egitasmoa nola sortu zen ere azaldu du Magallonek: «Opari batekin hasi zen hau. Rafael Miezak gure esku utzi zuen bere ondasunen parte bat, testamentuan hala idatzita, eginkizun zehatz batekin: Afrikan genero indarkeriaren biktima izan ziren emakumeei laguntzea. Opari bat izan zen, baina erronka bat ere bada, erantzukizun handikoa». Mieza «gizon xumea eta solidarioa» zela dio Magallonek: «Gure gertukoa zen. 2015eko irailaren 27an hil zen, eta, ondo hausnartu ostean, diagnostikoari ekin genion. Orain, ekintza plana jarriko dugu abian».
Berez soilik ihesean, errefuxiatuta edo desplazatuta bizi diren emakumeengan jarri behar zuten arreta, baina salbuespen bat egin dute: «Kongoko Errepubika Demokratikoan emakume guztiekin lan egitea erabaki dugu, herrialde horrek bizi duen indarkeria maila ezin delako beste ezein herrialdetakoarekin alderatu. Kongon sistematikoak dira bortxaketak, gerra arma gisa erabiltzen baita emakumea, bereziki Kivu iparraldean».
Txostenak jasotzen dituen testigantzak dira horren lekuko; seme-alaben aurrean bortxatutako emakumearena, ondoren haren aurrean alaba bortxatu dutenarena, sei egun eta gauez basoan bortxatutako emakumearena, taldean bortxatu dutenarena, klitoria moztu diotenarena, mafiek salerosi dutenarena, bortxaketa batean haurdun geratutako gaztearena, bortxatutakoan ahotsik gabe geratu denarena, senarrak zokoratuta duenarena...
«Kongon sistematikoak dira bortxaketak, gerra arma gisa erabiltzen baita emakumea»
Alboan gobernuz kanpoko erakundeak genero indarkeriatik bizirik atera diren emakumeei laguntzeko programa bat jarri du abian Afrikan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu