Kongon 45 zibil hil dituzte gutxienez, desplazatuen kanpaleku batean

NBEren kasko urdinen base militarretik bost kilometrora egin du erasoa Codeco talde armatuak

arantxa elizegi egilegor
2023ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikoan 45 zibiletik gora hil zituzten atzo desplazatuen kanpaleku baten aurkako erasoan. Iturin izan zen, NBE Nazio Batuen Erakundearen misioak base militarra duen tokitik bost kilometrora, Lala kanpalekuan. Iturri ofizialen arabera, Codeco Kongoren Garapenerako Kooperatiba talde armatuak egin zuen erasoa. Bahema Badjere barrutiko arduradun Richard Dhedak azaldu zuenez, erasotzaileek hainbat etxebizitza erre zituzten.

2018an, hainbat milizia elkartu eta Codeco sortu zuten. Lendu komunitateko kideak dira gehienak, eta «Kongoko armadaren gehiegikerien aurka» egitea dute helburu. Maiz, baina, talka egiten dute hema etniako gehiengoa duen beste talde armatu batekin, Ituriko Autodefentsarako Herri Frontearekin. Bi komunitateen arteko borrokak 1999an hasi ziren, eta 2003ra arte luzatu; milaka hildako izan ziren tarte horretan. Iaztik, baina, berriz gogortu dira borrokak. Iazko otsailean egin zuen Codecok orain arteko erasoaldirik gogorrena: 62 pertsona hil zituen Plaine Savo desplazatuen kanpalekuan, Iturin.

Genozidioak saihesteko NBEren aholkulari berezi Alice Wairimu Nderituk ohartarazi zuen joan den urtarrilean genozidio bat gertatzeko arriskua handitzen ari dela Kongon.

Talde armatuak

NBEren bake misioak 16.000 soldadu ditu herrialdean, baina ez dute lortu 1998tik zabaldua den indarkeria geldiaraztea. Horrez gain, beste irtenbiderik ezak eta oinarrizko baliabideak eskuratzeko zailtasunek bultzatu dituzte milaka lagun talde armatuekin bat egitera, haiek «etorkizun hobea» hitzematen dietelako.

NBEren datuen arabera, Kongoko Errepublika Demokratikoa da baren desplazatu gehien duenAfrikako herrialdea: 5,6 milioi; horietatik 1,5 milioi Ituriko kanpalekuetan bizi dira. Joan den apirilaren 15a eta maiatzaren 15a bitartean soilik 70.000 barne desplazatu heldu ziren Bulera, herrialdeko beste hainbat gunetatik. Iheslarien itxaropena zen NBEren bake misioa bertan edukitako seguruago izango zirela. Azken hilabeteetan, baina, herritarrak eurak misioaren aurka matxinatu dira, eta gobernuari eskatu diote kanpora ditzala nazioarteko kasko urdinak, salatuta haietara bideratutako dirua bestelako alorretara bideratuta indarkeria amaituko litzatekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.