Kongoko Errepublika Demokratikoko matxinoek su etena abiarazi dute

Gobernuarekin adostu gabe abiatu du su etena M23 taldeak. «Arrazoi humanitarioengatik» erabaki dute borrokak etetea.

Kongo Ibaia Aliantzako buruzagi Corneille Nangaa, Gomako herritarrekin hizketan (Kongoko Errepublika Demokratikoa), iragan larunbatean. DANIEL IRUNGU / EFE
Matxinoen buruzagi Corneille Nangaa, Gomako herritarrekin hizketan (Kongoko Errepublika Demokratikoa), larunbatean. DANIEL IRUNGU / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko otsailaren 4a
13:04
Entzun

Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean dagoen Goma hiria hartu zuen M23 Martxoak 23 Mugimenduak urtarrilaren 27an. Bada, matxinoek atzo iragarri zuten su etena egingo zutela, eta gaur abiarazi dute. Bart su etenaren berri emateko oharrean matxinoek azaldu zutenez, «arrazoi humanitarioengatik» erabaki dute erasoak behin-behinean etetea. Erabakia aldebakarrekoa izan da, Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak ez baitu bat egin su etenarekin.

«Egungo egoera humanitarioa Kongoko Errepublika Demokratikoak eragindakoa» dela argi utzita, borrokak etetea erabaki du M23 taldeak. Bestalde, matxinoen bozeramaile Lawrence Kanyukak su etenaren berri emateko argitaratutako oharrean Kongoko armadari leporatzen dio hegazkinak erabiliz matxinoen kontrolpean dauden guneak bonbardatzen aritzea.

Kanyukak ohartarazi duenez, haien helburua ez da herrialdeko beste eskualde batzuk hartzea, baina «konpromisoa» dute beren esku dituzten posizioak eta inguru horietan bizi diren zibilak defendatzeko. Atzo adierazi zuten arren ez dutela asmorik Iparraldeko Kivutik harago hedatzeko —Goma da eskualde horretako hiriburua—, matxinoek Goma hartu zuten egunean adierazi zuten herrialdeko hiriburua hartu nahi zutela.

Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak, hala ere, behin baino gehiagotan esan du prest dagoela negoziatu eta gatazkari konponbide bat bilatzeko; horretarako, baina, aurretik bake akordio bat egitea ezarri du baldintzatzat. Gobernuaren eta matxinoen arteko gatazkan beste urrats bat izan zenetik, Afrikako hainbat nazioarteko erakundek negoziatzera deitu dituzte bi aldeak —Ruanda deitzen dute bileretara, eta ez M23, NBEren arabera Ruandako armadako 4.000 soldadu inguru M23ko kide baitira—. Kongoko Errepublika Demokratikoak, ordea, ez du parte hartu elkarrizketa horietan.

2.000

Azken astean zenbat lagun lurperatu dituzten Goman Matxinoek Goman —eta hiri inguruan— egin duten «sarraskia» irudikatze aldera, Kongoko Errepublika Demokratikoak zenbait datu eman zituen bart. Patrick Muyaya gobernuko bozeramaileak jakinarazitako datuen artean dago azken astean Goman lurperatu dituzten hildakoen kopurua: 2.000. Muyayak ohartarazi zuen, ordea, balitekeela gehiago ere izatea, zenbaketa horrek ez baititu barne hartzen «hobi komunetan» lurperatutakoak.

Urtarrilaren 26ko asteburuan Goman borrokak areagotu zirenetik, bederatziehun lagun hil dituzte, OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak argitaratutako informazioaren arabera. NBEren organo horrek, hala ere, ohartarazi du balitekeela gehiago ere izatea, «gorpuek Gomako kaleak betetzen baitituzte». Atzo jakinarazi zuenez, gainera, urtarrilaren 26tik 30era 2.880 zauritu heldu ziren osasun zentroetara —datu hori Kongoko Errepublika Demokratikoak emandakoa da; OME Osasunaren Mundu Erakundeak, berriz, adierazi du 2.958 pertsona direla—.

Nazioarteko presioa

Horiek horrela, nazioarteak egunak daramatza bi aldeei presio egiten su eten bat adostu dezaten eta gatazka bide diplomatikoetatik konpon dezaten. Atzo, esaterako, G7koek ohar bat kaleratu zuten, eskatzeko laguntza humanitarioa «azkar, era seguruan eta ezein aldek eragotzi gabe» sar zedila eskualdean. Alemaniak, Kanadak, AEBek, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Erresuma Batuak osatzen dute G7koen taldea; gainera, EB Europako Batasunak ordezkaritza politiko iraunkorra du.

Kongoko Errepublika Demokratikoak urteak daramatza barne gatazka betean, 1994tik hain zuzen. Hutuek tutsien aurkako genozidioa egin zuten orduan Ruandan —Kongoko Errepublika Demokratikoaren mugakide da Ruanda—. Herrialdearen ekialdean, M23k ekintza gehienak aurrera eramaten dituen eremuan, matxinoen ehun talde baino gehiago daude, NBEren datuen arabera. Horietan indartsuena M23 da, eta, 2012an sortu zen arren, taldearen eta herrialdeko armadaren arteko oldarraldiek gora egin zuten 2022an. Goma hartzeko operazioak, baina, egun gutxi batzuk iraun zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.