Kongoko Errepublika Demokratikoko matxinoei erasoaldiak eta Goma hartzeko ekinaldia eteteko eskatu zien atzo NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak. Horiek ez diete jaramonik egin NBEren eskaerei, eta gaur hartu egin dute herrialdeko ipar-ekialdeko hiria hori —bi milioi biztanle inguru ditu—. Hala jakinarazi du goizean Kongo Ibaiko Aliantzak, zeinak M23 Martxoak 23 mugimendua eta beste matxino talde batzuk biltzen baititu. Matxinoen buruzagi Corneille Nangaak Reuters berri agentziari adierazi dionez, Kongoko Errepublika Demokratikoko soldaduak «amore ematen» ari dira. Nangaaren ustez, armada osoak amore ematea lortuko dute; horretarako, baina, «denbora» behar dute. Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak, bestalde, Ruandari egotzi dio matxinoak laguntzen aritzea. Are gehiago, ohar batean gaur adierazi duenez, «Ruandako armada Goman dago».
NBEren organoek eta beste hainbat eragilek Goman gertatzen ari dena baieztatu dute orduak igaro ahala. Uruguaiko armada, esaterako, NBEren bake misioetan ari da egun, eta, sare sozialetan jakinarazi duenez, atzotik ari dira Kongoko soldaduak amore ematen: «Ehunka soldadu gure babeslekuan daude gotortuta, desarmatze, desmobilizazio eta beste indar batzuetan sartzeko prozesuen zain». Izan ere, Goma hartzeko ekinaldia ez da egun batetik bestera gertatu. M23 barne hartzen duen matxino taldeak 48 ordu eman zizkien herenegun Goma inguruan dauden soldaduei amore eman eta armak uzteko.
M23 da matxino talderik garrantzitsuena, eta hark eman du «estatu kolpearen» berri, ohar bidez. Ohar horretan, Gomako herritarrei eskatu die «lasai» egoteko, eta zehaztu ez dela haien aurkako eraso bat. Milaka herritar eta NBEren langile aireportura joan dira Gomatik ihes egiteko, baina, borrokak direla eta, atzera egin behar izan dute. Hori dela eta, milaka lagunek Kongok Ruandarekin duen muga zeharkatu dute, autoz zein oinez.
Gaurkoa ez da Goma matxinoen esku erortzen den lehen aldia. Hainbat hamarkada daramate gerran Kongoko Errepublika Demokratikoan —azken oldarraldia 2022an hasi zen—, eta M23k hiria bereganatu zuen 2012an. Hamar egunez izan zuen Goma bere menpe, eta, gobernuak eta Ruandak adostutako akordio baten ondorioz, hiria utzi zuten matxinoek. Urtebeteren ostean, NBEren eta Kinshasak agindutako indarren operazio militarren ondoren, M23 errenditu egin zen. Taldea, ostera, ez zen guztiz desegin.
Ruandaren rola
Kongoko Errepublika Demokratikoarekin egiten du muga Ruandak —Goma muga horretan dago—, eta gatazkan eragiten aritzea leporatu izan dio hainbatetan Kinshasak; M23ko milizianoei laguntza ekonomikoa eta armak ematen aritzea, adibidez. Ez da soilik Kongoko Gobernuaren uste bat; NBEek ere hala baieztatu izan du hainbatetan. Ruandak, baina, beti ukatu du esku hartu izana.
Azken egunetan Goman izandako borroketan ez dira soilik matxinoak eta armada aritu, mugaren beste aldetik ere erasoan aritu direla salatu baitu Kongoko Errepublika Demokratikoko armadak. Hori dela eta, hainbat hiritan manifestazioak egin dituzte gaur Ruandaren jarrera salatzeko.
Are gehiago, Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuaren arabera, Ruandako hainbat soldaduk muga gurutzatu dute, eta Kongoko armadari eraso egin. Ruandako indarrek, bestalde, kongoarrei leporatu diete bost zibil hiltzea eta 26 zauritzea Ruandako lurretan gaur.
Gauzak horrela, azken orduetan bi herrialdeetako gobernuek bilera bat egitea erabaki dute gatazkak izandako gorakadaren inguruan eztabaidatzeko. Bilera hori asteazkenean izango dela jakinarazi du Kenyako presidente William Rutok.
Hiriburua hartzeko xedez
Helburua, hala ere, ez da Goma hartzea. Harago joango direla iragarri zuen matxinoen buruzagiak iragan astean eman zuen elkarrizketa batean, Reutersen. Hartan, Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernua ordezteko prest daudela esan zuen Nangaak: «Gure helburua ez da Goma, Kinshasa baizik; hura baita arazo guztien arrazoia». Are gehiago, nabarmendu zuen egungo gobernuak —eta azken urteetakoek— herrialdea «suntsitu» duela: «Kongon ez dugu estaturik, edo dagoena oso ahula da. Horregatik berreraiki nahi dugu estatua».