Urtero 100.000 emakume bortxatzen dituzte Kongoko Errepublika Demokratikoan. Hego eta Ipar Kivun, eta Ituri eskualdean are gordinagoak dira zenbakiak. Alboan GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeak emandako datuak dira, eta Maddi Ane Txoperena BERRIAko kazetariak pieza sorta berezi batean jasoko ditu. Igande honetan izango da irakurgai, BERRIAn. Pieza horietan, herrialde horretako emakumeen ahotsa jasoko du kazetariak, aspaldidanik jasaten ari diren bortxa eta egoera gordin horri aurre egiteko abian jarri dituzten proiektuak eta egitasmoak hizpide.
Lanketa horri marko bat jartzearren, ikus-entzunezko berezi bat ere landu du BERRIAk, Bortxaren bortxaz lekualdatuak. Maddi Ane Txoperena Kongoko Errepublika Demokratikoan zenean grabatu zituen irudiekin eta elkarrizketekin osatu du BERRIAk ikus-entzunezko pieza. Testuinguru bat jarri eta hainbat datu esanguratsu jasotzeaz gain, Justine Massika Bihamba Indarkeria Sexualaren Biktimentzako Emakumeen Sinergiako presidentearen, eta Julienne Baseke Nzabandora AFEMeko koordinatzailea eta Mama Radioko zuzendariaren adierazpen interesgarriak ere jasotzen ditu bideoak.
«Hego eta Ipar Kivun, eta Ituri eskualdean are gordinagoa da egoera. 1996an hasitako eta 2003 gaizki bukatutako guduak mineralen legez kanpoko ustiaketak eta horiekin loturiko talde militarren presentziak areagotu egiten ditu segurtasunik eza, emakumeen aurkako indarkeria sexuala eta herritarren barne migrazioa», xehatzen da ikus-entzunezkoan. Beste hainbat datu ere jasotzen ditu: Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren 2018ko datuaren arabera, 4,5 milioi barne migrante daude herrialdean, eta 811.300 errefuxiatu, berriz, inguruko herrialdeetan. Horietatik %60 emakumeak dira.