Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak eta Martxoak 23 matxinoen mugimendua negoziazioak hastekoak dira datorren asteartean, martxoaren 18an, bien arteko gatazka etete aldera. Angolako presidentetzak eman du bileraren berri, bart. Izan ere, Angolako hiriburuan bilduko dira ordezkaritzak, Luandan. Herrialde hori ari da negoziazioetan bitartekari, Afrikako beste zenbait herrialderekin batera.
Angolako presidente Joao Lourenço bi aldeekin bildu da azken egunetan, helburu zehatz batekin: «Kongoko Errepublika Demokratikoan behin betiko bake akordio bat lortzea». Hala jakinarazi zuen herenegun Lourençoren bulegoak, ohar bidez. Eta, atzo, negoziazio horiek noiz hasi zehaztea lortu dutela iragarri zuen bulegoak, ohar bidez hori ere.
M23 Mugimenduak begi onez ikusi du negoziatzeko aukera, eta asteartean Luandan egongo dela iragarri du. Are gehiago, matxino taldearen buruzagi Bertrand Bisimwak atzo sare sozialetan argitaratu zuen mezuan adierazi zuenez, Kongoko Errepublika Demokratikoko presidente Felix Tshisekedi negoziazio mahaian esertzera «behartu» dute. «Hainbat hamarkada iraun duen krisi hau konpontzeko aukera zibilizatu bakarra negoziatzea da», gaineratu du Bisimwak.
Angolak eta M23 Mugimenduak baieztatu egin dute negoziazioak egingo direla, baina mahaian eseri beharko lukeen hirugarren kide Kongoko Errepublika Demokratikoak oraindik ez du baiezkorik eman. Are gehiago, Kongoko Errepublika Demokratikoko presidentearen bozeramaile Tina Salamak sare sozialetan argitaratutako mezuaren arabera, Angolaren jarrera aztertu behar dute oraindik: «Angolako lehendakaritzak iragarritako ekinaldiak gogoan hartzen ditugu, eta zain gaude Angolako bitartekaritzak emandako pauso hori nola gauzatzen den aztertzeko». Halere, Luandak mezua kaleratu aurretik, Lourenço eta Tshisekedi bildu egin ziren, herenegun.
Negoziazioak hasiko direla iragarri ostean, Afrika hegoaldeko herrialdeek jakinarazi dute Kongoko Errepublika Demokratikoan zituzten tropak aterako dituztela. SADC Afrika Hegoaldeko Garapenerako Komunitateko kideek militarrak bidali zituzten M23aren aurka borroka egitera duela bi urte; orain, Kinsasha babesten jarraituko dutela ziurtatu badute ere, tropak aterako dituztela jakinarazi dute SADCeko kideek gaur zabaldu duten ohar batean. Duela bi hilabete matxinoek SADCen misioko 18 soldadu hil zituzten; gehienak hegoafrikarrak.
Lehen bilera
Angolak bart argitaratutako mezuak zeresana eman du, azken erasoaldiak urtarrilean abiatu zirenetik lehen aldia izango litzatekeelako M23 Mugimendua eta Kongoko Errepublika Demokratikoa biltzen direla. Izan ere, hainbat urtez egoera bare egon bazen ere, duela bi hilabete matxinoek ipar-ekialdeko Goma hiria hartzeko ekinaldiak hasi zituzten, eta urtarrilaren 27an hartu zuten Ipar Kivu eskualdeko hiriburua.
Gatazka areagotu egin da ordutik: Kongoko Errepublika Demokratikoko Osasun Publikoko ministro Samuel Roger Kambak atzo jakinarazi zuenez, 8.500 lagun inguru hil dituzte azken borroketan. Goma hartu ostean kontrolatzen duen eremua handituz joan da M23, eta otsailaren 16an Hego Kivuko hiriburu Bukavu hartu zutela jakinarazi zuen.
M23rekin lehen aldiz asteartean bilduko bada ere, Kongoko Errepublika Demokratikoak iritzi dio gatazkaren parte den alde batekin jada bildu dela: Ruandarekin. Kongoren eta NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Ruandako armada aktiboki ari da gatazkan parte hartzen, hainbat soldadu M23ko kideak direla argudiatuta. Horiek horrela, otsailaren 8an bi herrialde horietako presidenteak su eten bat adostearen alde agertu ziren, Afrika ekialdeko eta hegoaldeko herrialdeek antolatutako bileran.
Ruanda Kongoko Errepublika Demokratikoaren mugakidea da ekialdean, Ipar Kivu eta Hego Kivu eskualdeetan. Gainera, M23ko kideak tutsiak dira, Ruandan egun agintzen duen etniakoak. 1994an, hutuek tutsien aurkako genozidioa abiarazi zuten Ruandan, 800.000 eta milioi bat lagun artean hilez. Hutuetako askok, epaiketak eta errepresaliak saihesteko, Kongoko Errepublika Demokratikora egin zuten ihes.