KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA

Kongoko Errepublika Demokratikoak baztertu egin du M23rekin hitz egitea

Gerrillaren esanetan, berriz, gobernuarekin zuzenean hitz egin ezean ez da armagabetuko. Herrialdeko presidenteak talde armatuari egotzi dio «egoera ezegonkorraz» baliatzea; M23k Kinshasari, berriz, «xantaia» egitea.

Kongoko Errepublika Demokratikoko presidente Felix Tshisekedi, otsailean, NBEko Giza Eskubideen Batzordeak Genevan duen egoitzan. SALVATORE DI NOLFI / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko apirilaren 14a
12:26
Entzun

M23 Martxoak 23 Mugimendua gerrillaren armagabetze prozesua are gehiago korapilatu da, nahiz eta martxo hasieran su etena indarrean sartu zen Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean. Izan ere, herrialdeko presidente Felix Tshisekedik berretsi du baztertu egin duela M23ko kideekin negoziatzea. «Ez da negoziazio politikorik egongo Kongoko Errepublika Demokratikoren aurka bitarteko militarrak erabiltzen dituzten talde armatuekin. Argi utzi nahi dut, gainera, ez dagoela zalantza izpirik ere hartutako erabaki horri buruz», esan zuen atzo Tshisekedik, Kinshasan, Suitzako Konfederazioko presidente Alain Bersetekin batera emandako prentsaurreko batean.

Ikusi gehiago: M23k esan du su etena indarrean sartu dela Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean

Estatuburuak M23ri egotzi zion «egoera ezegonkorraz» baliatzea, elkarrizketetan oinarrituta, «gero baieztapen faltsuak haizatzeko eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren kontrako erasoa justifikatuko duten elementuak hedatzeko», Tshisekediren esanetan, M23ren eskariei aipamen eginez; besteak beste, gerrillak herrialdera itzultzeko eskatzen die borrokalari ohiei, eskualdeko beste estatu batzuetan errefuxiatuta daudenei, baita matxinatuak armada nazionalean integratzeko ere.

Tshisekedik agerraldia egin eta gutxira heldu zen M23ren erantzuna. Mugimendu horren esanetan, baldin eta gobernuaren eta taldearen artean ez badago elkarrizketa politiko zuzenik gatazka armatua amaitzeko bitartekoak adosteko, ez da armagabetzerik edota desmobilizaziorik egongo. Hala ziurtatu zuen M23ren adar politikoko buru Bertrand Bisimwak. «M23ren jarduna bidezkoa eta legitimoa da, gure herria elite politiko harrapari baten gurutze bidetik askatu ahal izateko. Elite horrek gatazkaren oinarriak sortu eta mantentzen ditu oraindik», adierazi zuen Bisimwak. Era berean, Sultanu Makenga talde armatuko komandante buruak Twitterren adierazi zuenez, herrialdeko agintariek «xantaia» egin dute «M23ri eta armagabetzeari buruz».

Aste asteetan, M23a Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean okupatutako zenbait eremutatik erretiratu da, eta lurraldeok Afrika Ekialdeko Indar Komunitatearen esku geratu dira. Indar horretan, hain zuzen, Kenyako, Burundiko, Ugandako eta Hego Sudango tropek parte hartzen dute, Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdeko muturrean bakea lortzeko.

Ikusi gehiago: M23 gerrilla, Gomako ateetan

M23ren erretiratze horren aurretik, ordea, gerrillak Goma, Ipar Kivu probintziako hiriburua eta herrialdeko gainerako lurraldeak lotzen dituzten lau errepideetatik hiru zituen bere esku, baita eremu eta herri estrategiko ugari ere. Gainera, urteetako barealdiaren ostean, 2022ko martxoan borroka gogorrak berriz piztu zirenetik 800.000 zibilek baino gehiagoketxetik alde egin behar izan dute, Nazio Batuen Erakundearen arabera.

Krisi diplomatikoa

Gatazkak krisi diplomatikoa ere eragin du zenbait herrialdetan; esaterako, Kinshasak Ruanda auzokideari egotzi dio M23ri babesa ematea. Kigalik, ordea, ukatu egin du hori, nahiz eta, NBEren bi txostenen arabera, gerrillarekin lankidetzan aritu den. Aldi berean, Ruandak eta M23k Kongoko Errepublika Demokratikoko armadari leporatu diote FDLR Ruandaren Askapenerako Indar Demokratikoarekin batera aritzea. Talde armatu hori 2000n sortu zuten 1994ko genozidioko erantzuleek eta Kongoko Errepublika Demokratikoan erbesteratutako beste ruandar batzuek, jatorrizko herrialdean botere politikoa berreskuratzeko asmoz, NBEk jasotakoaren arabera.

M23, berriz, 2012an sortu zen, Kinshasako militarrak matxinatu zirenean, Bosco Ntaganda haien buruzagiak agintea galdu ondotik; Nazioarteko Zigor Auzitegiak Ntaganda auzipetu zuen, gerra krimenak egitea egotzita, baita ustez 2009ko martxoaren 23ko bake akordioa ez betetzeagatik ere. Horrekin lotuta, M23k eskatzen zuen Herriaren Defentsarako Kongresu Nazionalak sinatutako bake itun hori berriz negoziatu zezatela, funtsean, gerrillaren baldintzak hobetzeko.

Herriaren Defentsarako Kongresu Nazionala, batez ere tutsiek osatua —1994ko Ruandako genozidioa jasan zuen etnia da—, 2006an eratu zuten FDLRko hutuei aurre egiteko, beste helburu batzuen artean. 1998az geroztik, Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdea milizia matxinoek eta armadak bultzatutako gatazka batean murgilduta dago, NBEren bake misioa herrialdean egon arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.