Kongok «gerra ekintza bat» egotzi dio Ruandari, abioi bati tiro egiteagatik

Kigalik argudiatu du «defentsa neurriak» hartu zituela, hegazkina bere aire eremuan sartu zelakoan. Ez da izan ez hildakorik, ez zauriturik

Kagame Ruandako presidentea —ezkerrean— eta Tshisekedi Kongoko Errepublika Demokratikokoa, uztailean. A. R. / EFE.
ander perez zala
2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
M23 Martxoaren 23ko Mugimendua talde armatuaren inguruko desadostasunek eta akusazioek nabarmen handitu dute Kongoko Errepublika Demokratikoaren eta Ruandaren arteko tentsioa. Orain, bi herrialdeen arteko mugako gertakari batek are gehiago okertu du harremana: Kigalik herenegun baieztatu zuen herrialde bizilagunaren hegazkin bati tiro egin ziola herenegun, «defentsa neurri» gisara, argudiatuta abioia bere aire eremuan sartu zela. Kinshasak, ordea, ukatu egin zuen hori, eta, herenegun gauean argitaratutako ohar batean, «gerra ekintza bat» egitea leporatu zion erasotzaileari.

Bi bertsioak kontrajarriak dira. Ruandako Gobernuaren arabera, hegazkinak «hiru aldiz urratu» zuen bere aire eremua —hirugarren aldia da halako salaketa bat egiten duela—, eta, Kongoko Errepublika Demokratikoari «eraso» hori «gelditzeko» eskatu zion arren, bere burua behartuta ikusi zuen defendatzera. Kinshasak, aldiz, adierazi zuen ez zela halakorik gertatu, eta «berariazko eraso bat» egin zietela.

Hegazkina, azkenean, Goman lurreratu zen, hildakorik eta zauriturik gabe, baina sute batekin—suhiltzaileek itzali behar izan zuten—. Hiri hori Kongoko Errepublika Demokratikoan dago—Ipar Kivuko hiriburua da—, ekialdeko mugatik gertu; hain justu, Ruandako Gobernuak argudiatu du abioiak bi herrialdeen lurraldea zehazten duen eremu hori pasatu zuela, eta Rubavu gainean egon zela, herrialdearen ipar-mendebaldean.

Bertsioak bertsio, Kinshasak esan zuen, Komunikazio Ministerioak kaleraturiko komunikatuan, Ruandako armadak hegazkinari eraso egin ziola abioia Goman lurreratzen ari zela, eta, hortaz, orain ere bere lurraldea «defendatzeko eskubide legitimoa» duela.

M23ren ustezko erasoa

Hegazkinaren afera ez zen izan akusazio bakarra. Kongoko Errepublika Demokratikoak Ruandako armadari leporatu zion beste eraso bat abiatu izana bere militarren kontra, Ipar Kivun: «Bien bitartean, Ruandatik datozen Ruandako armadaren soldaduen zutabeak ikus daitezke Kibumbako eta Bwitoko postuak indartzeko, beste ekintza kriminal batzuk aurreikusita».

Baliteke hori erabat egia ez izatea, eta soldadu horiek M23ko militanteak izatea, Kinshasak Kigaliri egozten baitio talde armatu horrekin kolaboratzea. Ruandako Gobernuak ukatu egin izan du hori, baina NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Mendebaldeko potentziek Kongoko Errepublika Demokratikoaren salaketa bera egin dute.

M23 joan den martxoan itzuli zen borrokara, eta zenbait eremuren kontrola lortu zuen, batez ere Ipar Kivun; horren ondorioz, gutxienez 450.000 lagun desplazatu behar izan dira, NBEren datuen arabera. Gerora, iragan azaroan, su eten bat adostu ondoren, talde armatuak onartu egin zuen hilaren 15erako konkistaturiko lurraldeetatik joatea.

Felix Tshisekedi Kongoko Errepublika Demokratikoko presidenteak, ordea, joan den asteazkenean adierazi zuen M23k ez duela adosturikoa bete, eta eremu horietan jarraitzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.