Kongo ekialdean «alde guztien» su eten bat espero dute etzirako

Frantziako presidenteak gerrako aktoreei eskatu die erantzukizunak «bere gain hartzeko», eta esan du zigorrak aginduko dituela bake prozesua errespetatuko ez dutenen kontra

Tshisekedi Kongoko Errepublika Demokratikoko presidentea, urtarrilean. EFE.
ander perez zala
2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Angolako presidente Joao Lourençoren bitartekaritzari esker, etziko «alde guztien» su eten bat aurreikusita dago Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdeko gerran. Herrialde horretako armada eta M-23 Martxoaren 23ko Mugimendua borrokan ari dira iazko martxoaren 27tik, gerrillak 2012an hitzartutako su etena eten zuenetik, eta, orain arte menia lortzeko egindako saiakerek huts egin duten arren, badirudi datorren asteartekoak arrakastarako aukera handiak dituela. Hori espero dute, behintzat, Felix Tshisekedi Kongoko Errepublika Demokratikoko presidenteak eta Emmanuel Macron Frantziakoak, atzo egindako agerraldi bateratu batean adierazi zutenez.

Baliteke joan den azaroan adosturiko su etena une erabakigarri batean gertatzea, M-23 gerrilla Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean dagoen Ipar Kivuko hiriburuaren —Goma— ateetan baitago; berez, meniarako proposamenak Kinshasaren baiezkoa du, baita Ruandarena ere, baina ikusteko dago egiazki indarrean sartuko den, hitzarturiko beste puntu batzuk —kontrolpeko herrietatik joatea, adibidez— ez baitituzte errespetatu. Afrikako herrialdeak aritu dira bake prozesua egituratzen eta negoziatzen, eta, horri begira, atzo Tshisekedik Macroni eskatu zion parte hartzea handitzeko zeregin horretan; Frantziako presidenteak, baina, ezezkoa eman zion. «Irtenbidea ezin da Frantziatik etorri», esan zuen Macronek.

Hori bai, Frantziako estatuburuak, Ruandari erreferentzia eginez, gehitu zuen gerrako alde guztiek «beren gain hartu behar» dituztela «erantzukizunak». Kongoko Errepublika Demokratikoak Kigaliri egotzi dio M-23 babestea, eta hark Kinshasari leporatu dio Ruandako genozidioan parte hartu zuten gerrillariek osatutako Ruanda Askatzeko Indar Demokratikoak talde armatu hutuari babesa ematea. Biek ala biek ukatu dituzte kolaborazio horiek, baina NBE Nazio Batuen Erakundeak kontrakoa adierazi du, eta frogatutzat jo ditu harremanak.

Edonola ere, Macronek mehatxu bat egin zuen, ohartarazi baitzuen zigor ekonomikoak aginduko dituela bake prozesua errespetatuko ez luketenen kontra.

34 milioi euroko laguntza

Horrez gain, Frantziako presidenteak jakinarazi zuen 34 milioi euroko diru laguntza bidaliko duela gerraren ondorioak pairatzen ari diren herritarrak laguntzeko.

NBEren arabera, gatazkak gutxienez 600.000 desplazatu eragin ditu, eta 2.300 lagun hil dituzte iazko martxotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.