Konfinamendua ekainera arte luza liteke, Kataluniako Generalitatearen arabera

Koronabirusak orain duen bilakaerari eusten badio eta itxialdiaren neurriak eraginkorrak baldin badira, apirilaren 24a gerta liteke kutsatutakoen gailurra.

Igualako ospitalearen ataria, atzo. Hesitutako daude Igualada herria eta inguruak. SUSANA SAEZ / EFE
mikel p ansa
2020ko martxoaren 25a
11:15
Entzun

Kataluniako Generalitateko Osasun Departamentuak landutako agiri bat eskuratu du Vilaweb atariak, eta, lan horren arabera, apirilaren bukaera aldera irits liteke koronabirusak kutsatutako pertsonen kurba gailurrera. Datak zehazten ditu; oraingo bilakaera eta azkeneko datuak aintzat hartuta, apirilaren 24 eta 28 artean gerta liteke hori. Datuak publiko egin eta gero, haiengatik galdetu diote Quim Torra presidenteari, eta hark baieztatu egin ditu.

Gaixotuen kurbak apiril bukaera arte hazten jarraitzeak esan nahiko luke konfinamendua beste hilabete bat inguru luzatu beharko litzatekeela, Osasun Departamentuaren arabera, eta horrek ekarriko luke itxialdiak maiatz bukaera arte behintzat irautea. Izan ere, konfinamendua kolpetik kenduko balitz, berriro jende olde bat kutsatuko litzateke kolpean.

Vilaweb atariak eskuratu duen agiria ez da publikoa, barne mailako eta lanerako dokumentu bat baizik. Tentuz hartu behar dira ondorioak, beraz. Atzoko data du dokumentuak. Horren arabera, konfinamenduaren aurreneko hamabost egunak egin ostean hasiko dira nabaritzen hartutako neurrien ondorioak; alegia, asteburu honetatik aurrera, edo datorren aste hasieran.

Ezarritako itxialdiaren onurak egun horietan sentitzen hasten badira, litekeena da kutsatuen gailurra apirilaren 24an izatea, betiere Generalitatearen agiriaren arabera. Neurri horiek ez badira behar bezain eraginkorrak suertatzen, apirilaren 28ra atzeratuko litzateke.

Gogoan izan behar da lanerako dokumentu bat dela Vilawebek argitaratu duena, eta egungo datuetan oinarritzen dela. Oraindik goiz da kalkulu zehatzak egiteko. Hurrengo egunetan gaitzak izango duen bilakaera erabakigarria izango da hurrengo asteetan egoera zein izan litekeen irudikatzeko.

Kataluniako Generalitateak aspaldi eskatu zuen herrialdea erabat gelditzeko eta hesitzeko, baina Espainiako Gobernuak ez dio eskari horri erantzun. Atzoko datuen arabera, Katalunian 516 pertsona hil dira COVID-19arengatik, eta ia 10.000 pertsona daude kutsatuta. Zainketa intentsiboetako unitateetako oheen %76 beteta dauzkate han; ospitale batzuk gainezka eginda edo gainezka egiteko zorian dauzkate.

Frantziako adituen aholkua: sei aste gehiago

Kataluniako Generalitatearen kalkuluak egokiak diren edo ez baloratzeko, badira beste helduleku batzuk. Frantziako Kontseilu Zientifikoak, atzo, «ezinbestekotzat» jo zuen konfinamendua sei aste gehiagoz luzatzea, gutxienez. Itxialdiaren baldintzak gogortu beharko liratekeela ere zehaztu zuen, neurri zehatzik proposatu gabe. Frantziako Gobernuak kasu egingo balio, maiatzaren 4ko asteraino luzatuko litzateke konfinamendua.

Oraingoz, Frantziak ezarritako itxialdia martxoaren 31n bukatuko da. Hurrengo ordu edo egunetan jakingo da itxialdia luzatuko duten. Espainiako Gobernuak, berriz, apirilaren 12ra luzatuko du konfinamendua gaur. Portugalgo Gobernuak ere eginak ditu bere kalkuluak —koronabirusaren hedapenak astebeteko atzerapena darama han, gutxi gorabehera, Euskal Herriarekin alderatuta—: joan den larunbatean adierazi zuen apirilaren 14an irits litekeela kutsatuen kurba han. Frantziako eta Kataluniako kalkuluena baino baikorragoa litzateke kalkulu hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.