Agudo itzali zaio argia Alemaniako semaforo deitutako aliantzari. 2021ean, ziurgabetasun handiz abiatu zuen legealdia SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren, Aliantza 90-Berdeen eta FDP Alderdi Demokratiko Librearen aliantzak —alderdien koloreengatik semaforo deiturikoak—, baina gaur Olaf Scholz kantzilerrak erabaki du gobernutik kanporatzea Christian Lindner Finantza ministroa, FDPren burua.
Hiru alderdietako buruzagiak gaur, asteazkena, batzartu dira, nagusiki aurrekontuen inguruan izan dituzten desadostasunez hitz egiteko. Bundestagerako hauteskundeak 2025ean egitekoak dira, baina gobernu koalizioak krisian daramatza zenbait hilabete, politika ekonomikoan ados jarri ezinik. Hori ikusirik, Alemaniako hedabide ugarik zabaldu dutenez, Lindnerrek proposatu du bozak aurreratzea, eta Scholzek, berriz, aukera hori baztertu, eta erabaki du Lindner kargutik kentzea. Iluntzean eginiko agerraldi batean, Scholzek azalpenak eman ditu Lindner kanporatzeko erabakiaren harira: «Lindnerrek ez du borondaterik erakutsi gure proposamenetako bat bera ere ezartzeko».
Kantzilerrak jakinarazi du konfiantza mozio bat aurkeztuko duela, eta urtarrilaren 15ean bozkatuko dutela. Baliteke horren eraginez hauteskundeak aurreratzea; 2025 amaieran egitekoak dira, baina izan liteke martxora aurreratzea.
2021eko irailaren 27an egin zituzten Bundestagerako hauteskundeak, eta sozialdemokratek bildu zuten ordezkaritzarik handiena (206 diputatu); hortaz, Berdeen aulkiekin (118) eta FDPrenekin (92) gehiengo osoa izango dute parlamentuko behe ganberan. CDU Batasun Kristau-Demokratak eta CSU Batasun Kristau Sozialak osatzen duten blokeak, berriz, inoizko diputatu gutxien lortu zuen (197).