Komunikazio militarra berrezartzea adostu dute Bidenek eta Xik, «kalkulu akatsak» saihesteko

AEBetako eta Txinako presidenteek ez dute jarrera bateraturik adostu Taiwango aferaren inguruan; uharteari armak ez emateko eskatu dio Xik Bideni.

Xi Jinping Txinako presidentea eta Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetakoa, atzo, San Frantziskon. RAO AIMIN / EFE
Xi Jinping Txinako presidentea eta Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetakoa, atzo, San Frantziskon. RAO AIMIN / EFE
maddi iztueta olano
2023ko azaroaren 16a
10:05
Entzun

«Lur planeta nahikoa handia da biok aurrera egin dezagun. Bataren arrakasta aukera bat da bestearentzat». Hitz horiek esan ondoren, Txinako presidente Xi Jinping lau orduko bilera batean egon zen atzo iluntzean AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenekin, San Frantziskon (AEB). Elkarren arteko «inoizko bilerarik eraikitzaileena» izan zen horretan, bi erabaki bateratu iragarri zituzten munduko bi potentzia ekonomiko nagusietako liderrek, Bidenen arabera. «Kalkulu akatsak saihesteko» komunikazio militarra berrezartzea, eta drogaren —bereziki, fentaniloaren— aurkako borrokan kooperazioa berrabiatzea.

Txinaren eta AEBen kooperazio militarra urtebete pasatxo egon da etenda, Nancy Pelosi orduko AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak (2007-2011 eta 2019-2023) iazko abuztuan Taiwanera bisita ofizial bat egin zuenetik. Komunikazio militarrik ezaren ondorioz, azken urtean nabarmen areagotu da bi herrialdeen arteko berezko tentsioa.

Esaterako, iragan otsailean, AEBetako aire espaziora espioi globo bat bidali izana leporatu zion Washingtonek Pekini. Txinak berehala ukatu zuen arren, hainbat astez luzatu ziren elkarren aurkako akusazioak. Horrelakorik errepikatzea ekidin nahi dute, orain, bi potentziek. «Armada batetik besterako komunikazio argiak, zuzenak eta irekiak berrabiatuko ditugu», esan zuen Bidenek.

Horrez gain, klima larrialdiaren, adimen artifizialaren, arma nuklearren kontrolaren, fentaniloaren aurkako borrokaren eta gatazka geopolitikoen aferetan ere jarrera bateratu bat hartzea garrantzitsua dela azpimarratu nahi izan zuten. «Elkarri bizkarra ematea ez da aukera bat. Gure harreman bilaterala munduko garrantzitsuena da», esan zuen Xik; eta harekin bat egin zuen Bidenek: «Funtsezkoa da biok elkar ulertzea, gaizki-ulerturik eta komunikazio arazorik egon ez dadin. Lehiakortasunak ezin du gatazkaren sorburu izan».

Euren herrialdeetako presidente direnetik aurrez aurre elkartu diren bigarren aldia izan da oraingoa —iazko azaroan izan zen lehena—, eta azken sei urteotan Xik AEBetara bidaiatu duen lehena.

Bi herrialdeen arteko bilera guztietan ohi bezala, Taiwango afera egon da solasaldiaren erdigunean. Eta aurrekoetan bezalaxe, bakoitzak bereari eutsi dio oraingoan ere. Txinak hamarkadotan argudiatu du Taiwan bere lurraldearen parte dela, eta horixe berretsi zion atzo Xik Bideni: «Ezin izango da saihestu Txina eta Taiwan elkartzea».

Bidenek, ordea, esan izan dio AEBek uko egiten diotela Txinak uhartearen gaineko kontrola «indarraren bitartez» hartzeari. Horren harira, atzo kezka adierazi zuen Etxe Zuriko maizterrak, Pekinek Taiwanen kostaldean nabarmen areagotu dituen maniobra militarren inguruan. Urtarrilean presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte uhartean, eta horien emaitza «errespetatzeko» eskatu zion Xiri.

AEBek «Txina bakarreko politikari» eutsiko dietela berretsi zuen Bidenek, hau da, Pekinek Taiwanen gainean duen subiranotasuna aitortzen dutela, eta Taiwango afera «konpondu gabeko auzi bat» dela oraindik. Halere, azkenaldian nabarmen estutzen ari dira uhartearekin duten harremana. Iragan abuztuan Taiwani arma gehiago saltzea erabaki zuen AEBetako Gobernuak, 460 milioi euroan. Horren harira, Xik eskatu zion Bideni laguntza horiek bertan behera uzteko, eta Taiwani armarik ez emateko.

Ekialde Hurbilera begira

Agenda geopolitikoan lehen lerroan dagoen gatazkaren inguruan hitz egiteko ere aprobetxatu zuten bilkura bi liderrek. Txinak Iranekin duen harremanaren harira, Bidenek eskatu zion Xiri saia dadila Iran konbentzitzen Israelen eta Palestinaren arteko gatazkan zuzenean esku ez hartzeko, Jake Sullivan AEBetako Segurtasun Nazionaleko aholkulariak jakinarazi zuenez.

Baina afera horren inguruan ere bi ikuspegi dituzte Txinak eta AEBek. Asiako potentziak gaitzetsi egin ditu Israelen eta Hamasen erasoak, eta su etenerako deia egin du; AEBek, berriz, Israelen «defendatzeko eskubidea» behin eta berriro aldarrikatu du, eta betoa jarri die Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan aurkeztutako su etenerako proposamen orori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.