«Kolpearen lehen biktima da Sebastian»

Boliviako estatu kolpearen berri ematen ari zela, Sebastian Moro kazetaria hilik agertu zen, La Paz hiriburuan. Familiak Normando Alvarez Garcia Argentinaren enbaxadore izandakoaren aurka jo du, Morori laguntza ukatzea egotzita.

Estatu kolpearen egunetan hildakoen senideak, justizia eske, La Pazen. MARTIN ALIPAZ / EFE.
Buenos Aires
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Peneloperekin hitz egin du BERRIAk, oraindik argitu ez den testuinguru batean hil zen Sebastian Moro kazetariaren arrebarekin. Estatu kolpe bat martxan da Bolivian artikulua idatzi eta gero, kazetaria kolpeekin eta ia konorterik gabe aurkitu zuten La Paz hiriko bere apartamentuan, 2019ko azaroaren 9an. Boliviako justiziak zabaldutako ikerketa batek argitara atera zuen Jorge Gonzalo Terceros militarrak Normando Alvarez Garcia Argentinaren enbaxadore ohi eta Jujuy eskualdeko egungo Lan ministroari bidalitako ohar bat. 2019ko azaroaren 9ko data du idatziak, eta, hartan, Hercules C130 motako hegazkin batean bidalitako askotariko jaurtigaiak zerrendatzen dira. «Oso gogorra izan zen klinikan enbaxadorearekin elkarbizitzen egon ginelako ia. Inoiz ez genuen pentsatu armak jasotzen ari zirela, eta Argentina horren modu zuzenean parte hartzen ari zela [estatu kolpean]», azaldu du Penelope Morok.

Familia La Pazera iritsi arte, diplomazialaria egon zen kazetaria zaintzen, eta hark jasotzen zituen medikuen txostenak ere. Kazetaria hil aurreko egunetan hura bakarrik utzi izana egozten diote Alvarez Garciari. «Oinaze garaiak bizi izan genituen enbaxadorearekin; berak eramaten zituen Sebastianentzako botiken errezetak, baina ez zen itzuli gehiago». Hilkutxa kazetariaren jaioterrira eramateko osasun hegazkin bat ukatu izanaz ere akusatzen dute. «Sebastian 19an erre genuen, eta haren errautsekin joan ginen. Esan ziguten ez zegoela hegazkinik hura eramateko. Esan ziguten ezin zela; hegazkin bat ezin zela lurreratu Bolivian, hango egoera zela eta. Baina gaur badakigu bazegoela aukera armaz betetako Hercules motako hegazkin bat bidaltzeko».

Familiak Spocachiko Renge erietxeari ere egozten dio ez jakinarazi izana kazetaria hainbat traumatismorekin eraman zutela, gerora heriotza agirian hala jaso bazuten ere. Diagnosi horrekin, autopsia bat egin behar zioten hil ostean, legeak jasotzen duen moduan. Kazetariaren familiak haren gorpua erraustea erabaki zuen Alvarez Garciak zuzendutako enbaxadaren aholkuei kasu eginez, eta, beraz, ezin izan diote nekropsiarik egin jakiteko hartu zituen kolpeen ondorioz hil ote zen.

Familiak azaroaren 9ko arratsaldean hitz egin zuen Mororekin azkeneko aldiz. Egun horretan jakinarazi zien tentsio egoerak izan zituela aurreko orduetan. Mendozakoa (Argentina) bazen ere, La Pazen bizi zen Moro, Boliviako hiriburuan, duela bi urtetik. «Prensa Rural egunkariko edizio arduraduna zen, eta Radio Comunidad irratiko esataria; bi komunikabideak CSUTCB Boliviako Nekazarien Sindikatu Bakarraren Konfederazioarenak dira. Horrez gain, Argentinako Pagina12 egunkariko berriemaile lanak ere egiten zituen. Han idatzi zuen azken artikulua, diktadura ezarri baino ordu batzuk lehenago». Testu hori bidali eta ordu batzuk geroago, kazetaria jipoituta agertu zen, ia konorterik gabe, bere apartamentuan. Istripu zerebrobaskular iskemiko batekin eraman zuten erietxe pribatu batera, eta han hil zen, astebete geroago. «Sebastian izan zen kolpearen lehen biktima eta lanean hil zen», azaldu du haren arrebak.

2019ko abenduan Amerikako Estatuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarra Bolivian izan zen salatutako indarkeria kasuak ikertzeko biktimekin hitz egitera. Txosten horretan jasotzen dutenez, kazetariaren heriotza «zalantzazkoa» izan zen. 2020ko martxoan, batzordeak aholkatu zion Jeanine Añez presidentearen gobernuari Mororen heriotza iker zezala. Testuinguru horretan, gobernuak prozesu judizial bat zabaldu zuen «ohiko hilketa bat» deitu zutena ikertzeko. «Euren asmoa zen auzi hori ixtea. Orain, sei hilabetez luzatzeko eskatzen ari gara, eta lanean ari gara lekukotzak biltzeko, oinarrizko lekukoak zirenak ere ez zituztelako deitu deklaratzera; esaterako, erietxera eraman zutenean artatu zuen medikua», adierazi du kazetariaren arrebak.

Aurtengo abuztuan, Luis Arce presidenteak preskribaezintzat, hau da, justizia egin arte zabalik dirauten gizateriaren aurkako delituen parekotzat jo zuen Sebastian Mororen heriotza, Bolivian giza eskubideen urraketak ikertzeko sortutako GIEI Aditu Independenteen Diziplinarteko Taldearen txostena irakurri eta gero. «GIEI txostena oso aberatsa izan zen hainbat arlotan, batez ere aitortzen zuelako estatu kolpe bat izan zela, eta Sebastian hildakoen artean sartu zutelako». Arcek Senkata eta Sacabako sarraskiak ere aipatu zituen bere hitzaldian, baita bestelako errepresioak ere, zeintzuetan 38 pertsona hil zituzten eta ehundik gora zauritu; gainera, haietako askok indarkeria eta jazarpena jasan zituzten bigarrenez laguntza eske joan ziren osasun instituzioetan.

Jurisdikzio unibertsalaren printzipioan oinarrituta, familiak salaketa bat aurkeztu zuen Mendoza probintziako auzitegi federalean ere, hangoa baitzen Moro. Printzipio horrek zehazten du derrigorrezkoa dela nazioarteko krimenak ikertu eta auzipetzea, non egin diren kontuan hartu gabe. Hala ere, prozesu hau geldituta dago, auzia Bolivian zabalik dagoen bitartean ezin dutelako zabaldu beste ikerketa bat. «Lege Ikerketa eta Azterketa Formalen Zentroko Giza Eskubideen Erakundearekin batera kudeatzen ari gara, baita Argentinako Gobernu nazionaleraino iristeko aukera ere; izan ere, konpromiso asko hartu dituzte hitzez, baina orain arte ez dute egin urratsik. Sebastianen heriotza Argentinako Estatuak eragindako heriotza bat dela onartu arren, orain arte ez gaituzte lagundu auzi jakinetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.