Le Mans eta Port-Las Nouvelleko meskitek tiroketak jasan dituzte asteazken arratsean eta ostegunean. Eta Villefranche-sur-Saoneko kebab batean ere leherketa bat gertatu da. Hiru eraso, Charlie Hebdo astekariaren aurkako atentatuaren ondotik, komunitate musulmunaren aurka.
Atzo, Parisen, goizeko zazpietan, eguzkirik ez da oraindik jeiki Barbes auzoan. Poliki-poliki hiriburua iratzartzen da, zorabiaturik. Aunitz, kazeta saltzailearen aitzinean gelditzen dira. Prentsa guziak beltzez beztitu dira. Saltzaileak nahasten ditu, kontuak gaizki egiten. «Barkatu, baina buruan min dut gaur», esplikatzen du Muhamedek kabina barnetik. Musulmana da, eta herenegungo atentatua ezin du onartu.
Asteazkenetik denbora gelditu bezala egin da Parisen. Errepublika plazako elkarretaratzean, 35.000 paristar bildu ziren arratsean. Haien artean, musulman anitz, oso hunkiturik. Emazte batek bere bi mutikoak tinkatzen zituen, nigarrez : «Egin dutena ez da muslim; zergatik egin dute hori?». Neska gazte batek kontsolatzen du: «Basakeria hori ez da islamari lotua. Ezin dituzte bizpahiru ero horiek frantses musulman guziak ordezkatu. Gu adierazpen eskubidearen alde gara!».
Islamofobia azkartu egin da azken urteotan Frantzian. 2014. urteko azken hilabeteak gogorrak izan dira musulmanentzat. Azken asteetan, polemika handi batek jorratu zuen Frantzia. Michel Houllebecq idazle ospetsuak. Soumission eleberriak, 2022. urtean presidente islamista bat ematen du Eliseoaren buru. Ez da berez liburua antimusulmana edo arrazista. Baina aste batzuk lehenago sortutako polemika berpiztu du. Orain, idazleak bertan behera utzi du liburuaren promozioa.
«Bi suren erdian gaude»
Eric Zemmour polemistak, Suicide français liburuaren 400.000 ale saldu zituen. Musulmanen aurkako probokazioz eta gezurrez betetako entsegu bat. FN eskuin muturreko alderditik hurbil den kronikalariak, italiar egunkari batean erran zuen bost milioi musulman Frantziatik berriro haien etxera igorri behar zirela. Deportatu behar zirela. Frantses prentsa guzian aipatu zen Zemmourren liburua, eta bere ideologia. Gehienek haren esanak kondenatzeko, baina aipatze hutsak bere mezua zabaldu zuen.
«Bi suren erdian gaude», aztertzen du Ghaleb Bencheikh zientzia ikerlariak. «Alde batetik, gure barnean, fanatikoen aurka borrokatu behar dugu: gure mezua eta gure erlijioa zikintzen dute. Eta kanpoan, polemista eta intelektual batzuen aurrean babestu behar dugu. Erraten baitute musulmanek ez dutela lekurik, hemen, Mendebaldeko herrietan. Asteazkenekoa gerla eraso bat zen, batasun nazionalera dei egin behar da, loturak indartu behar dira».
Charlie Hebdo-ren aurkako atentatua «musulman guziei emandako ukabilkada bat izan da», Dalil Boubakeur musulman kultuaren batzordearen presidenteak nabarmendu duenez. Tariq Ramadan teologoak ildo beretik erreakzionatu zuen Facebook sarean: «Ez dute Profeta mendekatu, gure erlijioa, balioak eta prinzipioak dituzte traditu eta zikindu».
Irratiak pizturik
Sare sozialetan berpizten ari da James Foley kazetari estatubatuarraren hilketan —lepoa moztu zion Estatu Islamikoko ekintzaile batek, bahituta zeukatela— sortu zuten #NotInMyName (Ez nire izenean) hashtag-a. Bainaez dute bakarrik musulmanek baliatzen. Gisa guztietako frantsesek baliatu dute, haien herrikide musulmanei elkartasuna adierazteko. Michel Mompontet kazetariaren txioa, sostengu horren erakusle: «Bitxi da, hiru hiltzaileen gisan, gizon bat naiz, eta ez dit inork galdegiten haiengandik banatzea?».
Oro har, #NotInMyNamehashtag-a Herve Gourdel frantses mendilariaren Algeriako erahilketan baino anitz gutxiago baliatua da. Eskuin muturreko estremista batzu ez ezik, ahul dira, musulmanak zuzenki kondenatzen dituztenak. Front National alderdiko Marine Le Penek bere sostengua eman dio musulmanen komunitateari, fanatikoenak kondenatu aitzin.
Barbes auzoan, Twitterren baino jende gutxiago mintzo zen atzo. Jota. Eguzkirik ez da atera azkenean, zerua gris egon da. Usaian, Chateau Rouge, metro irteeraren ondoan, karrikak mukurru beteak dira. Atzo, langileak ezik, auzoa hutsa zen. Hallal harakinek musikarik ez dute eman. Irratiak ziren piztuak, informazioa uhinetan. «Egun, ez dugu airoski lanean hartzeko gogorik», azpimarratzen du harakin batek. «Usaian baino bezero guttiago bada, jendeak arrangura dira, baina segitu behar da». Denek belarriak tente, zer pasatuko den zain.
Atentatua Parisen. Musulmanak, islamofobiaren beldur
«Kolpea, musulman guztiei»
'Charlie Hebdo'-ren aurkako atentatuaren ondotik, bi meskitari eta kebab bati eraso diete. Musulmanak beldur dira islamofobia azkartuko ote den Frantzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu