Krisi politikoa sortu da Ipar Irlandan. UUP Ulsterko Alderdi Unionistak batasuneko gobernua uztea erabaki du, IRA Irlandako Armada Errepublikanoa oraindik existitzen dela eta jardunean dagoela uste baitu. Horregatik, apurtutzat jo du Sinn Fein alderdi errepublikanoarekiko «konfiantza». «Konfiantza hori berrezarri arte, eta konfiantza hori egiaztatzeko mekanismoren bat ezarri arte, ezin gara Sinn Feinekin fidatu», adierazi du Mike Nesbitt UUPko buruak. Ipar Irlandakohirugarren alderdia da UUP, eta ministro bakarra du gobernuan—hamahiru dira guztira—. Ipar Irlandako Gobernua unionisten eta errepublikanoen arteko botere partekatuan oinarritzen da, ordea, eta gobernua erabat hautsiz gero, autonomia galdu eta Londresera itzuliko lituzkete eskumenak. Gibelera pauso bat eta traba bat, 1998an hasitako bake prozesuan.
Krisi politikoak hilaren 12an gertatutako hilketa batean du jatorria. Belfast ekialdeko Short Strand auzo nazionalistan Kevin McGuigan IRAko kide ohia hil zuten tiroz. Poliziak maiatzean gertatutako bertze hilketa batekin lotu zuen. Orduan, Gerard Jock Davison IRAk Belfasten zuen buruzagitzako kide izandakoa hil zuten tiroz Markets auzoan. Errepublikanoen arteko «kontu garbiketa» baten hipotesia jarraitu zuen Poliziak, eta McGuigan galdekatu zuen Davisonen hilketagatik —kargurik gabe aske utzi zuten—. Poliziaren hipotesi nagusia da Davisonen kideek haren hilketa mendekatzeko hil zutela McGuigan.
Sinn Feinek ukatu egin du
IRAko beteranoen arteko ustezko gatazka horren ondorioz, unionistek ondorioztatu dute IRA oraindik jardunean dagoela, eta kontuak eskatu dizkiote Sinn Feini. IRAz mintzo direnean, PIRA Behin-behineko IRAz mintzo dira; hau da, Ipar Irlandako gatazka armatu modernoan (1969-1998), mugimendu errepublikanoan izan zen talde armatu nagusiaz —nagusitasun horregatik hari deitu ohi zitzaion IRA, zehaztasunik egin gabe—. McGuiganen hilketaren hurrengo egunetan, Sinn Feineko agintariek, Gerry Adams alderdiko buruzagiak barne, behin eta berriz ukatu dute IRA oraindik jardunean dagoenik.
McGuiganen hilketa AAD Drogen Aurkako Ekintza taldearen izenean aldarrikatu zuten. George Hamilton PSNI Ipar Irlandako Poliziaren buruak adierazi zuen IRAko kideek parte hartu zutela McGuiganen hilketan, eta PSNIk uste duela IRA oraindik ere existitzen dela. Baina zehaztapen garrantzitsua egin zuen: PSNIk ez dauka «frogarik» errateko hilketa IRAren buruzagitzak agindu zuela, eta, era berean, Poliziak uste du IRAk ez duela asmorik «terrorismoarekin» jarraitzeko. Aste honetan bertan, Frances Fitzgerald Irlandako Errepublikako Justizia ministroak jakinarazi du Gardak ikerketa bat hasiko duela IRAk errepublikan presentziarik duen jakiteko.
Egoera horretan, Nesbitt UUPeko buruak asteazkenean alderdiko buruzagitzari gomendatu zion gobernua utzi eta oposiziora pasatzea, eta atzo buruzagitzako 90 kideek aho batez onartu zuten. 1921etik (Irlanda banatu zenetik) bake prozesura arte alderdi unionista nagusia izan zen UUP, baina azken hamarkadan DUP Alderdi Demokratiko Unionistak aurre hartu dio —DUPekoa da Peter Robinson lehen ministroa—. Horregatik, Martin McGuinness Sinn Feineko buruzagiordeak eta Ipar Irlandako lehen ministrordeak UUPri leporatu dio «krisi bat nahita» sortu nahi izatea, unionisten lehian DUPekiko indartsuago agertzeko.
Erabaki «azkarregia»
Hain zuzen, UUPren erabakiak DUPen teilatuan paratu du pilota. Herenegun, DUPek anitz gogortu zuen Sinn Feinekiko jarrera. Nigel Dodds alderdiko buruzagiordeak adierazi zuen gobernuak ezin zuela «normal» funtzionatu «IRAren existentziari buruzko gatazka politikoa konpondu artean»; are gehiago, erran zuen Sinn Feinek alde egin beharko lukeela gobernutik, «ez unionistek». Gobernuko bi bazkide txikienak, SDLP laborista eta Aliantza liberala, Sinn Fein botatzearen aurka agertu dira, eta UUPren erabakia «azkarregia» izan dela erran dute.
Kolpea batasuneko gobernuari
UUP alderdi unionistak Ipar Irlandako gobernua utzi du, IRA jardunean dagoela iritzita Sinn Feinekiko «konfiantza» galeragatik.DUP alderdi unionista nagusia jarrera argi bat hartzera behartu du UUPk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu