Arrazakeria AEBetan. Afro-amerikarrak

KOLOREEK BALDINTZATUTA

Asteartean urtebete izango da polizia zuri batek George Floyd hil zuela. Hilketa hark azalera atera zuen afro-amerikarrek urteetan jasandako arrazakeria. Bazterketa hori, baina, ez da Poliziaren indarkeriara mugatzen, gizarteko alor guztiei eragiten die; baina, maiz, hain da sotila, ia ezinezkoa baita frogatzea.

BERRIA.
arantxa elizegi egilegor
2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Iazko maiatzaren 25ean, Minneapolisko Poliziak George Floyd atxiki zuen, erosketak billete faltsu batekin ordaintzeagatik. Lau polizien artean lurrera bota zuten, eta eskuburdinak jarri zizkioten, eta haietako batek, Derek Chauvinek, belaunarekin lepoa zapaldu zion, geldirik eusteko. Horrela eduki zuen,9 minutu eta 29 segundoz, nahiz eta berak behin eta berriz errepikatu ezin zuela arnasarik hartu; zazpi minutu igaro zirenerako, Floyd konorterik gabe zegoen, baina polizia zuriak jarraitu egin zuen hari eusten, harik eta larrialdi zerbitzuak heldu ziren arte. Ezin izan zuten ezer egin.

Ez zen AEBetan Poliziak hiltzen zuen lehen afro-amerikarra, ez aurreko urteetan, ez urte hartan ere; eta ez zen azkena izan. Baina 46 urteko gizonezko haren irudiak eta oihuak sare sozialetan zabaldu ziren, eta haserreak Amerikako mugak gainditu zituen. Mundu osoan izan ziren protestak: Erresuma Batuan, Brasilen, Belgikan... baita Euskal Herrian ere. «Gertaera lazgarria izan zen hura, baina izozmendiaren muturra besterik ez da. Poliziaren indarkeria arrazakeriaren alderdietako bat da, baina ez bakarra», dio Eduardo Bonilla-Silvak. Ipar Carolinako Duke Unibertsitateko soziologia irakaslea da Bonilla-Silva, eta Racism without Racists (Arrazistarik gabeko arrazakeria) liburuaren egilea. Datuek berresten dute haren baieztapena: 2020an, langabezian zeudenen %16,8 afro-amerikarrak ziren, eta %12,4 zuriak; 2018an, osasun asegururik gabe zeuden afro-amerikarren %9,7 eta zurien %5,4; eta, urte bereko datuen arabera, hiru haur afro-amerikarretatik bat pobrezian zegoen.

Urte hasieran, presidente aldaketarako egun batzuk falta zirenean, jende olde batek Kapitolioa hartu zuen. Proud Boys mugimendua egon zen, besteak beste, ekintza haren atzean. Eskuin muturreko taldearen argudioa da«mendebaldeko kultura arriskuan» dela, eta badela «zurien aurkako konspirazio bat» zeinaren helburua den «arraza desagerraraztea». Arrazan oinarritutako bazterketa hori, ordea, ez dago soilik eskuin muturrari lotuta. «Mailarik apalenetako zuriek egiten dute bat, normalean, Proud Boys eta Tea Party gisako mugimenduekin. Baina halako taldeak ez dira horrenbeste AEBetan. Beraz, ezin da ulertu arrazakeria horren zabaldua egotea, baldin eta aitortzen ez badugu zuri guztiek laguntzen dutela modu kontzientean edo oharkabean bazterketa horri eusten», azaldu du Bonilla-Silvak. Adibide bat ere jarri du: «Unibertsitateko irakasle gisara, maiz etorri behar izaten dut ilundu ondoren bulegora lanak bukatzera, eta, maiz, Poliziak geldiarazten nau, eta nor naizen eta nora noan galdetzen; aldi bakoitzean, azalpenak ematen galtzen ditut hainbat minutu, eta, tarteka, dokumentazioa ere erakutsi behar izaten diet. Nire lankide zuriei aipatu izan diedanean, harrituta geratzen dira, baina beti ukatzen dute arrazakeriarekin zerikusirik duela».

Ikuspegi desberdinak

Inkestek zurien eta ez-zurien arteko alde nabarmena erakusten dute arrazakeria ulertzeko moduari dagokionez. Iazko irailean,Pew ikerketa etxeak egindako galdeketa baten arabera, zurien %42k uste dute afro-amerikarren eskubideak eurenekin berdintzeko ahalegin nahikoa egin dutela administrazioek; aldiz, afro-amerikarren %5 soilik dira iritzi berekoak. Azken horien artean, %81ek uste dute afro-amerikarra izateak baldintzatu egiten diela bizimodua; aldi berean, hala pentsatzen dutenen bi herenek uste dute etorkizunean ere iraun egingo dutela desberdintasunek.

«Indarkeria kontrolpean izatea oso garrantzitsua da, baina indarkeria hori ez da beti agerikoa, batzuetan ezkutukoa ere bada, eta, normalean, hura bultzatzen duten pertsonak ez dira eskuin muturreko taldeetako kideak», azaldu du irakasleak. Bonilla-Silvaren esanetan, arrazakeria ulertzeko moduan dago arazo nagusia: «Zuri askok uste dute arrazakeria dela aurreiritziak dituzten pertsonen kontua, sagar ustelei soilik lotutakoa. Baina, guretzat,talde osoarena da arazoa, eta horregatik diogu sistematikoa dela. Sagar ustelei ez ezik, gainontzeko sagarrei ere begiratu behar zaie, eta historian atzera egingo dugu nahi baduzu. KKK Ku Klux Klanen garaian bertan, zurien gehiengoak parte hartu zuen bazterketan, KKK-ko kide izan gabe, soilik garai hartako arauak, idatziak eta idatzi gabekoak, betez».

Presidentetzarako kanpaina betean hil zuten Floyd, eta haren hilketak zuzeneko eragina izan zuen emaitzetan. Afro-amerikarren eskubideen aldeko mugimenduaren indarraz ohartuta, zeresana eman zuen iragarpena egin zuen Joe Bidenek apirilean Kongresuko bi ganberen aurrean egindako lehen agerraldian esandakoak: «Benetako aukera dugu AEBetan zabaldua dagoen arrazakeria sistematikoa desagerrarazteko». Gerora, baina, zuzendu egin zuen esandakoa, eta zehaztu esklabotzaren eta segregazioaren ondorioa dela arrazakeria. Zeresana eman zuten hitzok. Askorentzat, harrigarria izan zen presidentearen aitortza, baina beste askorentzat, gutxiengo etnikoetako kideentzat, motz geratu zen.

«Guk 500 urte daramatzagu geure burua arrazaren arabera identifikatzen, kontzienteki edo oharkabean; eta arrazializazio horrek errealitate desberdin bat sortzen du, norberaren arrazaren araberakoa izango dena», azaldu du Bonilla-Silvak. Horren ondorioak jaso ditu Marylandeko Unibertsitateko irakasle Ray Rashawnek ikerketa batean. Haren arabera, pareko irabazi sozioekonomikoak dituzten zuri eta afro-amerikarren kasuan,gizarteakafro-amerikarrak zailago identifikatzen ditu erdi mailako klase gisa. «Zergatik? Klasea ez delako soilik banakoak dituen jabetzen eta irabazien araberakoa, baizik eta baita norbera sentitzen denaren eta besteek ematen diotenaren tratuaren araberakoa ere», ondorioztatu du Rashawnek. Hortaz, zuriek, batez ere irabazi eta ikasketa gutxien dituztenek, barneratua dute zuri izateak nolabaiteko abantaila ematen diela bai sozialki eta bai kulturalki.

«Arrazakeria da eredu sozial, ekonomiko, politiko eta ideologiko bat zeinak zuriek dituzten abantailei eusten dien, zuriak ez direnen kalterako. Sistema horrek historian du oinarria, eta,mundu osora zabaldu den arren, itxura desberdina du herrialde bakoitzean. AEBetan, arrazakeria ez zen amaitu esklabotzarekin, itxuraldatu egin zen, eta segregazio bihurtu, eta urteak joan ahala bertsio sotilagoak sortuz joan dira, gaur egun arte», azaldu du Bonilla-Silvak. Sistema horrek egunerokoan du isla: afro-amerikarrak ikasleko diru laguntza gutxiago jasotzen dituzteneskoletara joan ohi dira; aukera gutxiago dute lan on bat lortzeko, euren izenek «afro-amerikar kutsua» dutelako; unibertsitatera heltzen badira ere, ikasle zuriek baino aukera gutxiago dute mailegu bat eskuratzeko —nahiz eta ikasketetan emaitzak ia berak lortu—; haurdunaldian, arazo gehiago izaten dituzte, eta, ondorioz,amen heriotza tasa ere handiagoa da komunitate horretako kideen artean.

«Arrazakeria ez da soilik AEBen arazoa. Europan ere egon badago; baina edonorekin hasten bazara hortaz eztabaidatzen, berehala esango dizute han ez dela halakorik, han denak direla frantses, edo espainiar edo ingeles. Baina galdetzen diezunean zergatik ez dagoen afrikar jatorrikorik edo latinoamerikarrik botere postuetan, isilik geratzen dira», dio Duke Unibertsitateko irakasleak. AEBetan ez da desberdin. 2014an, Chicagoko Unibertsitateko irakasle talde batek ariketa berezi bat egin zuen. 5.000 curriculum bidali zituzten, 1.300 lan eskaintzetara; lanpostuetarako hautagaien ikasketak eta ibilbideak ia berberak ziren, baina bazen aldagai nabarmen bat, izena. Hautagaien erdiei ingeles kutsuko izenak jarri zizkieten, eta beste erdiei afro-amerikar kutsukoak. Ondorioa? Ingeles kutsuko izenak zituzten hautagaiek %50 dei gehiago jaso zituzten afro-amerikar kutsukoak zituztenek baino. «Lan deialdiak egin zituzten enpresetako langileei galdetuz gero, ziurrenik ukatuko zuketen arrazakeriaz jokatu izana. Eta ez lirateke gezurretan ariko, baina oker egongo lirateke», azaldu zuen ikerketan parte hartu zuten irakasleetako batek, Daniel L. Amesek. Hark ohartarazi zuenez, halako jokabideak ageriko arrazakeria bera baino arriskutsuagoak dira, identifikatzen eta frogatzen «zailagoak» baitira. Horien ondorioek, baina, sakonak dira gaur egun ere. Pam Jackson eta Jason Cummings soziologoek duela gutxi argitaratutako ikerketa baten arabera, erdi mailako klaseko afro-amerikarrek osasun arazo gehiago dituzte zuriek baino; arazo horiek, hain zuzen, eguneroko bazterketarekin eta zuriak nagusi diren testuinguruetan lan eta bizi behar izatearekin lotzen dituzte.

«Arrazializazioaren arazo nagusia da ez dagoela hortaz hitz egiteko eremu errealik. Eskuineko nahiz ezkerreko buruzagiekukatu egiten dute halakorik dagoela, eta ate itxi baten aurrean zail da arrazoitzea. Oztopo hori gainditzeko lehen urratsa da aitortzea arrazakeria egon badela», ondorioztatu du Bonilla-Silvak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.