13 egun greban daramatzaten Kolonbiako nekazariek errepideetako blokeoa bertan behera utziko dutela jakinarazi dute, baina protestekin jarraituko dute Juan Manuel Santosen gobernuarekin akordio bat lortu arte. Abuztuaren 19an hasi zituzten protestak, batez ere patataren, tipularen, kafearen, esnearen eta fruten ekoizleek. Milaka nekazari, ikasle eta bestelako langileren babesarekin, kalera irten ziren protestan. Nekazal lanerako tresnen prezioen igoeragatik, kontrabandoagatik, elikagaien inportazioagatik, sektorearen gain dauden merkataritza librearen tratatuengatik, uztagatik jasotzen duten prezio baxuengatik eta jardueraren babeserako politika faltagatik kexu dira. Hamahiru egun bete dituzte protestan, eta herrialdeko hainbat errepide blokeatuta mantendu dituzte. Horrek herrialdeko hiririk garrantzitsuenetan elikagaien eta oinarrizko beharrizanen eskasia eta horien prezioa nabarmen igotzea eragin du.
Nekazariek errepideak desblokeatzeko erabakia iragarri dute, Kolonbiako presidenteak nekazarien eta abeltzainen grebaren amaiera negoziatzen ari ziren ministroak erretiratu ostean. Gobernuaren proposamenak nekazariei mahai gainean utzi dizkiela esan du Santosek, eta «benetako» negoziazioei berriz heltzeko prest dagoela. Argudiatu du ezin izan direla ados jarri, eta iradoki du protesten atzean FARC gerrilla egon daitekeela: «Pazientzia amaitzen ari zaigu».
Negoziazioan parte hartzen ari ziren ministroak erretiratzeaz gain, gobernuak armada hedatu zuen atzo Bogotan. Izan ere, ostegunean istilu larriak gertatu ziren: bost pertsona hil ziren—haietako bi, tiroz—, eta ehunka zauritu. Horren ostetik, militarizazioa handitu da hiri nagusietan. Poliziaren erantzuna «bortitza» izan zela adierazi dute nekazariek. Sare sozialen bitartez zabaldutako protestetako bideo ugaritan, Polizia ikus daiteke, nekazarien etxeetan bortizki sartuz eta negarra eragiteko gasak jaurtiz.
Kolonbiako hiriburuan egin zuten manifestaziorik jendetsuena. Guztira, 300.000 pertsona bildu ziren, antolatzaileen arabera. Poliziak azaldu zuenez, herrialdean guztira 48 protesta izan ziren, eta egoerarik «kritikoena» Bogotan gertatu zen, bertan sortutako istiluek bi hildako eragin baitzituzten. Kausak oraindik ikertzen ari dira.
Akordioak lortzeko prozesua «luzatzea» leporatu die presidenteak nekazariei. Gobernuak «esfortzu handia» egin duela aipatu du Santosek, denbora asko eskainiz eta proposamen ugari eginez, baina azpimarratu du erantzun bakarra «akordioen atzerapena» izan dela: «Nekazariek ez dutelako akordiorik egin nahi, edo agian, ez dietelako uzten iritsi gara puntu honetara».
50.000 soldaduk Poliziari lagundu diote abuztuaren 19an nekazariek hasi zuten grebaren ondorioz blokeatuta eduki dituzten errepideak zabalik mantentzen. Aireko armadaren hegazkin guztiak hirietan «elikagaien hornidura» mantentzera bideratu ditu Santosek.
Sektorearen krisia
Agintariak onartu du nekazaritzaren sektorea krisi larri batean dagoela murgilduta eta hori landaren urteetako abandonu eta politika faltarengatik gertatu dela: «Ikusten ari garen protestak guztiz onargarriak dira». Esku artean irtenbide asko dituztela esan du, eta horiek «martxan jarri» behar dituztela egoerari «aurre egiteko».
Kolonbiako nekazarien greban, bertan behera utzi dute errepideen blokeoa
13 egun daramatzate greban, eta Kolonbiako Gobernuarekin akordio bat lortzeko nahiarekin jarraitzen dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu