Orain arte bake elkarrizketetan emandako pausorik handiena da: ELN Nazioa Askatzeko Armadak eta Kolonbiako Gobernuak jakinarazi dute aldebiko su etena adostu dutela, «nazionala», eta urte erdi iraun behar lukeena. Menia datorren abuztuaren 3an sartuko da indarrean, Israel Ramirez Pineda Pablo Beltran gerrillaren negoziazio taldeko buruak atzo azaldu zuenez, eta erabaki horrek helburu bat izango du: «Kolonbia aldatzea».
Kolonbiako presidente Gustavo Petrok esana du «erabateko bakea» nahi duela herrialderako, eta horri begirako lehen garaipena izan da gobernua ELNrekin ados jarri izana. Halere, bi aldeek agerian utzi dute negoziaturiko akordioak erronka batzuk dituela; Pablo Beltranek, esate baterako, nabarmendu du gatazkaren «kausei» oraindik ere irtenbideak emateko beharra dagoela, eta gizartearen parte hartzea ezinbestekoa izango dela hitzarmenaren edukia bete eta «paper soil bat» ez izateko.
Akordioaren berri emateko agerraldia Habanan egin zuten atzo, eta eskerrak emateko eta itxaropena helarazteko ekitaldi bat izan zen, bi negoziazio taldeetako ordezkariek ideia horietan jarri baitzuten arreta, oro har. Otty Patiño gobernuaren negoziatzaileen buruak adierazi zuen, besteak beste, ELNrekin adosturikoa «beharrezkoa», «premiazkoa» eta «indartsua» dela mende erdi inguru iraun duen gatazka amaitzeko.
Patiñoren ondoren mintzatu zen Kolonbiako presidentea, eta garrantzi handia eman zion asteotan negoziaturikoari, adierazi baitzuen bi negoziazio taldeek «bakerako aukerak» adostu dituztela: «Fase bat amaitu da, altxamendu armatuarena Latinoamerikan. Armen mundua amaitu beharra dago, denok denon artean hiltzearena».
Luzatzeko era izango da
Urte erdiko su etenaz gain —gerora luzatu ahalko dena—, bi aldeek adostu dute jarraipen eta egiaztatze mekanismo bat indarrean jartzea, eta jakinarazi dute horretan parte hartuko dutela, begirale lanak egiten, NBE Nazio Batuen Erakundeak, Eliza katolikoak, nazioarteko herrialde batzuek eta gizarte zibilak.
Berez, negoziazioen hirugarren fasea ostegunean zen amaitzekoa —astebete luzatu ondoren—, baina bi negoziatzaile taldeek eskatu zuten elkarrizketak beste egun bat luzatzeko, atzo iragarritako akordioa ixteko. Denera, fase horrek hilabete baino gehiago iraun du, 39 egun, eta beti izan du lehentasun aldebiko menia bat adostea; aurrez, negoziatzaile taldeek Venezuelako eta Mexikoko hiriburuetan egin zituzten bilkurak .
Lehen aldia da Petrok bake prozesuan zuzenean parte hartzen duela, eta Eliecer Erlinto Chamorro Antonio Garcia ELNko lehen komandantearekin batera sinatu zuen atzo igaro asteotan adosturikoa. Eta, pauso horrengatik, Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia pozik agertu zen; batez ere, itunak «Kolonbiako herriari itxaropena ematen» diola uste du.
Elkarrizketen hurrengo fasea, laugarrena, Venezuelan egingo dute, abuztuaren 14tik irailaren 4ra.
Bake negoziazioak
Bake negoziazioek hainbat krisi gainditu behar izan dituzte hilabeteotan, horietako bat iazko urte amaieran, Kolonbiako presidenteak berak iragarri zuenean su eten bat adostu zutela «talde armatuekin»; tartean, ELN bera. Gerrillak, baina, ukatu egin zuen halakorik, eta nabarmendu zuen meniarik egotekotan aldebikoa behar zuela izan. Atzo, hain justu ere, aldebiko akordioa zela nabarmendu zuten.
Lehena ez ezik, bigarren fasea ere ez da erraza izan. Petroren adierazpen batzuek eragin zuten bigarren geldialdia: estatuburuak, armadarekin egindako ekitaldi batean, esan zuen herrialdean ez zegoela «gatazka ideologikorik edo politikorik», soilik «legez kanpoko ekonomiaren aurkako borroka».
Adierazpenek gerrillaren haserrea eragin zuten, Petrok ELN narkotrafikatzaile taldeekin parekatu baitzuen, eta hain zuzen ere euren aldarrikapen nagusietako bat baita gerrillari «talde armatu antolatuaren izendapena» kentzea.
Kolonbiako legeak zehazten du talde kriminalak «menperatu» egin behar direla, eta, aldiz, talde politiko-militarrekin elkarrizketak has daitezkeela. Horrez gain, izendatze horren ondorioz, ELNko presoak ere ez dituzte «preso politikotzat» hartzen.
Hala, Petroren adierazpenen ondorioz, gerrillak eten egin zuen negoziazioen agenda, gobernuaren jarrera argitu artean. ELNko lehen komandanteak salatu zuen orduan Kolonbiako presidenteak esandakoak ez zetozela bat bere ordezkaritzak negoziazio mahaira eramandako proposamenekin. Halere, azkenean, aurrera egitea lortu zuten.
Kolonbiako Gobernuak eta ELNk aldebiko menia dute: urte erdirako
Su etena abuztuaren 3an sartuko da indarrean, eta prozesuaren ondorioz Kolonbia «aldatzea» lortu nahi dute. Petrok esana du «erabateko bakea» nahi duela herrialderako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu