Kolonbiako Gobernua krisi betean dago, eta herrialdeko presidente Gustavo Petrok ministroei eskatu die kargua utz dezatela. Bart sare sozialetan argitaratutako mezu batean jakinarazi zuenez, ministro guztiei eta hainbat goi funtzionariori eskatu die uko egin diezaiotela beren kargu publikoari. Mezua helarazi eta gutxira heldu ziren zenbait dimisio esanguratsu: Laura Sarabia Kolonbiako Atzerri ministroak karguari uko egin dio, esaterako.
Petrok azaldu zuenaren arabera, dimisioak eskatu izanaren arrazoia gobernuaren ekintzak hobetzea da: «Kabinetean aldaketa batzuk egongo dira, herriak agindutako programa hobeto betetzeko». Gobernuak, hauteskundeak ez badituzte aurreratzen, hemezortzi hilabeteko agintaldia du oraindik; eta, Petrok adierazi zuenaren arabera, gaurtik aurrera «programa betetzera» mugatuko dira. Bere gobernuko ministroen artean gaur egun dagoen barne zatiketari, ordea, ez zion aipamenik egin.
Izan ere, presidenteak atzo gauean plazaratu bazuen ere ministroek beren kargua uzteko eskaria, horiek egunak zeramatzaten ministerioei uko egiten. Juan David Correa Kultura ministroak iragan asteartean utzi zuen kargua, Jorge Rojas Presidentetzako Departamentu Administratiboko zuzendariarekin batera, besteak beste. Eta, atzo, Petrok eskaria argitara atera aurretik, Susana Muhamad Ingurumen ministroak dimititu zuen.
Dimisioa aurkezteko erabaki horiek guztiak azken asteetan Petroren gobernuan dituzten barne gatazken ondorio dira. Eta tentsioak goia jo zuen iragan asteko asteartean egin zuten ministroen kontseiluan. Hango hartan, estatuburuak eta zenbait ministrok elkarri leporatu zioten estatuaren kudeaketan arazoak eragitea. Telebista bidez eta sare sozialetan zuzenean eman zuten bilera, eta, hortaz, hango zalaparta are gehiago handitu zen.
Indarkeria matxista
Elkarri gobernuaren arazoak leporatzea, hala ere, ez zen izan harrabots handiena eragin zuen afera, baizik eta Petrok Armando Benedetti kabineteburu izendatzea, eta kritiken ostean karguan mantentzeak. Izan ere, Benedetti zenbait ustelkeria kasurengatik ari dira ikertzen, eta, iazko uztailean, bere emazte Adelina Guerrerok indarkeria matxistagatik salatu zuen.
Madrilen oporretan zeudela bera jotzeagatik salatu zuen emazteak Benedetti, eta «proiektu progresista batean» bera mantentzea gaitzetsi zuten ministro kontseiluan hainbatek; besteak beste, atzo arte Ingurumen ministroa zenak. «Emakumea eta feminista naizen heinean, ezin dut Armando Benedettirekin proiektu progresista bat partekatu», esan zuen Muhamadek. Eta, ikusirik presidenteak ez duela hartu Benedettiren aurkako neurririk, Muhamadek kargua uztea erabaki zuen atzo, argudiatuta «presidentearen erabakiarekin» ados egon ezean karguari uko egin behar zaiola.
Muhamad ez da izan Benedetti mantentzeagatik dimititzea erabaki duela jakinarazi duen ministro bakarra. Kultura ministro ohi Correak ere kargua uztea erabaki du, ezin duelako nagusi gisa izan «emakumeei tratu txarrak ematen dizkion gizon bat». Eta, kargua utzi ez duen arren, herrialdeko presidenteorde Francia Marquezek presidentea kritikatu izan du Benedetti izendatzeagatik.