Kolonbiako bake elkarrizketetara itzultzeko prest agertu da FARC

Hurrengo negoziazio saioa ekainaren 25ean Habanan egitea proposatu du FARC alderdiak.

Rodrigo Londoño, FARC alderdiko presidentea, artxiboko argazki batean. RICARDO MALDONADO ROZO / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
FARC Herriaren Indar Alternatitibo Iraultzailea alderdiak onartu egin du bake akordioa garatzeko negoziazioetara itzultzeko gobernuaren eskaintza. Gerrilla ohitik sortutako alderdiak maiatzaren 14an utzi zuen negoziazio mahaia, Kolonbiako Bakerako goi ordezkariak Kuba «terrorismoa babesten duten herrialdeen zerrendan» sartu izana txalotu eta gero AEBek hartu zuten erabakia, bake elkarrizketetan parte hartzera joandako ELN Nazioa Askatzeko Armadako kideak Kolonbiara estraditatzeari uko egiteagatik.

Hain zuzen ere, FARCek Habanan egin nahi ditu bake akordioaren inguruko hurrengo elkarrizketak, ekainaren 25ean. «Kubak hasieratik babestu ditu bake akordioa eta hura indarrean sartzeko hasitako negoziazioak. Horregatik, haren etorkizuneko parte hartzeari buruzko argibideak nahi ditugu», adierazi duteFARCeko negoziazioetarako ordezkari Rodrigo Grandak, Jairo Estradak eta Ronald Rojasek, komunikatu batean.

Ez da lehen aldia gobernuak elkarrizketak berriz hasteko eskaintzen diena. Gauza bera egin zuen Emilio Archila presidentetzako ordezkariak joan den maiatzaren 28an. Baina ordu hartan FARCek atzera bota zuen eskaintza, argudiatuz bilera hartan Archila bera bakarrik egongo zela, eta haiek gobernu osoarekin bildu nahi zutela.

FARCeko kideen hilketak

Herenegun, alderdiak gutun bat bidali zion Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako Goi Mandatari Michelle Bacheleti, gerrillari ohien eta ekintzaileen azken urteetako erailketak salatuz. Alderdiak ezer ez egitea egotzi dio gobernuari. «Gu hiltzen ari dira, eta Kolonbiako Gobernuak ez du borondaterik genozidio hau amaitzeko. Gobernua hilketak ukatzen ari da, eta, bitartean, alderdi bateko kideak desagerrarazten ari dira», gaitzetsi du Rodrigo Londoño Timochenko-k.

2016an bake akordioak sinatu zituztenetik 198 gerrillari ohi hil dituztela salatu dute giza eskubideen aldeko hainbat erakundek. Azken hilketa ekainaren hasieran gertatu zen, Ituango herrian, Antioquia departamentuan. Gizonezko bat hil zuten orduan, FARC gerrillako miliziano ohi baten semea, baita bi adingabe ere, beste miliziano ohi baten lehengusuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.