Kolonbiako Gobernuak bertan behera utzi du ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin adostutako aldebiko su etenerako dekretua. Hala jakinarazi zuten atzo Kolonbiako Barne ministro Alfonso Pradak, Defentsa ministro Ivan Velazquezek eta Bakerako goi mandatari Danilo Ruedak. Gobernuak erabaki hori hartu du, hain zuzen, ELNk gobernuarekin sinatutako sei hilabeterako meniarako lortutako adostasuna ukatu ostean. Gerrillak ohar bidez ziurtatu zuen, herenegun, ez duela bat egiten Kolonbiako presidente Gustavo Petro herrialdeko presidenteak abenduaren 31n iragarritako neurriekin. Hori ikusita, atzo Pradak ELNri eskatu zion «egiaztatzeko moduko su eten bat aldarrikatzeko», lurraldeko eta nekazarien komunitate etnikoen aginduari erantzuteko».
Gobernuaren arabera, denera bost talderekin sinatu zuen menia: gerrillariei dagokienez, ELNrekin, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako disidenteen Estatu Nagusi Zentralarekin eta Segunda Marquetaliarekin; paramilitarrei dagokienez, berriz, AGC Kolonbiako Autodefentsa Gaitanistekin eta Sierra Nevadako taldeekin.
ELNk herenegun kaleratutako oharrean zehaztu zuenez, Bogotarekin negoziatzen aritu den gerrillari talde horretako ordezkaritzak ez zuen «aldebiko su eten baten proposamenik eztabaidatu», eta, beraz, ziurtatu zuen oraindik ez zegoela akordiorik arlo horretan: «Hainbat modutan adierazi dugu ELNk elkarrizketa mahaian adosten dena baino ez duela betetzen. Ezin da akordio gisa onartu gobernuaren aldebakarreko dekretu bat».
Zehazki, gobernuaren dekretua «hurrengo zikloan aztertzeko proposamen modukotzat» hartu du ELNk, eta, horrela, hautsi egin du Petrok duela astebete egindako iragarpena. Dena dela, talde armatuarekin bake elkarrizketak izan ostean, gobernuko ordezkaritza taldeko buru Otty Patiñok aitortu zuen negoziazio mahaian egindako proposamena izan zela aldebiko su etena, Petrok iragarritakoa, baina inoiz ez zutela «ondoriorik» mamitu.
ELNren iragarpenaren ostean, Kolonbiako Gobernuak argitaratu egin zituen bost gerrillari eta paramilitar talderekin sinatutako sei hilabeterako su etenerako dekretuak, eta gobernuak zerrenda horretan sartu zuen ELN. Bide beretik, Defentsa ministroak sinatutako dokumentuak zehazten duenez, «Bakerako goi mandatariak emandako informazioaren arabera, gobernuari eskatu diote, besteak beste, ELNk bere gain dituen lurraldeetan su etena dekretatzeko».
Gisa horretara, dekretuak ezartzen du «gobernu nazionalaren eta ELNren arteko aldebiko su etena urtarrilaren 1etik ekainaren 30era indarrean egotea». Hori bai, gobernuak meniaren iraupena luzatu ahal izango du, «egiaztatzeko mekanismoak erabili ondoren». Hain zuzen, egiaztatze horretan parte hartuko dute Nazio Batuen Erakundeko Egiaztatze Misioak, Amerikako Estatuen Erakundearen Bake Prozesuari Laguntzeko Misioak, Herriaren Defentsa Erakundeak eta Eliza katolikoak. Horrez gain, talde armatu horietako kideen aurkako «operazio militarrak eta polizialak berariaz etengo dira, elkarrizketa mahai bat ezartzea errazteko».
Dokumentuaren arabera, bost gerrillari eta paramilitar taldeen dekretuek «antzekotasunak» dituzte, baina baita «desberdintasunak» ere: alde batetik, Bogotak nahi du ELNk eta FARCeko disidenteek «bake prozesuan parte hartzea eta akordioa betetzeko prozeduren barruan egotea»; Segunda Marquetaliaren, AGCren eta Sierra Nevadako paramilitarren kasuan, berriz, dekretuek «justiziaren mende» egoteaz hitz egiten dute, «estatus politikorik ez dutelako».
Ezohiko goi bilera
ELNren jarrera dela eta, Kolonbiako presidenteak ezohiko goi bilerara deitu ditu Barne ministroa, Defentsa ministroa eta Bakerako goi mandataria. Bilera horren helburua da gerrillaren iragarpen horren eta gobernuaren hurrengo ekintzen osteko jokaleku berria aztertzea.
Bestalde, Patiñok azaldu zuenez, meniarako proposamena izango da hurrengo negoziazioetako «lehen gaia». Bogotaren arabera, hilabete honetan bertan hasiko dituzte elkarrizketak ELNrekin, Mexikon.
Joan den azaroaren 4an, Kolonbiako Diputatuen Ganberak eta Senatuak baiezkoa eman zioten erabateko bakearen legeari. Negoziazioen bidez gatazka armatuari irtenbidea eman ahal izatea da legearen helburuetako bat.
Petrok presidentetzarako hauteskundeak irabazi aurretik, «erabateko bakea» lortzeko proposamen bat aurkeztu zuen hauteskunde kanpainan, erakunde armatu eta politikoekin bake elkarrizketak hasteko eta herrialdeak 50 urte baino gehiagoz jasandako «sarraskia» amaitzeko. Gatazkan gutxienez 500.000 lagun hil dituzte, eta milioika lagun desplazatu behar izan dira, nazioarteko behatzaileen arabera.
Kolonbiak indargabetu egin du ELNrekin adostutako menia ituna
Gerrillak esan du ez duela «aldebiko su eten baten proposamenik eztabaidatu» gobernuarekin. Bogotak talde armatuari eskatu dio «egiaztatzeko moduko menia bat aldarrikatzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu