Kolonbiak arautu egin ditu talde armatuekiko bake elkarrizketak

Negoziazioen bidez gatazka armatuari irtenbidea eman ahal izatea da legearen helburuetako bat

Ivan Cepeda senataria, abuztuan, Bogotan. CARLOS ORTEGA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Kolonbiako Diputatuen Ganberak eta Senatuak Erabateko Bakearen Legea behin betiko onartu zuten atzo, eta, beraz, Kolonbiako presidente Gustavo Petroren gobernuak baimena izango du erakunde armatuekin eta narkotrafikoarekin lotutako taldeekin negoziatzeko, «erabateko bakea» lortzeko helburuarekin; besteak beste, ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako disidentziekin. Lege horren bitartez, gainera, gobernuak negoziazioen «erdigunean» ezarri nahi du komunitate osoa.

Petrok ekain amaieran presidentetzarako bozak irabazi aurretik, «erabateko bakea» lortzeko proposamen bat aurkeztu zuen hauteskunde kanpainan, erakunde armatu eta politikoekin bake elkarrizketak hasteko eta herrialdeak 50 urte baino gehiagoz jasandako «sarraskia» amaitzeko, El Tiempo egunkariak jasotakoaren arabera. 1985 eta 2018 artean, 500.000 lagun hil ditu gatazkaren ondorioz, eta milioika desplazatu.

Legea indarrean jarrita, Kolonbiako Gobernuak ahalmena izango du bake negoziazioak abiatzeko, ELNrekin eta FARCeko disidentziekin, besteak beste. Halaber, elkarrizketak has ditzake narkotrafikoarekin lotutako taldeekin ere, hala nola Golkoko Klanarekin; zehazki, talde horretako liderrek eta kideek «onura batzuk» jaso ahal izango dituzte, hala nola espetxe zigorrak murriztea eta estradiziorik ez egitea, kokaina esportatzeko ibilbideen berri eta legez kanpo lortutako aberastasunen zati bat ematearen truke.

Erabateko Bakearen Legeak funts bat sortzea ere aurreikusten du, indarkeriak jotako eremu baztertuetan inbertsio soziala bermatzeko. Ivan Cepeda senatariak El Espectador egunkariari azaldu dionez, «kontzeptu horrek, legez kanpoko talde armatuekin aldi berean hitz egitea ez ezik, Kolonbian bake prozesuak izan direnaren logika haustea ere badakar».

Irail amaieran, Danilo Rueda Kolonbiako Bake ordezkariak jakinarazi zuen herrialdeko legez kanpoko hamar erakundek bat egin zutela su etenarekin, «erabateko bakea» lortzeko asmoz. Bogotan emandako prentsaurrekoan, adierazi zuen erakunde horien artean daudela FARCeko disidentziak, Estatu Nagusi Zentrala, Golkoko Klana eta Santa Martako Sierra Nevadako autodefentsak. Petroren gobernuko ordezkariak bildu izan dira jada talde armatu horiekin.

Erabateko bakearen legeak zera proposatzen du: gobernu nazionalak berariaz baimendutako ordezkariek elkarrizketak egin ahal izatea legez kanpo antolatutako egitura edo talde armatuekin. Negoziazio horien bidez, gatazka armatuari irtenbidea eman ahal izatea, nazioarteko zuzenbide humanitarioa eta giza eskubideak errespetatzea, liskarrak etetea eta indarkeriazko erakunde horietako kideak gizarteratzea ere badira legearen helburuak. Elkarrizketak hasi ondoren, bertan behera utziko lituzkete erakunde armatuen ordezkari diren kideen aurkako atxilotze aginduak, haien segurtasuna errespetatzeko.

Bestalde, «bakerako gizarte zerbitzua» ezarriko dute derrigorrezko soldadutzaren ordez. Zerbitzu horretan, gazteek alfabetatze digitala sustatu beharko dute landaguneetan edota hiriguneetan. Halaber, gatazka armatuaren biktimei lagundu beharko diete, eta natura eta biodibertsitatea zaintzeko lan egin beharko dute, besteak beste.

«Lehentasunezkoa»

Gobernuak talde armatuekin egiten dituen negoziazioen arauak ezartzen dituen lege proiektuaren harira, Kolonbiako Barne ministro Alfonso Pradaren ustez, bake politikak «lehentasunezkoa» izan behar du estatu gaietan, eta «zeharkakoa» herrialdeko beste gaietan. «Egitasmoak, funtsean, zera egiten du: bake politika estatu politika bihurtu». Hau da, ministroaren arabera, bake akordioek «izaera loteslea» izan behar dute, horiek ezartzen diren bitartean eten ez daitezen, «Ivan Duqueren agintaldian [2018-2022] gertatu zen bezala».

Etorkizunari begira, Pradaren iritziz, hurrengo agintaldian izango den gobernuak jarraipena eman behar die abiatu diren bake prozesuei.

Zentro Demokratikoa oposizioko alderdiak, berriz, esan du lege hori «kriminalitatearen apologia» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.