Kolonbia: hutsarazitako lurren herrialdea

Kolonbiako Gobernuaren datuen arabera, gutxi gorabehera 8,6 milioi behartutako desplazamendu egon dira herrialdean gatazka hasi zenetik. Nazioarteko hamaika ekintzailek karabana humanitarioa antolatu dute, hango errealitatea ezagutzeko.

Bizitzaren, Bakearen eta Lurraldean Irautearen Aldeko Karabana Humanitarioa Mina Viejiton. KARABANA HUMANITARIOA
Bizitzaren, Bakearen eta Lurraldean Irautearen Aldeko Karabana Humanitarioa Mina Viejiton. KARABANA HUMANITARIOA
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko irailaren 15a
05:00
Entzun

Kolonbiako Gobernuko Biktimen Erregistro Bakarrak aurten kaleratutako datuen arabera, han bizi duten indarkeria dela medio, gutxi gorabehera 8,6 milioi desplazamendu behartu egon dira; are, gaur egun, bost milioi pertsona inguru desplazaturik daude oraindik ere. 1960ko hamarkadan talde paramilitarren eta gobernuaren artean hasi zen gatazkaren ondorioz, herrialdeko testuingurua «konplexua eta gogorra» da oraindik ere, Lur Atxesbururen ustez: «Kolonbiak duela hainbat urtetatik bizi duen gatazka politiko, ekonomiko, sozial eta armatuak erabat baldintzatzen du herrialdea oraindik».

Errealitate hori bertatik bertara ezagutu eta ezagutarazteko,Bizitzaren, Bakearen eta Lurraldean Irautearen Aldeko Karabana Humanitarioan parte hartu du Atxesburuk abuztuan. Karabana nazioarteko ehun erakundek baino gehiagok osatu dute, eta, Atxesburuk esan duenez, kolonbiarrek pairatzen duten «giza larrialdi» horren erantzuleen artean paramilitarrak, enpresa handiak, «proiektu txikitzaileak» eta gobernua bera daude, besteak beste. Gainera, eragile horiek elkar harturik daudela esan du.

Haien arteko harremana azaltzeko, meatzaritzara jo du Atxesburuk, Santa Rosako egoera adibidetzat hartuta. Meatzaritzarena dinamika «diruzalea» den heinean, «dinamika txikitzaileak» ekartzen ditu; «are gehiago legez kanpo daudenean». Izan ere, Atxesburuk azaldu duenez, talde armatuak horrelako jardueretan sartzen dira finantzaketa lortzeko, eta, Kolonbiako Gobernuarentzat Santa Rosako meategiak legez kanpo daudenez, bertan ez dago inor. Bada, gune horiek «abandonatzearen» eraginez, paramilitarren esku erortzeko aukerak handitu egiten dira, eta lekualdaketa behartuak areagotu.

Bestalde, multinazionalen presentzia dela medio —askotan atzerriko enpresak dira—, eskualdeak militarizatu egiten dira, karabanako kidearen hitzetan. Dionez, Araucako departamentuan, esaterako, petrolio ustiapenak gatazka armatua areagotu du: «ELN [Nazioa Askatzeko Armada] historikoki oso beligerantea izan da estraktibismo horrekin. Hori dela eta, eskualdea asko militarizatu da, eta estatuak berak ere eragin du horretan».

AGC Kolonbiako Autodefentsa Gaitanisten siglak, Istminan (Kolonbia). KARABANA HUMANITARIOA
AGC Kolonbiako Autodefentsa Gaitanisten siglak, Istminan (Kolonbia). KARABANA HUMANITARIOA

Eskualdeak militarizatu eta bertakoak talde paramilitarrengana gerturatzeaz gain —esaterako, AGC Kolonbiako Autodefentsa Gaitanistak aipatu ditu karabanako kideak—, herritarrak landa eremuetatik «kanporatzen» dituztela salatu du Atxesburuk: «Droga trafikoa sustatzen dute, eta kokaina landaketak lehen halakorik ez zegoen lekuetara eraman, bertan zeuden nekazariak kanporatuta». Karabanak salatu duenez, gainera, Kolonbiako Estatuak ez ditu guztiz errespetatzen nekazarien eskubideak, eta horrek «deserrotzea» eragin du: «Haien ekoizpena, kultura eta antolamendu kolektiboa galtzen ari dira».

Indarkeriak lekualdatzera behartzen ditu herritarrak, baina energia iturriak eta lehengaiak lortzeko proiektuek ere eragin diete barne desplazatuei. «Urrea, ikatza eta halako lehengaiak ustiatzeko proiektu handiak egin dituzte, baita uraren bitartez energia lortzekoak ere. Horiek hala, jende andanak etxetik alde egin behar izan du».

Erresistentzia desegitea xede

Abuztuaren 23an, hau da, karabana humanitarioa amaitu zutenean irakurri zuten adierazpenean azpimarratu zutenez, paramilitarrek zenbait estrategia erabiltzen dituzte «komunitateak kontrolatu eta erresistentziarako mugimendu sozialak desegiteko». Atxesburuk dioenez, Araucan «argi eta garbi» ikusi dute «herri mugimendua estigmatizatzen duten paramilitarrak» direla «giza larrialdiaren» eragile.

Izan ere, indarkeria horri aurre egiteko eta haien lurrak aldarrikatzeko, Tecam nekazaritzako elikagaien lurraldeak antolatu dituzte herrialde osoan. Tecam horiek lurraldea antolatzeko erak dira, legez onartuak; bertan, ekintza publikoak sustatzen dira, eta helburu dute elikadura burujabetza lortzea eta nekazarientzako bizitza duina aldarrikatzea.

Tecam eremu horiek adibide bat baino ez dira; izan ere, bestelako hamaika ekintza antolatu ditu gizarte zibilak lurraldeak desmilitarizatzeko. «Aurrerantzean ere beren burua eta komunitatea zaintzeko tresnak hartuz joan dira, gatazka armatua aldentzeko», esan du Atxesburuk, eta guardia indigenak, guardia beltzak eta nekazari guardiak goraipatu: «Armarik gabeko boluntario taldeak dira, beren lurraldeak zaintzen dituztenak. Komunitatea babesten eta talde armatuei mugak jartzen saiatzen dira».

«Antolaketa kolektiboa oso estigmatizaturik» dagoela uste du Atxesburuk; are gehiago, nabarmendu du kide asko mehatxupean bizi direla. Baina ez dira mehatxu soilak izaten: lider sozialen erailketak «endemikoak» dira Kolonbian, eta, hain zuzen, horiek omentzen saiatu dira karabanako kideak, baina paramilitarrek trabak jarri dizkiete: «Leku batean baino gehiagotan, estu hartu dituzte komunitateetako kideak, gurekin zer jarrera izan behar duten zehazteko eta giza eskubideen urraketarik ez salatzeko».

Horiek horrela, karabana humanitarioko kideak iritzi dio nazioarteko eragileak bertan egotea lagungarria dela herri mugimenduentzat —guztira 183 lagun egon dira karabanan—: «Elkartasun politikoko ekintza bat izan da, elkarrengandik ikasteko eta elkar babesteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.