Badira bost urte gobernuak eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek bake akordioak sinatu zituztela, eta mende erdiko gatazka amaitu. Borroka armatuak eragindako zauriak, ordea, zabalik daude oraindik, batez ere gizarte zibilean.
Ikusi gehiago:ELNrekin elkarrizketak hastea baztertu du Kolonbiak
Bi aldeek egindako krimenen artean desagertze behartuak daude, eta, zoritxarrez, leku garrantzitsua izan dute gatazkan, arma gisa baliatu dituztelako. «Semearekin telefonoz ari nintzen, hura lanera bidean zela, eta militarrek geldiarazi zuten. Esan zidan armekin apuntatzen ari zitzaizkiola. Baina telefono deia eten egin zen. Hura izan zen semearekin hitz egin nuen azkenengo aldia», gogoratu du Ekialdeko Llanos estatuko Villavicencion bizi den nekazari batek, Flor Odiliak.
Kolonbia osoan gertatu dira halakoak, baina Ekialdeko Llanos estatuan beste inon baino gehiago, batez ere 1990eko hamarkadatik aurrera, paramilitarismoa zabaltzearekin batera. Erakundeek maiz salatu izan dute militarren eta talde paramilitar horien arteko harremana. Haiek bildutako salaketa eta dokumentuetan oinarrituta, esan daiteke estatuak pisuzko esku hartzea izan zuela desagertze haietan.
Herrialde hartan indarrez desagertutako 100.000 pertsona baino gehiago erregistratu dituzte. Horietatik 8.288, Ekialdeko Llanosen, 1958 eta 2015 bitartean. Eremu estrategikoa da hura, eta, ondorioz, izugarria izan da militarren eta talde armatuen presentzia, bai gatazkak iraun duen bitartean, baita ondoren ere. Hori da desagertze behartuen kopurua hain handia izateko arrazoietako bat. Horrez gain, lurralde oso aberatsa da, eta hura kontrolatzea garrantzitsua izan da gatazkan parte hartu duten talde guztientzako. Horregatik, herritarrak —nekazariak gehienak— handik urruntzeko gehien erabilitako armetako bat izan dira desagertze behartuak. Kolonbiako biztanleen %3 bizi dira Ekialdeko Llanosen, baina han salatu dituzte estatu osoko desagertzeen %10.
Ikerketa eske
Kolonbian hainbat ahots altxatu dira Ekialdeko Llanosen gertatutakoaren kontra, eta horien artean daude Hasta Encontrarlos erakundea eta Orlando Fals Borda kolektiboa. Azken horrek ikerketa zabal bat egin du azken urteetan, eta txosten batean bildu ditu dokumentatutako desagertze guztiak, horiek Bakerako Justizia Bereziaren esku utzi eta ikerketa bat zabaltzea eskatzeko.
«Txosten honen helburua da justiziaren arreta erakartzea Ekialdeko Llanosko desagertzeen aferara. Zenbakiak oso kezkagarriak dira: 8.288 baino gehiago dira desagertuak», azaldu du Cesar Santoyok, kolektiboko zuzendariak. Orlando Fals Bordak bezala, Kolonbian askok uste dute egia osoa jakin beharra dagoela bakea lortuko bada; eta egia horren parte handi bat dira desagertutakoak. Beraz, ezinbestekoa da pertsona haiei zer gertatu zitzaien jakitea. «Ez da bakerik egongo historia osoa jakin gabe, eta historiaren parte garrantzitsu bat dira gatazkak iraun duen bitartean desagertutako pertsonak. Herriak badaki hori», berretsi du Santoyok.
Desagertzeen auzian lan egiten duten kolektibo eta erakundeek iritzi diote gobernuak duela kasu horiek argitzeko giltza, baina, aldi berean, salatu dute ahalegin gutxi egin duela orain arte Ivan Duque presidenteak zuzentzen duen administrazioak. «Gobernuak hainbat dokumentu dauzka, informazio ugari dutenak desagertuen kasuei buruz. Ahaleginak eta bi egin ditugu dokumentu horiek argitara atera ditzaten, baina ez dugu lortu; ezinezkoa izan da. Orain arte desagertuei buruz lortu dugun informazioa bakarra zera izan da, akusatuek eurek emandakoa, eta hori ere oso gutxitan gertatzen den zerbait da», azaldu du Pablo Calak, Hasta Encontrarlos erakundeko kideak.
Ekialdeko Llanosen desagertutakoen familien helburu nagusia da jakitea zer gertatu zitzaien haien senideei. «Familiek gobernuari eskatzen diote esfortzu handiagoa egiteko, senideekin zer gertatu den jakiteko, baina Duqueren administrazioa isilik dago oraindik ere», azaldu du Calak.
Jose Ricardo Marin Suarezena da kasu haietako bat. Haren amak, Flor Odiliak, hamazazpi urte darama semearen gorpuaren bila. Gaur arte ez du inolako erantzunik jaso. «Semea lanera joan zen 2005eko martxoaren 27an, eta ez zen inoiz itzuli etxera. Ate guztiak jo nituen, baina inork ez zidan ezer esan nahi izan. Azkenean, ELNko kidea [Nazioa Askatzeko Armada] izateagatik harrapatu eta hil egin zutela esan zidaten. Baina nire semea langile soil bat zen; hil egin zuten berak ezer egin gabe, positibo faltsu bat izan zen, hemen egon diren beste hainbeste bezala», esan du Odiliak.
Behartuta desagertutako pertsonen artean, kasu batzuei positibo faltsu esaten diete, eta halako asko izan ziren Alvaro Uriberen gobernuaren garaian: hain zuzen, militarrek gerrillari gisa aurkeztutako zibilen gorpuei deitzen diete horrela; zibil horiek langabeak edo nekazari txiroak izan ohi ziren. Hori bera gertatu zitzaion Marin Suarezi. Baina bera ez da izan Ekialdeko Llanosko positibo faltsu bakarra; antzeko hainbat gertaera salatu dituzte urteotan. «Nire semearen kasua bezalako beste milaka daude hemen. Uribe izan da honen guzti aren erruduna, eta gaur ez gaitu inork laguntzen. Politikariei soilik boterea eta dirua interesatzen zaizkie, eta gu, nekazariok, alde batera uzten gaituzte», esan du, amorruz, Odiliak.
Kolonbiak asko sufritu behar izan du azken urteetan. Asko hitz egin da bakeari buruz, baina akordioetan jasotakoa errealitate bilakatzetik oso urrun dago oraindik, behintzat mende erdi iraun duen gatazka horren biktima izan direnentzat. «Lortu nahi dudan gauza bakarra da semearen gorpua aurkitzea. Baina gobernuko inork ez dit laguntzen. Ez naiz bakarra; beste familia asko daude egoera berean. Bakea lortzeko, garrantzitsua da zer gertatu den jakitea», nabarmendu du Odiliak.