Frantziako Asanblearako bozen lehen itzuliaren ondoren, kanpainako susmoak berretsi egin dira, eta Emmanuel Macron presidentearen aldeko Ensemble koalizioak ez du aulkien gehiengo osoa lortuko. Baina ez hori bakarrik: duela bi urte ordezkaritzarik handiena lortu zuen indarra izan zen, eta aurten inkestek aurreikusi dute hirugarrena izango dela. Hortaz, Macron estatuburua denetik lehen aldiz, ez dago argi gobernua nolakoa izango den, eta are gutxiago nor izango den lehen ministroa. Kohabitazioa mahai gainean dago berriro, hortaz, mende honetan bigarrenez.
Zer da kohabitazioa?
Frantziako Konstituzio Kontseiluaren definizioaren arabera, politikan kohabitazioa zera da: «Egoera politiko bat, non errepublikako presidentea eta diputatuen gehiengoa kontrako joera politikokoak diren. Gobernua Asanblea Nazionalaren aurrean erantzule denez, errepublikako presidenteak nahiago izaten du Asanblea Nazionalaren gehiengoaren sostengua izan dezakeen norbait izendatu gobernu horren buru».
Hau da, praktikan, ideologia bat baino gehiagoko politikari edo alderdiak agintean elkarrekin egotean gertatzen da kohabitazioa. Estatuburuari dagokio lehen ministroa aukeratzea, eta, beraz, ohikoa da parlamentuko behe ganberan ordezkaritzarik handiena lortzen duen indar politikoaren hautagaia aukeratzea kargu horretarako, ganberaren babesa izango lukeelako. Hortaz, inkestek aurreikusi bezala eskuin muturrak lortzen badu aulki gehien, Macronek, berez, RN Batasun Nazionaleko Jordan Bardella izendatu beharko luke gobernuburu.
Zenbat kohabitazio izan dira V. Errepublikan?
1958an V. Errepublika indarrean sartu zenetik, hirutan izan dute kohabitazioa. Egoera hori, hortaz, gutxitan gertatu da, eta ezohikoa izan da sei hamarkada pasatxotan.
Lehen kohabitazioak bi urte iraun zuen, 1986tik 1988ra. PS Alderdi Sozialistako François Mitterrand zen presidentea 1981etik, baina 1986ko Asanblearako bozetan aulkien gehiengo osoa lortu zuen RPR Errepublikaren Aldeko Batasunak eta UDF Frantziako Demokraziaren Aldeko Batasunak osatu zuten aliantzak, eta Jacques Chirac (RPR) lehen ministro izendatu zuen Mitterrandek.
Bigarren kohabitazioak ere bi urte iraun zuen, 1993tik 1995era; kasu horretan ere, estatuburua Mitterrand zen, 1988an berriz irabazi baitzituen presidentetzarako hauteskundeak. Eta Asanblearako bozei dagokienez, egoera berbera errepikatu zen, 1993koetan RPR-ren eta UDFren arteko aliantza gailendu baitzen, eserlekuen gehiengo osoa lortzeraino. Ordukoan, ordea, gobernuburua Edouard Balladur (RPR) izan zen.
Hirugarren eta azken kohabitazioa orain arteko luzeena izan da, bost urtekoa, 1997tik 2002ra. Eta, lehen aldiz, kontrakoa izan zen harremana: Chirac zen presidentea 1995etik, baina, Macronek aurten egin bezala, Asanblearako bozak aurreratzea erabaki zuen, eta Ezker Plurala koalizioak —PSk, PCF Frantziako Alderdi Komunistak, PRG Ezkerreko Alderdi Erradikalak, MDC Herritarren Mugimenduak eta Berdeak alderdiek osatua— lortu zuen diputatuen gehiengo osoa. Lionel Jospin (PS) bilakatu zen, hortaz, lehen ministro.
Esperientzia horien ondoren, estatuburuaren agintaldia zazpi urtetik bostera txikitu zuten 2000n, eta hauteskundeen egutegia moldatu zuten, Asanblearako bozak presidentetzarakoen ondoren berehala egiteko. Horren guztiaren ondorioz, estatuburu hautatuaren alderdiak edo koalizioak beti lortu du aulkien gehiengo osoa parlamentuko behe ganberan, 2022an salbu.
Nola banatzen da presidentearen eta lehen ministroaren arteko boterea?
Hiru kohabitazio horietan gertaturikoa eta Frantziako Konstituzioa aintzat hartuz gero, elkarbizitza politiko horretan lehen ministroak —eta gobernuak— izaten du indar handiagoa presidenteak baino. Estatuburua, modu batera esatearren, oposizioburua bilakatzen da, betiere Asanbleako logikaren ikuspuntutik, eta, beraz, boteregunea Eliseotik Matignonera pasatzen da.
Konstituzioko 20. artikuluaren arabera, «gobernuak zehazten du eta gidatzen du nazioaren politika», eta presidenteak ebazle lana izaten du, 5. artikuluan jasota dagoenez. Hori, berez, kohabitazio garaian besterik ez da gertatzen, estatuburuaren alderdiak edo koalizioak gehiengo osoa duen kasuetan presidenteak erabakitzen baitu zein den politika hori.
Barne politikari dagokionez, hortaz, lehen ministroak du garrantzi handiagoa kohabitazioetan, «gobernuaren ekintza gidatzen» duelako, eta, besteak beste, «legeen exekuzioa bermatzen» duelako, konstituzioaren arabera. Presidenteak, beraz, bigarren mailako profil bat du, modu batera esatearren; halere, baditu bestelako ahalmenak: kasurako, uko egin diezaioke parlamentuak onarturiko legeak promulgatzeari —ez lirateke indarrean sartuko—, atzerri politikarekin zerikusia duten erabakiak bakarrik har ditzake eta Asanblea desegin dezake, gehiengo osoa berreskuratzen saiatzeko.
Kohabitazioan desegonkortasun politikoa da nagusi?
V. Errepublikan izandako hiru kohabitazioek erakutsi dute ez dela zertan ezegonkortasun politikorik izan, eta, presidentearen eta lehen ministroaren arteko harremana txarra bada ere, horrek ez duela eragin handirik izaten erakundeen funtzionamenduan.
Hori bai, hiru kohabitazio horiek bazuten berezitasun bat: lehen ministroaren alderdiak edo koalizioak gehiengo osoa zuela Asanblean. Hori gabeko kohabitazio egoerarik ez dute inoiz izan V. Errepublikan; beraz, oraingoz ez dago jakiterik egoera horretan gobernabidea bermatuta egongo den.