Siriaren mendeko Kurdistanen, egunez egun ibili ziren Kobaneko guduan: bi etsai porrokatu, elkarrengandik metro gutxitara buruz buru. 2014ko irailean, Estatu Islamikoak (EI) inguru hartako herriak konkistatu zituen, eta tankeekin eta artilleriarekin apuntatu zuen hiri aldera. Gero, kilometroz kilometro, metroz metro, hiria setiatu zuten. Urria iritsi zen, eta EIk bere bandera beltza goratu zuen Kobaneren parte batean.
Siriako kurduek gordea zuten «azken bala, beren bizia etsaiaren eskuetan ez uzteko». Halaxe esplikatu du Mustafa Abid-ek; Turkiako muga inguruko hiri hartakoa da, kurdua bera, eta senide batzuk galdu ditu guduan. Setioan lau hilabete pasatu eta gero, Kobaneko miliziak hautsi egin zuen setioa, 2015eko urtarrilaren 26an. Eta erasoari ekin zion EI Rojava eskualdetik botatzeko, Siriaren barneko Kurdistandik. Urtebete geroago, hiria porrokaturik dago, tonaka hondakin kalean. Etxeetan, ez argindarrik eta ez urik, eta biztanleek dei egin diote nazioarteari, berreraikitzeko laguntza eske.
Sara A. Madrilgo aktibista bat da, Kurdistanen aldeko Rojava Azadi plataformakoa, eta Kurdistanen izan zen 2015eko martxoan. Turkiako mugan, milaka lagun ikusi zituen, Kobanera itzultzen ari zirela. «Hiria lur jota zegoen, eta EIk minak eta beste tranpa batzuk utziak zituen zutik zirauten etxe gutxi haietan», kontatu du. Abiden anaia batek hamabost TNT zilindro aurkitu zituen etxean, norbait sartzean lehertzeko preparatuak. «Kurdu jendeak hilabete asko egin zituen Turkian iheslari, baina ez zuten Europara joan nahi: ahalik eta azkarrena itzuli besterik ez zuten buruan, nahiz eta kanpadendetan lo egin behar izan». Kalkulatu da borroka fronte horretan 300.000 lagunek lekualdatu behar izan dutela.
«Herri kurdua izan da EIk Siriako leku askotan izan duen oztopo bakarra», azaldu du Manuel Martorell nafar kazetari eta eskualde hari buruzko zenbait libururen egileak. Lurralde hark—Turkiako muga ingurua, ekialdetik mendebaldera— autonomo aldarrikatu zuen bere burua, eta jihadisten kontra defendatzeko preparatu zen. EIk kurduak suntsitu nahi zituen, eta erdialdeko eskualdeari eraso zion, Kobaneri. Hartara, modua izango zuen herri hori bizi den beste lurralde batzuk ere bakartzeko: Afrin ipar-ekialdean; Tal Abyad eta Jazira ipar-mendebaldean.
Borroken hasiera hartan, «Europarentzat eta AEBentzat ez zen estrategikoa herri kurduak defendatzea», Abidek gogora ekarri duenez; hark ihes egin behar izan zuen bere hiritik 1970eko urteetan. Gerra, hiriko gerra bihurtu zen, etxez etxekoa: «Mendebaldea konturatu zen kurduek ez dugula amore ematen, eta nazioarteko koalizioa bonbardatzen hasi zen». Martorellek azaldu duenez, Frantziak eta Erresuma Batuak garbi ikusi zuten: «Kobane eroriz gero, Siria guztia eroriko da».
Nazioarteari deia
Kobaneko borroken gogorrak hondakin bihurtu du hiria: ia eraikinen %70 erorita daude. Sara A. Rojava Azadiko aktibista bisitan ibili da lehenbiziko proiektuetan; esaterako, ogi kooperatiban, eskoletan eta ospitaleetan. «Ingeniarien laguntza behar dute, arkitektoena; etxeetako eta soroetako minak kentzeko laguntza ere bai, eta hezitzaileena», laburbildu du.
Hiria askatu eta aurreneko asteetan, herritarrek kanpadendetan lo egin zuten, edo hain gaizki ez zeuden etxeetan, hiriaren mendebaldean: «Etxe bakoitzean, familia batzuk sartzen ziren», erantsi du Abidek.
Hiriko agintariek elkartasuna eskatu diote nazioarteari, EIri gogor egin eta «gizadi guztiaren alde borrokatu zen» hiria berreraikitzeko, Abiden hitzez esanda. Orain, urtebete geroago, «hobera egin dute», Abidek azaldu duenez, baina Turkiak nahieran kontrolatzen du muga, eta, askotan, ez du uzten hornigaiak eraman ditzaten. «Bi egunetan bakarrik zabaltzen du pasabidea: astelehenean eta ostegunean. Horren ondorioz, eraikitzeko material asko Iraketik sartu behar izaten da». Horregatik, Kobanerainoko pasabide humanitario bat zabaltzeko eskatzen dio Abidek Nazio Batuen Erakundeari.
Alemaniatik ekarritako inprimatze makina bat da auzo herriaren borondatearen mende dauden proiektuetako bat. Eskoletarako liburuak inprimatu nahi dituzte, eskolak funtsezkoak izango baitira martxan duten iraultza sozialean.
Gizartea eraldatu
Sara A.-k bere begiz ikusi nahi zuen konfederalismo demokratikoan oinarrituriko prozesu hori, eta horretarako joan zen Kobanera. Kutsu libertarioko sozialismoa gertu duen teoria politiko bat darabilte, eta Sara A.-k modua izan du eskualdeko gobernuak Rojavan egin dituen aldaketetako asko dokumentatzeko. Ikastetxeetan, eskolak kurdueraz eta arabieraz dira. Lehenbiziko aldiz, herritarrek beren hizkuntzan ikas dezakete, lehen debekatua zegoen eta.
Gainera, erabakiak adostuta hartu behar dira, baita milizian ere, non oso garrantzizkoa baita prestakuntza ideologikoa. «Autodefentsa indarretako kideek, Herriaren Babes Unitateek [YPG] eta Emakumeen Babes Unitateek [YPJ] autokritikarako batzarrak egiten dituzte; edozein miliziakidek kargu har diezaioke bere komandanteari, eta hark entzun beharra dauka», kontatu du Sara A.-k.
Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari dagokionez, Rojavan «debekatua dago poligamia; emakumeek hereda dezakete, eta milizian ere hasiak dira parekotasuna ezartzen: soldaduen %30 eta %40 bitarte emakumeak dira», azaldu du Abidek. «Europako toki batzuetan baino aurreratuagoak gaude», biribildu du, harro.
Hiria askatu zuteneko lehen urteurrenean, kurduek garaipena ospatu dute, eta haren ondorioak ere bai: «Kobanen garaitua izatea, horra EIk hartu duen kolperik latzena. Nagusitasuna galdu du, eta, geroztik, lurrak galdu eta galdu ari da», zehaztu du Martorellek. Sirian, kurduak jihadisten kontrako aliatu bat dira, eta erasora ere jo dute, Kurdistanen beste parte batzuetako hiriak askatzeko. Jokaleku politikoan, kurduek «gudu zelaian bereganatu dute entzunak izateko errespetua, baina, ordainetan, gazte asko galdu behar izan dituzte», Martorellek gogorarazi duenez.
Kobane, lehen esperantza urtea
Siria barneko Kurdistango hiria askatu eta urtebetera, berreraikuntzarako laguntza eskatzen ari dira.Rojavako erakunde autonomoek beren plangintza politikoa garatu dute azken urtebetean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu