Alemania. Legebiltzarrerako hauteskundeak

Koalizio Handiari begira

Alderdi liberalek botoen %5 lortu ez eta Bundestagetik kanpo geratzen bada, SPD prest agertu da CDUrekin koalizioa egitekoEzkerrarekin gobernatzeari uko egin dio SPDk, Berdeak gehituta aukera izan arren

Berlin
2013ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Alemanian gobernuan dauden bi indarren arteko gatazkak bizitasuna eman dio parlamenturako hauteskundeen azken txanpari. Inkestek Bundestagen sartzeko beharrezkoa den %5 justuan ematen diote FDP Alderdi Demokratiko Liberalari, baina Angela Merkel kantzilerrak ez du onartu CDU Batasun Demokristauak bigarren botoa deitzen dena liberalei uztea.

Izan ere, Alemanian botopaperak bi zatitan banatuta daude. Ezkerreko zutabean, alderdiek aurreneko botorako osatu duten hautagaien zerrenda dago, eta, eskuinean, bigarren botorako alderdien zerrenda, erabakigarriena. Aurreneko botoan, hautesleek zuzenean ematen diete botoa 299 hautesbarrutietako hautagaiei, eta gehiengoa lortzen duenak eskuratzen du eserlekua barruti bakoitzean. Beste 299 eserlekuak zeinek hartuko duten, eskuineko zutabean ageri diren hautagai zerrendatik erabakitzen da. Bigarren boto hori, baina, ez zaio hautagai jakin bati ematen, baizik eta alderdiei. Eta bigarren botoek erabakitzen dute alderdi bakoitzak parlamentuko behe ganberan izango duen indarra.

Etengabeko krisi politikoan eta bizirik irauteko borrokan, bigarren botoa liberalei emateko eskatu zien CDUko militanteei FDPk. Baina Merkelek ezezko borobila eman zion demokristauek aukera hori babesteari: «CDUk ezin die boto bakar bat ere oparitu beste alderdiei. Boto guztiak behar ditugu ni izan nadin Alemaniako Errepublika Federaleko kantzilerra».

Merkelen ezezkoak ataka zailean jarri du FDP, orain dela astebete Bavariako parlamentutik kanpo geratu baitziren, botoen %3,3 eskas eskuratuta.

SPDren ukoa Ezkerrari

Deutschlandtrendek ARD telebista publikoarentzat eginiko inkestak azken astean Merkelen aldeko aliantzari puntu bateko jaitsiera eman ziolarik, oposizioa gehiengoa lortzeko moduan dela erakutsi zuen. CDU alderdi demokristauari eta CSU Bavariako sozialdemokratei botoen %40 eman zizkien, eta FDP %5eko mugan utzi zuen. Oposizioan, berriz, SPDk puntu bat irabazi zuen (%28), Berdeak %10ean utzi zituen, eta Die Linke (Ezkerra) egonkor ageri zen, %8rekin, bereziki Ekialdeko Alemanian duen indarragatik. Horrenbestez, baliteke gobernuko alderdiek botoen %45 eskuratzea, eta oposiziokoek, %46. Baina ezkerreko aliantza ez da egingarria.

Emaitza horiekin, SPD Aliantza Handirako prestatzen ari da kristaudemokratekin. Gaurko emaitzek koalizio beltz-horiari (CDU-FDP) edo koalizio gorri-berdeari (SPD-Berdeak) ez badiote gehiengoa ematen, Peer Steinbrueck CDUrekin koalizio gobernuaren osaeraz negoziatzeko prest dagoela jakinarazi dute sozialdemokratek. Bozen aurretik, izan ere, Berdeekin eta Die Linkerekin gehiengoa lortzeko modua ikusi arren, sozialistekin gobernatzea baztertu egin du. Merkelentzat formula ezaguna litzateke, bere aurreneko agintaldian ere Koalizio Handiarekin gobernatu baitzuen.

Steinbrueckek eta SPDko presidente Sigmar Gabrielek Koalizio Handiaren aukera hobestea hitzartu zuten, sozialistekin gobernatzeko aukera baztertuta. Hori dela eta, SPDko alde ezkertiarra gutxienez bost eskakizun zehatz biltzen dituen katalogo bat prestatzen ari da, demokristauekiko negoziaziorako. Puntuetako batean, Alemania osoan gutxieneko soldata bat bermatzea, fiskalitate tasa igotzea, errenta solidario bat bideratzea eta herritartasun bikoitza onartzea jaso dituzte.

Merkelek, dena den, atzo bertan baztertu egin zuen Alemaniarako gutxieneko soldata bat ezartzea —negoziazio kolektiboen bidez ezartzea hobetsi zuen, eta fiskalitatean zergak eta tasak igotzea ere okerra litzatekeela esan zuen: «Diru sarrera gehiago ez, gutxiago izango genituzke; eta lanpostu gehiago ere ez, baizik eta gutxiago».

Indar berri bat eskuinean

Gaurko bozetan, CDU-CSU aliantzaren garaipen argiak zer koalizio aukera utziko duen da galdera nagusia. Merkelek agintean ez jarraitzeko, aurreikuspenak alde handiz gainditu beharko lituzkete SDPk eta Berdeek.

Baina ezusteko bat ere izan liteke, eskuinean AfD Alemaniarako Alternatiba alderdi populista eta eurokritikoa parlamentuan sartzeko moduan baita. Izan ere, INSA institutuaren azken inkestaren arabera,botoen %5eko mugan dago. Aurrez botoen %2,5 eta %4 artean ematen zieten AfDri. Eta Alemaniako agertoki politikoan lekua irabazten badu, epe ertainean Demokrazia Kristauren haustura ere eragin lezake.

Sozialdemokraziak 2007 aurreko urteetan bizi izan zuenaren antzekoa gerta liteke eskuinean. Die Linke Ezkerreko Alderdia, izan ere, PDS Sozialismo Demokratikoaren Alderdiak eta WASG alderdiak bat egitetik sortu zen. Sozialdemokraziaren disidenteek leku egonkorra lortu dute ordutik Alemaniako politikan, eta SPDk beherakada izan du.

Bost indar nagusiez gain —azkenean FDPk botoen %5 lortzen baditu—, AfD da Bundestagen sartzea lortu dezakeen bakarra. Piratak (%2) eta beste hogeitaka hautagaitza txiki, aukerarik gabe daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.