Kontserbadoreek eta sozialdemokratek osatutako Koalizioa Handia indartuta atera zen Alemaniako hiru landerretan asteburuan egindako bozetatik. Albiste onak dira horiek Angela Merkel kantzilerra buru duen koalizioarentzat. Igandeko bozen ostean, Merkelen Batasun Demokrata Kristauak (CDU) aginduko du Baden-Wuerttembergen eta Saxonia-Anhalten. Aldiz, Alderdi Sozialdemokratak (SPD) aginteari eutsiko dio Renania-Palatinatuan.
Azken lau hilabeteetan, sistema federalean oinarrituz, koalizio gobernua osatu duten bi alderdi nagusiek indargabetu egin zuten beren arteko lehia, herenegungo landerretako bozetarako eta horiek igaro arte apalean utzi zituzten auzi gogorragoak. Ondorioz, kanpaina motela izan zen. Merkel kantzilerraren kristau-demokratak eta koaliziokide sozialdemokratak uko egin zioten kanpainan elkarren aurka aritzeari, horrek haien aliantza arriskuan jarri ez zezan. Baina landerretako hauteskundeen ostean bazterrean utzitako barne auzietara itzuliko direla espero dute herritarrek, behintzat hurrengo bozak arte. Datorren urte amaieran izango dira horiek. Osasunerako eta lan arloko politiken auziak probatu egingo ditu koalizioaren batasuna eta diziplina.
SPD, lehen aldiz, agintean bakarrik
Baden-Wuerttemberg kontserbadoreen gotorlekua da, eta han daude Alemaniako enpresarik handienak ere, DaimlerChrysler AG eta Porsche. Han botoen %44,2 irabazi zituzten Merkelen kristau-demokratek. CDUk agindu du lander horretan azken mende erdian eta, seguruenik, FDP Alderdi Liberalarekin duten koalizioari eutsiko diote. Haren aldamenean dago Renania-Palatinatua, eta hor sozialdemokraten buru Kurt Beckek botoen %45,5 irabazi zituen. Oposizioan zeuden kontserbadoreei inoizko kolperik handiena joz eta, lehen aldiz, bakarrik agintzeko adina eserleku kopuru lortuz SPDrentzat.
Saxonia-Anhalt ekialdean dago, eta langabezia tasa %20ra iristen da. Han kristau -emokratek botoen %36,6 lortu zituzten. Ekialdeko lander horretan hautesleek nahiago izan zuten Ezkerreko Alderdiari bozkatu botoen %24,2, sozialdemokraten alde egin baino. Kontserbadoreen ohiko aliatuek, liberalek, ez zuten koalizioarekin jarraitzeko beharrezko boto kopurua lortu. Hala ere, kristau-demokratek sozialdemokratekin aliantza lortzeko itxaropena dute.
Alderdi Liberala galtzaile nagusi
Hauteskundeetako galtzaile nagusiak liberalak izan ziren. Hiru landerretako irabazleek liberalekin bat eginda agindu ohi zuten, eta horrek nahikoa botere ematen zion FDPri Senatuan lege proposamenak gelditzeko. Orain, baina, FDPkoak Saxonia-Anhalteko eta Renania-Palatinatuko gobernuetatik kanpo geratu dira. Horrek indartu egingo du Merkelen koalizioa Senatuan, non Alemaniako 16 estatuak dauden ordezkatuta.
Hamazazpi milioi alemaniar inguru bost hautesletik batek zeuden bozkatzera deituta. Baina bi Alemaniak bat egin zutenetik 1990ean inoizko parte-hartzerik baxuena izan zen herenegungoa. Altuena Renania-Palatinatukoa izan zen: %58,2.
Koalizioaren arrakasta gisa ospatu zuten CDUk eta SPDk igandeko bozetako garaipena. Hala ere, parte-hartze eskasak frogatzen du ordezkaritza politikoaren krisia ez dagoela oraindik konponduta. Askok uste dute beraien arazo eta interesak ez daudela ordezkatuta Gobernuan. Ezkerrak ere ez du arrakastarik izan herritar horien arazoak konpontzen. Beraz, aipagarria da Baden-Wuerttembergen sozialdemokratek izandako porrotak ez diola WASG Lana eta Justizia Sozialerako Hauteskunde Aliantzari mesederik egin, botoen %3 soilik jaso dituelako. Renania-Palatinatuan ere gauza bera gertatu zaio SPD alderdikoak kide ohiek duela bi urte sortutako alderdiari.
Koalizio Handia indartuta irten da landerretako bozetatik
Kontserbadoreek eta sozialdemokratek irabazi dituzte hauteskundeak, hiru landerretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu