ANC Afrikako Kongresu Nazionalak gehiengo osoa galdu zuen iragan hilabeteko Hegoafrikako Parlamenturako hauteskundeetan, apartheidaren ostean lehen aldiz. 30 urte zeramatzan gobernuan Nelson Mandelaren alderdiak; oraingoan, baina, boterean segitu ahal izateko beste alderdiren baten babesa behar zuen ANCk, eta lortu du. Gaur osatu dute parlamentua, eta, ezustekorik ezean, Cyril Ramaphosa hautatuko dute presidente, 2018an bereganatu zuen kargua berretsiz. DA Aliantza Demokratikoaren, IFP Inkatha-Askatasunaren Alderdiaren eta Aliantza Patriotikoaren babesa izango du.
IFPk duela egun batzuk aurreratu zuen prest zegoela batasun nazionaleko gobernu batean parte hartzeko; botoen %4 eskuratu zituen maiatzaren 29ko hauteskundeetan. Beste bi alderdiei zegokienez, baina, zalantzak zeuden gaur arte. Parlamentua osatzen ari ziren bitartean, ordea, bertako hedabideek argitaratu dute lau alderdiak koalizio gobernu bat eratzekoak direla. Horrela, boto gehien eskuratu duten bi indar politikoek —ANC eta DA— bat egingo dute koalizio gobernuan. Bi alderdi horien eserlekuak IFPk eta Aliantza Patritikoak lortu zituztenei gehituz gero, 272 diputatu izango ditu aliantzak parlamentuan: gehiengo osorako behar diren 201 diputatuak baino askoz ere gehiago.
DAko buruzagi John Steenhuisenek aliantzaren berri eman du parlamentuan Ramaphosa presidente hautatzeko bozketa baino lehen. Hedabideen aurrean egindako agerraldian, esan du herrialdeak luze gabe dituen erronkak «larriak» direla: «Ekonomia, azpiegiturak eta krimena dira Hegoafrikak dituen erronkarik handienak». Gainera, iragarri duten koalizio gobernuari «heldutasuna» eskatu dio. «Datozen urteetan egin beharreko bidea ez da erraza izango, baina bide egokia da», nabarmendu du Steenhuisenek.
Koalizoaren nahia errespetatzen dela ziurtatze aldera, koalizioa osatuko duten indarrek adostu dute gutxienez diputatuen %60ren oniritzia biltzea legeak aurrera ateratzeko orduan. Hau da, 240 diputaturen babesa beharko dute. ANCk eta ADk elkarrekin 246 diputatu dituzte; beraz, ez dituzte koalizioko beste alderdien botoak beharko. Akordioan zehaztu dute, gainera, Gauteng and KwaZulu-Natal probintzietan ere koalizioan gobernatzea.
«Ekonomia, azpiegiturak eta krimena dira Hegoafrikak dituen erronkarik handienak».
JOHN STEENHUISEN DAko buruzagia
ANCk irabazi zituen hauteskundeak, botoen %40 eskuratuta, eta gaur zortzi hasi zituzten negoziazioak herrialdeko beste alderdiekin. Ez da izan, baina, elkarrizketa sorta erraza Ramaphosarentzat. Gobernatzeko formula bilatzeko zailtasunak nabarmenak dira, oposizioko indarrek desadostasun politiko handiak baitituzte, eta marra gorri andana. Horiek horrela, elkarrizketak hasi zituztenean batasun nazionaleko gobernu bat bilatuko zutela adierazi zuen ANCk, eta azkenean, lortu dute.
«Batasun nazionalaz» aritzerakoan zentrora egingo duen gobernu batez ari direla adierazi zuen Fikile Mbalula ANCko idazkari nagusiak atzo. Izan ere, aurreko egunetan, gainerako indar politikoekin negoziatzen ari ziren bitartean, kazetariei esan zien Mandelaren alderditik ezkerrera dauden indarrek ez zutela begi onez ikusten ANCrekin batera koalizio bat eratzea; eta, beraz, espektro politikoan ANCtik eskumarago dauden alderdiekin akordio bat lortzera behartuta ikusi dute beren burua; bereziki, DArekin, zeinak zurien interesak defendatzen baititu.
Oposizioa, zaila
2009tik 2018ra bitarteko presidente Jacob Zumaren MK izango da oposizioan indar gehien izango duena. Hauteskundeetan hirugarren gelditu zen alderdi berria, eta hasieratik argi utzi du ANCren —eta batasun nazionaleko koalizio baten— aurka dagoela. Are gehiago, emaitzak ez ditu onartu, boto gehiago lortu zituztela argudiatuta. Hortaz, parlamentuari eta gobernu berriari boikot egitera deitu zuten, eta hala egin dute gaur. Diputatuek zin egin behar zuten beren eserlekua hartzeko, eta MK-ko 58ak ez dira agertu haien izenak esan dituztenean. Geroago, halere, ganberan sartu dira.
Zumaren alderdiak zaila izango du koalizio gobernuari oposizioa egitea, 272 eserlekuren aurrean 58 besterik ez dute eta.