Klima larrialdia

Klimaren bost inflexio-puntu bueltarik gabeko aldaketan sartu direla ohartarazi dute

IPCCk aipatu baino lehenago gertatzen ari dira atzeraezinezko aldaketak, hainbat zientzialarik egindako ikerketa baten arabera.

Groenlandiako izotz urtua, beroaldi baten ostean. NASA
inaki petxarroman
2022ko irailaren 10a
21:42
Entzun

Klima aldaketaren bost inflexio-puntu (ingelesezko tipping point gisa ezagunak) aktibatu egin direla beldur dira zientzialariak, irailaren 9an Science aldizkarian argitaratu den ikerketa zientifiko baten arabera. Hain zuzen ere, hamasei puntu identifikatu dituzte, eta horietako bostetan jarri dute arriskuaren azpimarra: Groenlandiako eta Antartikaren mendebaldeko glaziarren urtzea, eskualde borealetako izotz iraunkorren bat-bateko urtzea, tropikoetako koral uharrien desagertzea, eta ipar Atlantikoko itsas zirkulazioaren korronte garrantzitsu baten kolapsoa. Inflexio-puntu horien aktibatzeari garrantzi handia aitortzen diote zientzialariek, segurtasun klimatikoaren berme bat diren heinean. Horrela, planeta berotzen den gradu hamarren bakoitzak atzera bueltarik gabeko beste puntu bat pitz dezake, eta are zailago bihurtu egoera kontrolpean jartzea, elkar elikatze positiboko prozesuak martxan jartzen direlako.

Prozesu horien adibide bat jarri dute ikerketa egileek: Barentseko itsasoaren neguko izotzaren galera. Atlantikoko ur epelak sartzen ari dira bertan, eta izotz gabe uzten neguan izoztuta egon ohi den itsaso hori. «Horrek eragin nabarmena du zirkulazio atmosferikoan, Europako kliman eta, potentzialki, Atlantikoko hegorako iraultze zirkulazioan».

Klima Aldaketarako Gobernuarteko Adituen Taldeak (IPCC) egindako seigarren ebaluazio txostenak ohartarazi zuen 2 graduko berotzearekin arrisku «altua» dagoela inflexio-puntuak aktibatzeko, eta 2,5 gradukoarekin «oso altua». Alabaina, Estokolmeko Unibertsitateko irakasleek gidatutako ikerketa honek jakinarazi du litekeena dela hamar inflexio-puntu lehenago aktibatzekoa, baita industria aurreko tenperatura 2 gradu berotzera iritsiko ez balitz ere. Gaur egun 1,1-1,2 gradu berotu da munduko tenperatura, zientzialariek egindako neurketen arabera.

Ikerketa honen arabera, aipatutako hamasei inflexio-puntu horietatik batzuk laster egongo dira gainditzeko zorian: Amazoniaren degradazioa, ekialdeko Antartikako glaziarren azpiko arroen kolapsoa edo Hego Amerikako mendiko glaziarren desagertzea.

Ikerketaren egileek berretsi dute gizakien karbono isurketak ari direla eragiten klima aldaketa, eta 2 eta 3 gradu arteko berotzea izango dela mende honen amaierarako. Hori saihesteko, eta Parisko Hitzarmenaren helburuak betetzeko –1,5 graduko berotzea– %50eko probabilitatea izateko, CO2 isurketak erdira murriztu beharko lirateke hamarkada hau bukatzerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.