Klima larrialdian inor atzean ez uzteko funtsak

Egunotan 200 herrialdetako ordezkariak Bonnen bildu dira klima aldaketari buruzko NBEren konferentzian. Hartan, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko herrialde aberatsek pobreei eman beharreko finantzaketaz aritu dira, besteak beste.

Maitzean Brasilen izandako uholdeengatik etxetik ihes egitera behartutako emakume bat, Porto Alegren. DANIEL MARENCO / EFE
Maitzean Brasilen izandako uholdeengatik etxetik ihes egitera behartutako emakume bat, Porto Alegren. DANIEL MARENCO / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko ekainaren 13a
05:05
Entzun

Klima larrialdiak geroz eta pisu handiagoa du nazioarteko politikan. Europako Batzordearen Copernicus klima aldaketari buruzko zerbitzuak emandako datuen arabera, azken hamabi hilabeteetan inoizko batezbesteko tenperaturarik beroena izan da: 1850-1900 artean baino 1,63 gradu beroagoa. Jokaleku horretan bildu dira 200 herrialdetako ordezkariak Bonnen (Alemania), klima aldaketari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundearen konferentzian. Egunotako hartu-emanak ez dira debaldekoak. Izan ere, azaroan Azerbaijango hiriburuan egitekoa den COP29 biltzarra prestatzeko negoziazioak dira, han jorratuko diren gai nagusietan akordioa lortzeko esparruak lantzeko bilkurak.

Elkarrizketa horien ondorioak plazaratzea espero da gaur. Besteak beste, herrialde aberatsek pobreei eman beharreko finantzaketari buruzkoak. Ez da ausaz hartu beharreko erabakia. Azken urteetan, klimarekin lotutako ikerketa eta konferentzia askotan ondorioztatu dute Mendebaldeak baliabide ekonomiko gehiago eman beharko dizkiela beste herrialdeei, eta herrialdeek 2024a amaitu aurretik finantzaketa helburu berri bat adosteko konpromisoa dute. COP29 biltzarrean zehaztu behar dute nork jarri behar duen dirua, eta zenbat. Aurretik, herrialde aberatsek adostu zuten urteko 93.000 milioi euroko saila eratzea 2020rako, eta bi urteko atzerapenarekin bete zuten hitza. Diru fluxu horrek balio behar du energia berriztagarrietara jotzeko —energia hori erabil dezaketen azpiegiturak eraikitzeko ere bai—, herrialde guztiek, inor atzean utzi barik. Beste funts batzuk ere badira, klima larrialdira egokitzeko eta hark eragindako kalteei aurre egiteko.

Hainbat ikerketek baieztatu dute herrialde txiroagoek jasaten dituztela Mendebaldeak ingurumenari egindako kalteen ondorio latzenak. James Hansen eta Makiko Satok berotegi efektuak lekuan-lekuan izandako eragina ikertu zuten 2016an, eta, ondorioztatu zutenez, latitude baxuenetan dauden herrialdeek pairatzen dituzte eragin negatiboenak. Are gehiago, Oxfamek egindako Climate Equality: A planet for the 99% (Berdintasun klimatikoa: %99rentzako planeta bat) txostenean ageri denaren arabera, Iparralde globaleko herrialdeek «isuri gaindikinen %92ren ardura dute».

«Klima larrialdiaren errua Txinari, Indiari edo Brasili egoztea geure buruari tranpa egitea da. Herrialde horietan ekoizten diren ondasun asko Mendebaldean kontsumitzeko dira».

JACOBO OCHARANOxfam Intermoneko klima aldaketarako taldearen arduraduna

Klima larrialdiaren ondorioak «gehien» pairatzen dituztenak «erantzukizun» gutxien dutenak direla iritzi dio Oxfam Intermoneko klima aldaketarako taldearen arduradun Jacobo Ocharanek. Arazoak «kalte bikoitza» dakarrela adierazi du: «Karbono isurien, bizitzeko eraren zein gainprodukzioaren ondorioz larrialdia eragin dugun herrialdeok ez dugu aitortzen gure erantzukizuna, eta herrialde txiroagoei ez diegu bidaltzen arazoari aurre egiten lagunduko liekeen funtsik». Are gehiago, Oxfamek egindako txostenean azpimarratzen dutenez, klima larrialdia eta ezberdintasun ekonomikoak «modu bereizezinean daude lotuak», eta elkar elikatzen dute.

Baina zergatik sortu diru laguntzen jario bat? Ocharanek nabarmendu duenez, «batez ere egokitzapen gaitasuna txikia denean» nozitzen dira klima aldaketaren ondorioak. Gaitasun hori bi multzotan bana daiteke. Alde batetik, azpiegiturak uholdeei eta antzeko hondamendiei aurre egiteko prest egotea. Eta, bestetik, behin hondamendi bat egonda erantzuteko gaitasuna izatea. «Uholde bat badago, herritarrak babesteko inbertsioak egin dituzten herrialdeek edota berreraikitzeko funts aktiboagoak dituztenek askoz gutxiago sufritzen dute», esan du Oxfam Intermoneko ikerlariak.

Sistema aldaketa

Ocharanek argi du klima larrialdiari aurre egiteko era bakarra sistemaren aldaketa bat dela: «Etengabeko hazkundean oinarritutako produkzio sistema bideraezina da; aldatu egin behar dugu». Larrialdiari aurre egiteko, «erabaki drastiko eta mingarriak» hartu behar dira. Ikerlariaren aburuz, sistema goitik behera aldatzeko aurreneko pausoa zera da, biztanleriak bizi baldintzak hobetzeko dituen «bide bakarra etengabeko hazkunde ekonomikoa delako ideia suntsitzea».

Hor, baina, herrialde txiroenek aldarrikatzen duten garapenerako eskubidea dago. Haien esanetan, Mendebaldeak mendeetan kutsatu duenari esker lortu du gaur duen maila ekonomiko eta soziala, besteak beste. Hori dela eta, garapen bidean dauden herrialdeek ere kutsatzeko eskubidea izan beharko lukete. Orain hilabete gutxi, oihartzuna izan zuten Guyanako presidente Mohamed Irfaan Aliren hitzek. BBC kateari martxoan emandako elkarrizketa batean, Mendebaldeko kazetariak kritikatu egin zuen gas naturala ustiatzeagatik Guyanak isuriko duen CO2 kopurua. Presidenteak, ordea, «hipokrita» izatea leporatu zion: «Lurrak biodibertsitatearen %65 galdu du azken 50 urtetan, zuen erruz, eta gu gure biodibertsitatea mantentzeaz arduratu gara. Balioa emango al diozue noizbait? Horregatik ordainduko al diguzue?». Ikerlariak adierazi duenez, herrialde pobreei nolabaiteko aldea eman behar zaie aldaketa mantsoago egin dezaten, baina oraingo CO2 isuri mailei eutsiz gero «inor» ez da salbatuko; «ez herrialde aberatsenak, ezta txiroenak ere».

Hala ere, ikerlariak uste du hipokrisia hori egon badagoela. Herrialdeak «lehiakortasun global» batean murgildurik daudela esan du; are gehiago, herrialde txiroenei begira Mendebaldeak «bere buruari tranpa» egiten diola iritzi dio: «Klima larrialdiaren errua Txinari, Indiari edo Brasili egoztea geure buruari tranpa egitea da. Izan ere, herrialde horietan ekoizten diren ondasun asko Mendebaldean kontsumitzeko dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.