Naturaren legea eta gizakiarena. Lehenengoa gabe, bigarrena ez da, baina gizakiak ez du hori beti aintzat hartu, eta zuzenbidearen praktikak askotan eman ditu ontzat ingurunea kutsatu duten eta ekosistemak suntsitu dituzten jarduerak. Hainbesteraino, gizakiaren existentzia bera arriskuan baita entzungor egiteari utzi ezean. Zuzenbideari naturaren legea aintzat har dezala eskatzen ari dira, funtsean, mundu osoan ugaritu diren klima auziak. Geroz eta gehiago dira auzitara jo dutenak kontu eske, Lurraren berotzearen aurka eta estatuek hari aurre egiteko nahikoa neurri hartzen ez dutela ikusita. Salaketa horiek zuzenbidearen ikuspegia aldatzen ari dira.
Auzien gorakada ez da nolanahikoa. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 2017tik 2022ra bikoiztu egin da kopurua: 884tik 2.180ra. Abian diren kasuen artean, epai garrantzitsuak espero dira 2024a amaitu aurretik, etorkizunerako irizpide juridikoak ezartzeko balio dezaketelakoan.
Mugarri izan daitekeen epai bat izango da, zenbait adituren esanetan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak apirilaren 9an eman zuena. Epai historikotzat jo zuten, Estrasburgoko auzitegiak lehenengoz zigortu baitzuen estatu bat, klima larrialdiaren aurka nahikoa ez egiteagatik. Ebatzi zuenez, Suitzako Gobernuak neurri ahulegiak hartu ditu Lurraren berotzea eragozteko, eta, horrenbestez, salatzaileen giza eskubideak urratu ditu. Erabakiak adierazi zuen klima krisia eskubide krisi bat ere badela.
Klima Seniorinnen taldeak —euskaraz, Adineko Emakumeak Klima Babestearen Alde— aurkeztu zuen estatuaren kontrako salaketa. Epaileen aurrean argudiatu zuen adineko emakumeek aukera handiagoa dutela bero boladetan hiltzeko, eta Suitzako Gobernuak dagokion ekarpena egin behar duela Lurraren berotzea 1,5 graduren azpitik mantentzeko mende amaierarako, Parisko Itunean jaso zutenez.
Auzitegiak arrazoia eman zion elkarteari, eta adierazi zuen Suitzak ez duela garaiz aurkeztu berotegi gasen emisioak murrizteko behar bezalako estrategia bat, eta darabiltzan politikak ez daudela zientzian oinarrituta. Epaiaren arabera, 1,5 graduren gehienezko berotze muga errespetatzea ezinbesteko eginkizuna da giza eskubideak babesteko.
Estrasburgoren epaiak eragin zuzena izango du Suitzatik harago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak lotesleak baitira Europako Kontseiluko 46 estatu kideentzat. Horrek esan nahi du estatu horietako herritarrek eta elkarteek aurrekari juridiko garrantzitsu bat izango dutela beraien estatuei kontuak eskatzeko, klima larrialdiaren aurka nahikoa ez egiteagatik.
Baina baliteke Europatik harago ere hauspo izatea Estrasburgoren erabakia, klima aldaketaren eta giza eskubideen artean lotura bat ezartzeko orduan. Nazioarteko beste auzitegi batzuk ere antzeko kasuak aztertzen ari baitira.
Hona espero diren epairik garrantzitsuenen eta bide berri bat urratu dutenen laburpen bat.
Nazioarteko Justizia Auzitegia
Klima auziak iritsi dira Nazioarteko Justizia Auzitegira ere. NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak iazko martxoan onartu zuen auzitegiari iritzi bat eskatzea, argitu dezan estatuek zer ardura dituzten klima larrialdiaren ondorioei lotuta, bai herritarren giza eskubideei dagokienez, baita etorkizuneko belaunaldien eskubideei dagokienez ere. Horrez gain, auzitegiari galdegin dio zehaztea zer ondorio izan behar duen ardura hori ez betetzeak, nazioarteko zuzenbidearen arabera. NBEren Batzar Nagusiaren ebazpena Vanuatuk bultzatu zuen, klima larrialdiaren ondorioak lehen lerroan pairatzen ari den Pazifikoko uhartediak.
Nazioarteko Justizia Auzitegiaren iritzi adierazpen batek ez du epai baten ondorio bera, ez baitu zigor neurriak ezartzeko ahalmenik. Baina lehen urratsa izan daiteke nazioarteko zuzenbidearen norabidea aldatzeko, argibideak eta irizpideak ezartzen baititu hura interpretatzeko.
Itsasoko zuzenbidea
Vanuatu COSIS Estatu Uhartetar Txikien Batzordeko kide da, eta haren antzeko egoeran daude elkarte horretako gainerako herrialdeak ere. Emisio txikiko estatuak dira, baina klima aldaketaren kalteak direla-eta zaurgarrienen artean daude; bereziki, itsas mailaren igoeragatik. Batzordea 2021ean eratu zuten, eta erakundeak lehentasuntzat dauka mundu osoko herrialdeak behartzea itsas ingurunea babestera. Hala, 2022ko abenduan, Itsas Zuzenbidearen Nazioarteko Auzitegira jo zuen.
Itsasoko bizidunak arriskuan jartzen dituen faktoreen artean, garrantzitsuenetako bat da karbono dioxidoaren kontzentrazio handia. Atmosferara isurtzen den CO2 xurgatzailerik handienetako bat dira ozeanoak, baina, karbonoa pilatu ahala, uraren tenperatura handitu egiten da, eta horrek kalteak eragiten ditu itsas ekosistemetan. Hori aintzat hartuta, COSISek argitu nahi du ea berotegi gasen emisioak murrizteko nahikoa ez egiteak Itsas Zuzenbidearen Hitzarmena urratzea dakarren, eta, beraz, eskatuak zigortu ote daitezkeen. Auzitegiak maiatzaren 21ean du ematekoa bere iritzia, eta, Estrasburgoko auzitegiaren kasuan bezala, litekeena da Hanburgokoa ere mugarri izatea Nazioarteko Zigor Auzitegiak ematekoa duen iritziari begira.
Auzitegi interamerikarra
Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarrak bere iritzia emateko beste eskari bat du esku artean: 2023ko urtarrilean Txilek eta Kolonbiak egindakoa, argitu dezan estatuek zer erantzukizun duten klima larrialdiaren aurrean, giza eskubideak bermatzeko ardura duten heinean.
Epaileek entzute saioetan jasoko dituzte auzitegiari autoritatea aitortzen dioten 20 estatuen argudioak, baita gizarte zibilaren, komunitate zientifikoaren eta klima krisiak kalte egindakoen galdeak ere. Lehen entzute saioa apirilaren amaieran egin zuten, eta maiatzaren amaieran egingo dute bigarren saioa. Urtea amaitu aurretik espero da epaileek beren iritzia ematea.
Belgika
Nazioarteko erakundeetatik koska bat beherago, klima auzien sustatzaileek garaipen aipagarri batzuk eskuratu dituzte estatuko auzitegietan. Belgikan, gobernuz kanpoko erakunde batek lortu zuen Bruselako Apelazio Auzitegiak gobernua zigortzea iaz, eta hari agintzea berotegi gasen emisioak murrizteko; gutxienez, %55, 2030erako. Epaileen esanetan, Belgikak handitu egin behar du bere politika klimatikoen anbizioa, 1,5 graduko berotzearen langa egingarri bihurtzeko dagokion ekarpena egiteraino. Munduan badira gisa bereko beste dozenaka kasu hainbat herrialdetako gobernuen aurkakoak —besteak beste, Italian eta Australian—, urtearen amaierarako epaia jasoko dutenak, aparteko atzerapenik ez bada.
Frantzia
Frantziako justiziak erruduntzat jo zuen estatua 2021ean, Lurraren berotzea 1,5 gradutik behera mantentzeko zegokion CO2 aurrekontua gainditzeagatik, 2015 eta 2018 bitartean. Epaian, zera agindu zion, aurrekontutik gaindiko emisioak konpentsatzeko 2022. urtea amaitu baino lehen. Estatuak ez du zigorra bete, eta salaketaren sustatzaile izan diren elkarteek —Notre Affaire a Tous, Greenpeace eta Oxfam— justiziara jo zuten berriz joan den otsailean, estatua emisioak gutxitzera behartuko duten neurrien eske. Kasua Estatu Kontseiluaren erabakiaren zain da.
Herbehereak
Urte batzuk lehenagokoa da Herbehereetako Urgenda auzia. Herrialdeko Auzitegi Gorenak gobernua kondenatu zuen 2019an, eta epaileek estatuari agindu zioten isurketak %25 murrizteko 2021. urtea baino lehen. Gobernuak ozta-ozta bete zuen eginkizuna, baina ez egiturazko neurrien ondorioz, baizik eta pandemiaren, ikatz-kontsumo beherakadaren eta 2020ko negu epelaren eraginez. Hala ere, Urgenda auziak arrastoa utzi du, eta badu eragina oraindik. Izan ere, gobernuak badaki emisio murrizketen helburuak betetzen ez baditu herritarrek justiziara jotzeko aukera izango dutela.
Enpresak ere bai
Gobernuen kontrako auziak ez ezik, enpresei erantzukizuna eskatzekoak ere badira. Esaterako, Herbehereetan bertan, Shell petrolio enpresa zigortu zuen epai bat lortu zuen Milieudefensie elkarteak. Enpresari bere emisioak %45 murrizteko betebeharra ezarri zion Hagako auzitegiak, 2021ean. Shellek helegitea jarri zion epaiari, eta auzitegiak azaroan emango du azken hitza.
Milieudefensie elkarteak berak beste auzibide bat hasi du ING Herbehereetako bankurik handienaren aurka. Lehen aldia izango da banku bat akusatuen aulkian eseriko dena klima larrialdiagatik. Elkarte ekologistak INGri egotzi dio, besteak beste, erregai fosilen enpresekin duen elkarlanarekin berotegi gasen emisioak sustatzea.
Oinarria zabaltzen
Klimaren inguruko auzietan elkarte ekologistek erabili dituzten argudioetan gehien hedatua da klima larrialdiak eragin zuzena duela gizakien osasunean, eta Lurraren berotzea zientziak dioen neurrian ez mugatzeak giza eskubideak urratzen dituela, hain zuzen, ingurune osasuntsu batean bizitzea giza eskubide bat delako. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak 25. artikuluan dioenez, pertsona orori dagokio «osasunerako eta ongizaterako egokia zaion baldintzetan bizitzeko eskubidea».
Baina azken urteetan, beste eskubide batzuen garrantzia ere azpimarratu dute klimari lotutako auzietan. Esaterako, haur eta gazteena. NBEren Haurren Eskubideen Komiteak estatuei gogorarazi zien iaz, haurren eskubideak bermatzeko betebeharra dutela klimari dagokionez ere. Gazteenek protagonismo handia hartu dute auzitara jotzeko orduan ere. Gazte elkarteek eta norbanakoek aurkeztu dituzte klimaren inguruko salaketa horietako asko.
Horrez gain, etorkizuneko belaunaldien eskubideei buruzko erreferentziak ugaritu dira. Egungo ekintzen ondorioak jasango dituztenenak. Nazioarteko Zigor Auzitegiari zuzendutako iritzi galdean puntuetako batean argibideak eskatzen zaizkio etorkizuneko belaunaldiekiko erantzukizunari buruz.
Dena den, argudiorik berritzaileena naturaren eskubideena da. Azken urteetan ugaritu egin dira naturari edo ekosistemei eskubideak aitortzeko egitasmoak. Ekuador da naturaren eskubideak konstituzioan jasota dituen herrialde bakarra, 2008tik; Boliviak ama lurraren eskubideak aitortzeko lege bat onartu zuen —2010ean—, eta hainbat herrialdetan hartu dira ekosistema jakin batzuei eskubideak aitortzeko erabakiak. Esaterako, Espainiak kontserbaziorako eskubidea aitortu zion iaz Mar Menor itsasoari, lege baten bidez. Antzeko legeak onartu dira aurretik, besteak beste, Zeelanda Berrian, Mexikon eta AEBetako zenbait hiritan. Beste herrialde batzuetan, auzitegiek aitortu dituzte zuzenean eskubide horiek, eman dituzten epaietan. Hala gertatu da Kolonbian eta Indian, esaterako.
Modu batera edo bestera, klima aldaketak eragin dio zuzenbideari ere. Kontuan izan behar da estatuek Lurraren berotzeari aurre egiteko hartu dituzten nazioarteko konpromisoek ez dutela jasotzen inolako mekanismorik konpromisoak betetzen ez dituztenak zigortzeko. Hori dela eta, gero eta ageriagoan geratzen ari da agintariak klima larrialdia dela-eta erantzukizunez jokatzera bultzatuko dituzten berme sistemen beharra.