Klima krisia generoaren aldetik ez dela «neutroa» iragarri zuen Populazio Gaietarako Nazio Batuen Funtsak (UNFPA) atzo ateratako txostenean. Dokumentuaren arabera, klima krisiari aurre egiteko neurriak dituzten 119 herrialdetatik bakarrik 38k hartzen dituzte kontuan amen eta haurren osasun zerbitzuak, eta hamabostek bakarrik aipatzen dute emakumeen aurkako indarkeria.
Txostenaren arabera, tenperaturaren gorakadak lotura dauka amen osasunaren okertzearekin eta haurdunaldiko arazoekin. Muturreko beroak erditze goiztiarrak eragiten dituela eta ume gehiago hilda jaiotzen direla azaldu dute.
Populazioari eta garapenari buruzko UNFPAren aholkulari eta txostenaren egileetako bat da Angela Baschieri. Haren ustez, gobernuek dituzten emakumeentzako eta neskentzako neurrietan arreta jarriz gero, «lan gehiago» egin daiteke. Gabezia horiei «aurre egin behar» zaiela gaineratu du The Guardian-i egindako adierazpenetan. Klima krisiak genero berdintasunaren aldeko borrokan «atzerapena» ekarri duela jakinarazi du Baschierik.
NBEk txostenean eskatu du herrialde gehiagok onartu dezatela krisiak emakumeengan duen eragina, eta neurriak har ditzatela.
Vietnamen, adibidez, badakite krisi egoeretan haurren ezkontza behartu gehiago izaten direla, familiek karga ekonomiko hori gainetik kendu nahi dutelako.
Klima aldaketaren ondorioa
Save the Children erakundeak egun berean argitaratu zuen txosten batean adierazi zuen gero eta neska gehiagok arrisku larria dutela klima aldaketaren eta haurren ezkontza behartuen «inpaktu bikoitza» jasateko. Erakundeak ondutako txostenaren arabera, 2050. urtean «ia 40 milioi» izatera iritsiko dira; gaur egun direnak baino heren bat gehiago izango dira.
Haurren ezkontza behartuek eta klima aldaketak eragin gehien duten hamar herrialdeetan 29,9 milioi neska —haur eta nerabe— bizi direla dio gobernuz kanpoko erakundeak. Herrialde horietako neskak dira haur direnean ezkontzeko eta hondamendi natural bat sufritzeko arriskurik handiena dutenak.
Nazioarteko Save the Children erakundeko zuzendari nagusi Inger Ashingek ohartarazi duenez, hondamendi baten ostean, neskek jazarpena eta sexu abusuak jasateko arriskuak izan ohi dituzte. Klima krisia nesken bizimodua eta etorkizuna aldatzen ari dela salatu du Ashingek, baina munduko klima planen %2 baino gutxiagok aipatzen dituzte ondorio horiek. «Eraginkortasunez eta lehenbailehen» inbertitzeko eskatu du.
Klima krisia «ez da neutroa genero aldetik», Nazio Batuen Erakundearen ustez
UNFPAk ohartarazi du klima krisiari aurre egiteko legeak dituzten herrialdeen herenek bakarrik txertatzen dituztela amen eta haurren osasun zerbitzuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu