Sei urteko epean —2016tik 2021era—, 43,1 milioi haurrek emigratu behar izan dute klima larrialdiak eragindako hondamendien ondorioz. Hortaz, egunean 20.000 lekualdatze izan dira batez beste. Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak eman ditu datuok, argitaratu berri duen txosten batean. Orain arte datu horiek «ikusezinak» izan direla salatu du erakundeak.
Uholdeak, ekaitzak, lehorteak eta baso suteak dira haurren emigrazio gehienen eragile. Areago, uholdeek eta ekaitzek 40,9 milioi lekualdatze eragin zituzten —kopuru osoaren %95—. Unicefek azaldu du lehen «salbuespenezkoak» ziren ezbeharrak ohikoak direla orain, eta hori planeta «eraldatzen» ari den seinale dela. Joerak bere hartan iraunez gero, datozen 30 urteetan 96 milioi adingabek lekualdatu beharko dute uholdeen eraginez.
Txinan, Indian eta Filipinetan izan da exodorik handiena —orotara, ia 23 milioi haur—. Herrialde bakoitzaren tamaina kontuan hartuz gero, ordea, zenbait uharte txiki —Dominika eta Vanuatu, esaterako— izan dira ekaitzek gogorren kalte egindakoak. Hego Sudanen eta Somalian, berriz, uholdeek eragin dituzte exodorik handienak.
Hala ere, ikerketak ez du bereizketarik egiten prebentziozko ebakuazioen eta behin hondamendia pasatuta eginikoen artean. Txinan eta Indian izandako lekualdatze asko, beraz, arriskuei aurre hartzeko egin dira. Herrialde pobreagoetan, ordea, ez dute baliabide nahikorik prebentzioz jokatzeko, eta horietan izaten dira kalterik handienak. Unicefek Haiti eta Mozambike aipatzen ditu txostenean, laguntza gehien behar duten herrialde gisa.
Haurrengan «ondorio larriak» ditu exodoak: besteak beste, eragin baitezake hezkuntza albo batera uztea eta osasun arretarik ez izatea. Horiek hala, Unicefek munduko liderrei exijitu die azaroan eta abenduan Dubain egingo den klimari buruzko goi bileran (COP28) ondorioak konpontzeko eta datozen urtetarako hondamendien prebentzioa lantzeko.