Nazioartea akordiorik lortu ezinean dabil klima larrialdiari aurre egiteko funtsezkoa den alor batean: klima finantzaketan. Lurraren berotzeari aurre egiteko zaurgarriak diren herrialdeetara zenbat diru bideratuko den eta diru hori nork jarri beharko duen adostu ezinik dabiltza. Alemaniako Bonn hirian, NBE Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko konferentzia gutxieneko adostasun bat lortu gabe amaituko da gaur, negoziazioei erreparatzen aritu diren zenbait hedabidek aurreratu dutenez. Han elkartu diren ia berrehun estatuetako ordezkariek porrot egin dute zeregin horretan, eta beste behin azaleratu dira herrialde aberatsenen eta hegoalde globaleko herrialdeen artean dauden alde handiak.
COP NBEren klima aldaketari buruzko goi bileren arteko erdibideko geltokia izan ohi da Bonneko konferentzia. COP29rako prestatu beharra zuen, akordiorako lur bat ongarritzeko bilkura bat egin, baina jarrerak urrunduta egin beharko diote aurre azaroan Azerbaijanen egitekoa den goi bilerari, hurrengo hilabeteetan aldaketarik ez bada. Konferentzian klima finantzaketaren gaia izan da erdigunean, estatuek finantzaketa helburu berri bat adostu beharko baitute COP29 bilkuran, 2025etik aurrera ezartzeko. Helburu horrek egun indarrean den konpromisoa ordezkatuko du: estatu aberatsenek 2020. urtetik aurrera 100.000 milioi dolar —93.000 milioi euro— bideratzea garabidean diren herrialdeetara, klima larrialdiari aurre egiteko politikak bultza ditzaten.
«Badirudi beti dagoela dirua estatuentzat lehentasun errealagoak daudenean».
MICHAI ROBERTSONUhartetar Estatu Txikien Aliantzako ordezkaria
Herrialde aberatsenek ez zuten eginkizun hori bete 2022. urtera arte, eta horrek mesfidantza eragin du garabidean dauden estatuen artean. Askok uste dute baliabide gehien duten estatuek albo batera utzi dituztela herrialde pobreenak klima aldaketaren ondorioei begira. «Badirudi beti dagoela dirua estatuentzat lehentasun errealagoak daudenean», adierazi dio Reuters berri agentziari Michai Robertson Uhartetar Estatu Txikien Aliantzako negoziatzaileak. Hegoalde globaleko ordezkariek salatu dute estatu aberatsei kosta zaiela klima finantzaketan dituzten eginbeharrak betetzea, baina errazago onartu dituztela gerretarako laguntza militarrak edo erregai fosilen sektorearentzako milaka milioiren diru laguntzak.
Bi ardatz
Klima finantzaketari buruzko eztabaidak bi galderaren inguruan ardaztu dira, nagusiki. Batetik, zenbat diru bideratu behar den laguntza jasoko duten herrialdeetara, eta, bestetik, nork jarri behar duen dirua.
Funtsen zenbatekoari dagokionez, estatu guztiak bat datoz finantzaketa helburu berriak gainditu egin behar duela egun indarrean den kopurua: urteko 100.000 milioi dolarrekoa. Aldiz, inork ez du espero akordio bat izango denik NBEren Klima Aldaketarako idazkari Simon Stiellek otsailean eman zuen kopuruan oinarrituta. Steillek adierazi zuen 2,4 bilioi dolar —2,2 bilioi euro— beharko liratekeela urteko herrialdeek beren buruari jarri dizkioten helburuak betetzeko.
EB Europako Batasunak —klima finantzaketan ekarpen handiena egiten duenak— eta AEBek ez dute kopururik proposatu egunotako negoziazioetan. Bai, ordea, Indiak eta herrialde arabiarren taldeak. Haien iritziz, bilioi bat dolarren langa gainditu beharko luke urteko —930.000 milioi euro—. Herrialde arabiarrek proposatu dute estatu aberatsenek diru publikoaren bidez egitea funts horietarako ekarpenaren %40 inguru, eta gainerakoa beste finantza iturri batzuetatik eskuratzea.
Uhartetar Estatu Txikien Aliantzak egunotako negoziazioetan ohartarazi du diru laguntzak ezin direla izan %1eko interes tasatik gorako maileguak, klima finantzaketa jaso behar duten herrialdeek dagoeneko zor handien zama baitute. Egun, maileguak dira klima finantzaketarako funtsen ekarpen gehienak.
2,2bilioi euro beharko lituzkete urtero klima finantzaketarako funtsek estatuek beren klima konpromisoak betetzeko aukera izan dezaten, Nazio Batuen Erakundeko Klima Aldaketarako idazkari Simon Stiellen esanetan. Egun, herrialde aberatsenek urteko 93.000 milioi euro jartzen dituzte klima finantzaketarako funtsetarako. Gehienak maileguak dira.
Klima finantzaketaren funtsen xedea da baliabide gutxien dituzten herrialdeetan berotegi gasen emisioak gutxitzeko neurriak sustatzea —energia berriztagarriak hedatzearen bidez edo garraio sistema jasangarriagoen bidez, esaterako— eta klima larrialdiaren kalteetatik babesten laguntzea, egokitzapen neurriekin. Hegoalde globaleko estatuek ezinbestekoak dituzte ekarpen ekonomikoak eraldaketa horiek bultzatzeko, eta, beraz, finantzaketaren gaineko negoziazioek porrot eginez gero, arriskua egon daiteke herrialdeek beren konpromisoak beheratzeko. Hain justu, estatuek klima aldaketarako helburu berriak aurkeztu beharko dituzte 2025ean. Anbizio handiagoko helburuak galdegin zituzten COP28 bilkuran, baina horretarako beharrezkoa izango da finantzaketaren korapiloa askatzea.
Desadostasunak ez dira diru kopuruari buruzkoak soilik: dirua jarri behar duten estatuen ingurukoak ere badira. Gaur egun, historikoki industrializatuenak izan diren herrialdeek egiten dituzte diru ekarpenak. Hala erabaki zen 1992an, Txina orain baino ekonomia askoz ere txikiagoa zenean. Orain, ordea, EBk uste du Txinak ekarpena egiten dutenen artean egon behar duela, munduko ekonomia handienetan bigarrena eta berotegi gas gehien isurtzen duen estatua izaki. Batasunak zaku horretan nahi ditu Ekialde Hurbileko estatu aberatsenak ere. AEBek adierazi izan dute handitu egin behar dela dirua jartzen duten herrialdeen zerrenda. Bai Txinak, bai herrialde arabiarrek negoziazioetan aurreratu dute ez dutela halakorik onartuko. Pekinek nabarmendu du Txina «garabidean» dela NBEren klima konbentzioaren arabera, eta horri eutsiko diola.
Bonneko elkarrizketek uztarik eman ez dutela ikusita, ordezkari batzuek goragoko maila diplomatikoen negoziazioetan jarri dute itxaropena. Pentsatzen dute oraindik posible dela COP29 bilkuraren aurretik jarrerak hurbiltzen hastea. Esaterako, G-20ko ministroek Brasilen egitekoak dituzten bilkuretan, datorren uztailaren 12tik 14ra bitartean.