Ingurumena

Klima eta biodibertsitate krisiei batera erantzutera dei egin dute zientzialariek

NBEko IPBES eta IPCCko adituek lehen aldiz elkarlanean egindako txosten bat plazaratu dute. Konponbide posible batzuen kaltea aintzat hartzeko eskatu dute: proiektu berriztagarri batzuena, kasurako.

Amazoniako ohian zati bat, deforestatu berritan. FUNAI
inaki petxarroman
2021eko ekainaren 10a
15:18
Entzun

Gizakien jarduerak eragindako arazoak dira klima aldaketa eta biodibertsitatearen galera, eta konponbidea ez da etorriko baldin eta bi arazoei batera erantzuten ez bazaie. IPBES Bioaniztasunari eta Ekosistemen Zerbitzuei Buruzko Gobernu Arteko Plataformak eta IPCC Klima Aldaketarako Gobernu Arteko Adituen Taldeak elkarrekin egindako txosten baten ondorio nagusietako bat da hori.

Ez da bakarra. Izan ere, bi arazo horiek konpontzeko garaian aintzat hartzeko moduko mezu gordin bat ere eman dute: «Naturarekin lotutako balio indibidual eta kolektiboen aldaketa sakon bat beharko da zenbait kontzeptuetatik aldentzeko: esate baterako, garapen ekonomikoa barne produktu gordinaren hazkundean oinarritzen dela». Ildo horretan, zientzialariek dei egin dute giza balioen eraldaketa bat egitera, gizakiak naturarekiko harreman horretan dauzkan muga biofisikoak ez gainditzera.

IPBES eta IPCCko 50 adituk -besteak beste, Unai Pascual BC3ko ikertzaile eta IPBESeko taldekoak- lau egunez egindako mintegi baten ondoren egindako ikerketa da aurkeztutakoa. Ikertzaile horietako hamabik koordinatu dute ikerketa. Hain justu, gaur aurkeztu dute txostena. Hans-Otto Portner Zientzia Batzordeko Zuzendaritzako presidentekideak adierazi du klima aldaketa gero eta gehiago ari zaiela kalte egiten naturari eta hark gizakiei egin diezaiekeen ekarpenei, baita klima aldaketaren ondorioak leuntzeko duen gaitasunari ere. «Biodibertsitatean izaten ari diren aldaketak, berriz, klimari eragiten diote, nitrogeno, karbono eta uraren zikloetan izaten ari diren eraginagatik».

Hala, hainbat proposamen egin dituzte, aurten Pekinen eta Glasgowen egingo diren bioaniztasunaren eta klima aldaketaren goi bileretan aintzat har ditzaten. Batetik, geratu egin behar dela karbono aberastasun handia duten ekosistemen galera eta degradazioa, bai lurrean eta baita itsasoan ere: basoak, hezeguneak, zohikaztegiak, larreak, sabanak, padurak, alga basoak, poloetako karbono urdineko eta ur sakonetako habitatak... Deforestazioa eta baso degradazioa eteteak gizakiek eragindako berotegi gasen isurketak eteten lagun dezakeela dio txostenak, 0,4 eta 5,8 gigatona arteko CO2 baliokideetan.

Degradazioa eteteaz gain, ekosistema batzuk leheneratzearen beharra aipatu dute, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko har daitezkeen irtenbiderik «merkeenak eta bizkorrenak» izanik. Animalia eta landareentzako ezinbesteko ekosistema izateaz gain, klima larrialdiaren ondorio batzuei aurre egiten laguntzen dute: uholdeak arintzen dituzte, kostaldea babesten dute, uren kalitatea hobetzen dute, lurzoruaren higadura gutxitzen dute... Onura ekonomikoa ere badakarte halako neurriek, besteak beste, enplegua sortzen dutelako. Hartzen den neurria hartzen dela ere, jatorrizko herrien eskubideak aintzat hartu behar direla azpimarratu dute.

Nekazaritza eredua aldatu

Lurraren erabilerari arreta jarri diote zientzialariek. Izan ere, ondorioztatu dutenez, nekazaritza eta basozaintza iraunkorrak, bioaniztasuna handitzen laguntzeaz gain, isurketak murrizteko aukera ematen dute. Lurra babesteak, nekazaritza eta abeltzaintza egoki batek eta ongarrien erabilera murrizteak 3 eta 6 gigatona artean gutxituko lituzke isurketak urtero.

Ildo horretan, itsasoko eta lurreko babesguneak zabaldu eta elkarrekin lotzeak dauzkan onurak azpimarratu dituzte. Hala, bioaniztasunari kalte egiten dioten jarduerei diru laguntzak kentzeko eskatu dute, esate baterako, arrantza eta nekazaritza intentsiboei eta deforestazioa eragiten duen basogintzari. Prozesu hori lagunduko luke norbanakoen kontsumoen ohiturak aldatzeak ere. Besteak beste, elikadura aldaketak jo dituzte beharrezko, bereziki, munduko herrialde aberatsetan. Dieta berri horien oinarria litzateke barazki gehiago jatea, eta haragi gutxiago, IPBES eta IPCCko adituen arabera.

Gainera, zalantzan jarri dute klima aldaketari aurre egiteko hartzen diren zenbait neurriren egokitasuna, besteak beste, meategi jarduera neurri gabe handitzen eta lur eremu zabalak okupatzen dituzten energia berriztagarrien proiektu batzuk sustatzea. Ohartarazi dute zuhaitz espezie exotikoekin egindako landaketa masiboak eta ur hornidura bideratzeko urtegi handiak egiteak sarritan eragin kaltegarriak dituztela ingurumenean eta gizartean.

«Gizartearen eta ekonomiaren atal guztietan eraldaketa bat beharko da gure klima egonkortu, bioaniztasunaren galera eten eta denok nahi dugun etorkizun jasangarriaren bidea egiteko», laburbildu du Ana Maria Hernandez Salgar IPBESeko presidenteak. «Lurra eta itsasoa asko egiten ari dira, gizakien CO2-aren isurketen ia %50 xurgatuz, baina naturak ezin du dena egin». 2021a «urte kritikoa» da klimarentzat eta naturarentzat, laburbildu du Lord Zac Goldsmith Erresuma Batuko Ingurumen ministroak. Izan ere, Norvegiak eta Erresuma Batuak lagundu dute txosten hau egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.