Nazioarteko auzitegietan areagotzen ari dira klima larrialdiarekin zerikusia duten auziak. Oraingoan, ia bi astez entzunaldiak egin dituzte Hagan (Herbehereak), Nazioarteko Justizia Auzitegian, argitzeko ea estatuek zenbaterainoko betebeharra duten klima aldaketari aurre egiteko, baita geldi daudenek zer erantzukizun juridiko dituzten argitzeko ere. Historiako nazioarteko epaiketarik handiena da, eta espero da hamabost epailek osatutako epaimahaiak 2025ean iritzi ez-lotesle bat ematea.
Klima aldaketa areagotzen ari da, baita haren eraginak ere. Hori dela eta, iaz Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak Nazioarteko Justizia Auzitegiari eskatu zion epaiketa bat abiatzeko, argitzeko zer betebehar juridiko dituzten herrialdeek klima aldaketaren auzian. Hala, abenduaren 2tik 13ra entzunaldiak egin dituzte Hagan, eta garatzeko bidean diren herrialdeek, uharte diren herrialde txikiek eta Iparralde Globaleko herrialdeek gaiari buruz duten ikuspuntua plazaratu dute, baita nazioarteko hainbat erakundek ere —gobernuz kanpoko erakundeak eta elkarte ekologistak, adibidez—.
Auziaren funtsa da argitzea, nazioarteko zuzenbideari begiratuta, zenbaterainoko erantzukizuna duten estatuek klima aldaketan, eta zer betebehar legal dituzten hari aurre egiteko. Auzitegiak erabaki loteslerik emateko eskumenik ez badu ere, 2025ean ematea espero den iritziaren arabera klima larrialdiari aurre egiteko nazioarteko gobernantzan aldaketak egiteko bidea ireki daiteke.
Konpromisoak, ez betebeharrak
Nazioarteko komunitatea joan den mendearen amaieratik saiatzen ari da klima aldaketari aurre egiten, eta horren adibide bat da NBEren Aldeen Konferentzia, ia urtero klima aldaketari buruz egiten den goi bilera. Aurten 29. bilkura izan da, baina konferentzia guztiek ez dute garrantzi bera izan. Kyotoko Protokoloa (1997) eta Parisko Akordioak (2015) adostu ziren konferentziak dira garrantzitsuenak, helburu zehatzak ezarri baitituzte, baina ez dira betetzen ari, planeta gero eta gehiago berotzen ari baita.
«Nazioarteko itunak beharrezkoak dira, baina ezin dira geldotasuna estaltzeko erabili, ezta erantzukizun juridikoaren ordezkoak izan ere»
RALPH REGENVANUVanuatuko ordezkaria
Hori dela eta, Hegoalde Globaleko herrialde askok, batez ere klima larrialdiak gehien eragiten dien uharte-herrialde txikiek, uste dute Kyotoko Protokoloak eta Parisko Akordioek huts egin dutela, eta aldaketak egin beharra dagoela klima larrialdiari aurre egiteko nazioarteko gobernantzan. Hain zuzen, hori izan da entzunaldien muina, eta orain epaimahaikideek eztabaidatu behar dutena: zer betebehar legal dituzte estatuek klima sistema eta ingurumena babesteko? Eta zeintzuk dira betebehar horiek ez betetzearen ondorio juridikoak?
Izan ere, orain arte nazioartean egin diren akordioek herrialdeen konpromisoa jasotzen dute, ez betebeharra. Klima aldaketak gogorren jotako herrialdeek horregatik uste dute huts egin dutela orain arte adostu diren jarraibideek, eta espero dute epaiketa hau mugarri bat izatea nazioarteko zuzenbidean aldaketa bat egiteko. Hala azaldu zuen entzunaldien aurretik Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasuneko zuzendari nagusiak, Grethel Aguilar doktoreak: «Nazioarteko Justizia Auzitegiaren prozedurek xedatu dezakete klima aldaketari aurre egitea ez dela soilik borondate politiko edo konpromiso boluntario kontua, baizik eta ardura juridiko lotesle bat». Aguilarren ustez, Nazioarteko Justizia Auzitegiak «aukera bikaina eta historikoa» du baieztatzeko klima larrialdiaren aurkako ekintza behar legal bat dela, «ez soilik behar moral bat».
Herrialdeen jarrerak
Ia ehun herrialdek hartu dute parte Hagako entzuteetan, eta nazioarteko erakundeak eta elkarteak ere dozenaka izan dira. Hala, Nazioarteko Justizia Auzitegiak, entzunaldiak hasi aurretik, epaiketaren gaiari buruzko 91 idazki jaso zituen, baita 62 iruzkin ere. Hagako entzunaldietan parte hartu duten herrialdeak bi bloke nagusitan ezberdindu daitezke: alde batetik, Iparralde Globaleko herrialdeak, eta, bestetik, Hegoalde Globalekoak, bereziki irla diren herrialde txikiak.
Orokorrean, abenduaren 2tik 13ra bitartean, herrialderik industrializatuenek klima aldaketari aurre egiteko behar legal oro baztertu dute, eta garabidean direnek Iparralde Globalekoei leporatu diete nazioarteko itunak erantzukizuna kentzeko erabiltzea: «Nazioarteko itunak beharrezkoak dira, baina ezin dira geldotasuna estaltzeko erabili, ezta erantzukizun juridikoaren ordezkoak izan ere. Beharrezkoa da emisioak gutxitzeko orduan izandako porrotagatik kontuak ematea» esan zuen entzunaldien ostean Ralph Regenvanuk, Vanuaturen ordezkariak.
Iparralde Globaleko herrialdeek, baina, jarrera ezberdina izan dute. Europako Batasunak «zuhurtzia» eskatu zion Nazioarteko Justizia Auzitegiari, eta ondorioak nazioarteko itunetan oinarrituta hartzeko eskatu dio, Kyotoko Protokoloan eta Parisko Akordioetan batez ere. Alemaniak eta Frantziak ere gauza bera eskatu dute. Horrez gain, EBk azaldu du Parisko Akordioetan jasota dauden helburuak ez direla «betebehar» gisa ikusi behar, «non urratze oro itunaren haustetzat hartuko litzatekeen». Ameriketako Estatu Batuek esan dute «serioski» hartzen dituztela betebeharrak, baina horiek betetzeko presio legalen beharra ukatu dute, uste baitute arazo kolektibo bat dela eta «kooperazioa» eskatzen duela.
Klima auziak munduan
Herrialdeetako eta nazioarteko auzitegiak, azken urteetan, gero eta gehiago bihurtzen ari dira estatuak eta enpresak beren erantzukizun klimatikoagatik salatzeko leku. Orokorrean, herritarrak eta eragile sozialak ari dira egiten estatuen aurka, eta are jende gehiago bide bera egiten ari da. NBEren arabera, 2017tik 2022ra bikoiztu baino gehiago egin da tankera horretako salaketen kopurua: 884tik 2.180ra.
Horietako askok ez dute bide luzea egiten, baina gutxi batzuek lortu dute herritarrei arrazoia ematea eta epai sendoak egitea. Aurten, esaterako, Estrasburgon (Frantzia) egoitza duen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen Suitzako Gobernuak ez zituela nahikoa neurri hartu Lurraren berotzea eragozteko. Portugalgo sei gaztek 2020an Europako 32 estaturen aurka jarritako salaketa ere esanguratsua da, baina kasu horrek ez zuen aurrera egin. Frantzian, Herbehereetan, Belgikan eta beste hainbat herrialdetan ere izan dira estatuak eta enpresak zigortu dituzten epaiak, eta espero da datozen urteetan halako kasuak areagotzea.