Nazioarteko hamabi autorek egindako txosten baten arabera, herri indigenek eta tokiko komunitateek duten jakintza lagungarria izan daiteke klima aldaketari aurrea hartzeko. Hortaz, egileen iritziz, kolektibo horiek egon beharko lukete klima aldaketari buruzko erabakiak hartzen diren prozesu politikoetan.
Txostena hiru eragile hauen artean lagundu dute: Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldea (IPCC), Unesco eta Kultur Monumentu eta Tokien Nazioarteko Kontseilua (ICOMOS). Azkenaldian eskatu da nazioartean garrantzi gehiago eskaintzeko kulturari zientzia arloan eta klima aldaketaren politikan. Eskari horiei erantzuna emateko egin da dokumentua.
Honela mintzatzen da dokumentua herri indigenen inguruan: «Arazo global konplexuei aurre egiteko ulermen modu alternatiboak eta frogatutako baliabideak eskaintzen dituzte». Txostenak nabarmendu dituen adibideen artean daude, adibidez, Sierra Nevadako (Espainia) eremuan uraren kudeaketari buruzko tokiko ezagutzak edota Boliviako basoen kontserbaziorako suteak kudeatzeko praktika indigenak. Txostenaren arabera, mendebaldeko herrialdeetan teknologia berriak erabiliz egiten zaio aurre klima aldaketari. Konponbideok, bada, oso zurrunak dira; herri indigenek dituztenak, ordea, ez.
«Batzuetan pentsatzen da indigenen ezagutzak zaharkituak direla eta ez direla garrantzitsuak mundu modernoarentzat, indigenen ezagutza sistemak aktiboak, dinamikoak, garaikideak eta oso erresistenteak dira», adierazi du Victoria Reyes-Garciak, dokumentuaren egileetako batek. Izan ere, txostenak adierazten du jakintzak hainbat alor hartzen dituela barne. Hala nola aktiboki gobernatzeko, antolatzeko eta erabakitzeko erak edo lurra eta baliabideak kudeatzen eta zaintzen jakitea.
Kontraesana
Herri indigenek eta tokiko komunitateek klima aldaketaren ondorioak lausotzen laguntzen ahal badute ere, gaur egun beraiek dira «kaltetuenak». Txostenaren arabera, deforestazioaren ondorio nabarmenenak indigenek pairatzen dituzte. Jada existitzen diren kalteez gain, badira arrisku berriak. Artikoko itsas jardueraren hazkundeak, adibidez, bertako biztanleei eta ekosistemari eragiten die, kutsaduraren bidez.