Klima larrialdia

Klima aldaketak ehun aldiz gertagarriagoa egin du Afrika ekialdeko lehortea

Azken 40 urteetako idorterik muturrekoena ez zen gertatuko gizakiak Lurraren berotzea eragin ez balu, World Weather Attribution elkartearen arabera.

Kenyako artzain bat, lehortearen ondorioz hildako ardien artean, joan den urtarrilean. DANIEL IRUNGU, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko apirilaren 27a
12:28
Entzun

Afrika Ekialdean hondamendia eragiten ari den lehorte luzea ez zen gertatuko klima aldaketarik ez balitz. Ondorio horretara iritsi da WWA World Weather Attribution elkartea. Muturreko fenomeno meteorologikoetan klima aldaketaren eragina zenbatekoa den neurtzeko sortu zen erakunde zientifikoa, eta, gaur argitaratu duen ikerketa baten arabera, Lurraren berotzeak ehun aldiz gertagarriagoa egin du Afrika ekialdea azken 40 urteetako lehorterik muturrekoena pairatzen aritzea.

Afrikako Adarrean 50 milioi herritarri baino gehiagori egin die kalte zuzenean euri faltak, eta hogei milioitik gora daude gosete arriskuan. 2020ko udatik izan diren bost euri sasoietan —udazkenean eta udaberrian—, prezipitazioak ez dira iritsi ohiko kopuruetara, eta bota duen euria kolpetik bota du; askotan uholdeak ere eragin ditu.

Lehorteak idortu egin ditu larreak, eta abere asko hil egin dira. Ur iturriak ere urritu egin dira, eta komunitateen arteko gatazkak ugaritu. Gaur-gaurkoz, 4,5 milioi herritar daude giza laguntzaren beharrean, eta ehunka mila lagunek etxea utzi behar izan dute munduko eskualderik pobreenetako batean. Somalian eta Hego Sudanen soilik, 180.000 errefuxiatuk egin dute ihes Kenyara eta Etiopiara, eta herrialde horiei ere egin dire kalte lehorteak.

Ikusi gehiago:Bostetik batek ez du edateko ur nahikorik Afrika ekialdean

WWAren txostenaren arabera, Lurrak industria aurreko garaian zuen tenperaturari eutsi izan balio —egun den baino 1,15 gradu hotzagoa zen orduan—, Afrika ekialdean ez zen gertatuko 2020ko udazkenean hasi zen lehortea. Zientzialari taldeak azaldu duenez, lehortea ez da euri faltaren ondorio bakarrik. Planetaren tenperaturaren igoerak lehorragoak egin ditu lurra eta larreak, eta horrek areagotu egin du landareetako eta zoruko hezetasuna lurruntzea.

WWAko ikertzaileek nabarmendu dute elikagai eskasia eta milioika pertsona pairatzen ari diren gosete arriskua ezin daitezkeela klima aldaketaren ondorio gisa ulertu soilik, baizik eta aintzat hartu behar dela Afrika ekialdeko herritar horiek zer baliabide dituzten eskura klima larrialdiaren kalteei aurre egiteko. «Lehortea euri falta baino askoz ere gehiago dela adierazten du ikerketa honek oso argi, eta klima aldaketaren ondorioak oso lotuta daudela zaurgarritasunarekin», esan du Friederike Otto txostenaren egileetako batek. Lehorteak ez dira ezezagunak inguru horretako biztanleentzat, baina bost euri sasoitan jarraian euri gutxi egin izanak muturreraino eraman du horiei aurre egiteko duten gaitasuna. Horrez gain, gatazka armatuek are egoera ahulagoan utzi dute biztanleria.

Ikusi gehiago:Leo Nyabaya, Somaliako Aussie elkarteko koordinatzailea: «Laguntzaren menpe gaude: ez dugu beste aukerarik»

Lehortearen ondorioz, 33,5 milioi pertsonak —bostetik batek— ez dute edateko ur nahikorik Etiopian, Kenyan eta Somalian. Gainera, uraren prezioak goia jo du: 2021eko urtarriletik %400 igo da. Ura erostea ezinezko bihurtu da 22,7 milioi lagunentzat, gobernuz kanpoko Oxfam erakundearen arabera.

Aurten ere euria ohiko kopuruen azpitik egingo duela diote iragarpenek. Hala gertatuko balitz, «inoizko lehorterik luzeenaz ariko ginateke», ohartarazi zuen Oxfamek martxo amaieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.