Gizakiak eragindako klima aldaketaren ondorioz «ziurrenik», Pakistanen berriki jazotako uholdeak «are handiagoak» izan ziren. Hala jaso zuen herenegun txosten batean munduko eguraldia aztertzen duen zientzialari talde batek. Ikerketak dioenez, berotze globala ez da izan montzoi sasoiko uholde bortitz horien arrazoi nagusia.
Uztailean eta abuztuan, metro koadroko 391 litro euri egin zituen Pakistanen; hau da, azken 30 urteetako batezbestekoa baino ia %190 gehiago. Ikerketaren arabera, berotegi efektuko gasen isurketarik gabeko egoera batean, gisa horretako hondamendi bat gertatzeko arriskua «askoz ere txikiagoa» izango litzateke. «Horrek esan nahi du klima aldaketak asko handitzen dituela muturreko euriteak gertatzeko aukerak», zehaztu du. Era berean, Friederike Otto ikerketa talde horretako kideak nabarmendu duenez, eurite handiak izugarri ugaritu dira Pakistanen, «gizakia atmosferara berotegi efektuko gas kopuru handiak isurtzen hasi zenetik».
Hondamendi latza pairatzen ari da Pakistan; hain zuzen, herrialdearen heren bat urpean dago, 33 milioi pertsonari eragiteraino —220 milioi biztanle ditu—. Agintariek emandako azken datuen arabera, 1.500 lagun baino gehiago hil dira, horietatik 530 haurrak, eta 12.750 zauritu utzi ditu. Horrez gain, milioi bat etxebizitzatik gora suntsituta daude, batez ere Sindh probintziaren hegoaldean. Horiek horrela, ehunka mila pertsona errepide bazterrean lo egiten ari dira urak ez harrapatzeko.
Kalte ordain eske
Azken asteetan, agintariek hesiak eraiki dituzte urak funtsezko instalazioei kalte egin ez diezaien, hala nola zentral elektrikoei eta etxebizitzei. Dena den, Dadu barrutiko komisariordeak atzo adierazi zuenez, uraren mailak behera egin du Sindh probintziako zenbait puntutan, eta hiriko saltokiak «partzialki» irekitzen hasiak direla gehitu zuen.
Ikertzaileek ohartarazi dutenez, gisa horretako hondamendi naturalak «ohikoagoak eta are muturrekoagoak» izango dira, krisi klimatikoa areagotu ahala. Hain justu, Egipton azaroan egitekoa duten COP27 goi bileraren aurretik, arriskuan dauden herrialde batzuek jada kalte-ordainak eskatu dizkiete atmosferara gas kutsagarri gehien isurtzen dituzten estatuei —AEBei eta Txinari, besteak beste—, klima aldaketak eragindako kalteengatik, azpiegituretan edota ekonomian.
Klima aldaketagatik «are handiagoak» izan dira Pakistango uholdeak
Azken 30 urteetako batezbestekoa baino ia %190 euri kantitate handiagoa egin du. Gobernuak jakinarazi du 1.500 lagun hil direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu