KLIMA ALDAKETA. Kyotoren porrota

Gas isurketak gutxitzeko legezko lehen konpromisoa hartu zuten ekonomia handiek Kyotoko Protokoloarekin

/ Iñaki Petxarroman. Donostia
2009ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Guztiak ez badira ere, gehienak ados jartzea. Asmo horrek mugitzen ditu nazioarteko konpromisoak. Klima aldaketari aurre egiteko hitzarmenak ez dira salbuespena alde horretatik. Haiek ere, nazioarteko legedia osatzen duten gainontzekoek bezala, helburu eta patu bera dute: guztiak legezko aterpe berean sartzea, baina, ordainetan, eraginkorragoak nahiz justuagoak liratekeen konpromisoak bazter uztea. Gutxiengoen politikak; horiek dira beti abiapuntu. Haatik, urrats txiki horiek abiadura hartzeko balio dutenean, izan lezake justifikaziorik horrek. Zuzenbideak, baina, pauso geldoegia izan ohi du-nabarmenegia du atzetik ibiltzeko joera hori-. Eta zer esanik ez nazioartean, herrialderik aberatsenen interes ekonomiko eta politikoek atzera tira egiten baitiote. Klima aldaketa bizkor dator artean, eta nabarmen atzera utzi ditu 1997an hartutako konpromiso haiek. Bihartik aurrera, serio aritu beharko dute Kopenhagen (Danimarka). Klima aldaketa hemen baita dagoeneko.

Kyotoko Protokoloa orain hamabi urte onartu zuten, 1997an. Aldiz, Klima Aldaketari Buruzko Esparru Hitzarmena, protokoloari eusten dion dokumentua, hiru urte lehenagotik zen indarrean. Hark eman zien bide Kyotokoan jasotzen diren konpromisoei; protokoloak, berriz,eduki juridikoa ematen dio asmo onak besterik jasotzen ez dituen itun horri. Klima Aldaketari Buruzko Esparru Hitzarmenak nazioartean kontzientzia sortzea du helburu; ez besterik. Kyotoko Protokoloak, aldiz, bete beharreko xedeak zerrendatzen ditu; eta haiek estatu sinatzaile guztiak lotzen dituzte.

Motz geldituagatik ere, Kyotoren lorpenik handiena gas isurketak murrizteko obligazioa ezarri izana da; are gehiago, munduko ekonomiarik handienek konpromiso horrekin bat egin izana-Ameriketako Estatu Batuak salbuespen nagusi dira-. Horiek guztiek, 2008 eta 2012 artean, helburu komuna erdietsi behar dute: hemendik hiru urtera, denera, gas isurketak %5,2gutxitzea -erreferentziatzat 1990eko igorpen maila hartuko da-. Haatik, herrialde bakoitzak izan duen hazkunde ekonomikoaren araberako ahalegina egiteko aukera ematen du protokoloak. Hortaz, gutxitzeek ez dute zertan guztietan berak izan.

EB Europako Batasunak, besteak beste, 2012rako gasak %8 murrizteko konpromisoa hartu du. Batez besteko hori lortzeko, baina, estatu kide bakoitzari emaitza jakin bat agindu dio Bruselak: hala, Alemaniak eta Danimarkak %21 murriztuko dituzte. Portugalek, berriz, gas isurketak handitzea mugatu behar du soilik. Hemendik hiru urtera, hortaz, 1990ean isurtzen zuena baino gehiago igorri ahalko du. Igoera horrek, baina, ezin izango du %27koa baino handiagoa izan.

Kopenhageko goi bileraren bezperan, Stavros Dimas Ingurumen komisarioak EBk hartutako konpromisoak beteko dituela ziurtatu du. Hainbat estatuk, hala ere, egiteko franko dute oraindik. Tartean da Espainia; Kyotok agintzen diona beteko badu, neurri bereziak hartu beharko dituela ohartarazi baitiote.

Beste irakurketa bat

Kopenhagen, ez dirudi Kyotoko Protokoloa ordezkatuko duen ituna onartuko dutenik. Aitzitik, klima aldaketaren auzia berriro serio hartzeko aukera emango du bihartik hasita egingo duten goi bilerak. Besterik ez bada, euren buruak obligatu baina Kyoton hartutako konpromisoak betetzen ari ez diren herrialdeei presio egiteko ere balioko du. Australia, Japonia eta Kanada berandu dabiltza dagoeneko. Nolanahi ere, AEBetako presidente Barack Obamak adierazi berri du, akordio mamitsuagoa lortzeko asmoz, Kopenhagerako bidaia atzeratu, eta azken egunetarako joango dela, abenduaren 18rako, hain zuzen.

Bitartean, berotegi efektua eragiten duten gasen kontzentrazioa handituz doa. NBE Nazio Batuen Erakundeak larritzeko moduko datuak argitaratu ditu: Lurra berotzen duten gasen kopurua mailarik handienean dago. «Azken hamar urteetan baino gehiago handitu zen iaz CO2 isurketa», ohartarazi du Michel Jarraudo NBEko Munduko Meteorologia Erakundeko arduradunak. «Larritzekoa da. Murrizten ikusi behar genuke». Jarraudoren adierazpenekin, pentsa liteke Kyotoko Protokoloak huts egin duela. Eta porrot egin badu, ekonomia handiei konpromisoetatik eskapu egiteko aukera eman dietelako izan da, neurri batean. Protokoloa, izan ere, merkatuko instrumentuen aplikazioan oinarritzen da nagusiki. Gasak isurtzeko eskubideen salerosketarako merkatua sortu du Kyotok. Konpromisoak betetzen ari diren itxura ematen duten herrialde horiek ez dute lortu gutxitzea benetan eragiten duten kutsadura, Kyoto betetzea besterik ez, baizik.





Nazioarteko hitzarmen baten bide luzea

1990eko abuztua. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak lehen txostena osatu zuen. Klima Aldaketari Buruzko Esparru Hitzarmenak oinarri hartu zuen txosten hori.

1992ko ekaina. NBEren esparru hitzarmena onartuta, klima aldaketari aurre egitea erabaki zuten 180 herrialdek Rio de Janeiron.

1994ko martxoa. Klima aldaketari buruzko Esparru Hitzarmena indarrean sartu zen.

1995eko matxoa. Berotegi efektua eragiten duten gas isurketak gutxitzea itundu zuten 160 herrialdek, Berlinen, legezko konpromisorik hartu gabe.

1997ko abendua. Kyotoko Protokoloa onartu zuten.

1998ko apirila. Europako Batasunak protokoloa sinatu zuen, eta gas isurketak %8 txikitzeko obligazioa hartu.

2000ko azaroa. NBEren esparru hitzarmeneko sinatzaileen bileran, Hagan (Herbehereak), EBren eta AEBen arteko negoziazioak eten ziren, gutxiago nola isuri adostu ezinik.

2001eko uztaila. Kyotoko Protokoloa zehaztu zuten 178 herrialdek Bonneko Akordioan. George Bush AEBetako orduko presidenteak ez zuen berretsi. EBk 2002ko maiatzean berretsi zuen, eta Errusiak 2004ko irailean; hala, legezko indarra eman zioten protokoloari.

2005eko otsaila. Kyotoko Protokoloa indarrean sartu zen.





Klima beroketaren kezka zabaldu du Bizi mugimenduak

Elkarretaratze ikusgarria egin zuen, atzo arratsaldean, Bizi mugimenduak Baionako merkatuan. 100 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten kadira jokoan. Lurraren tenperatura gradu batez goratu ahala, plazako kadirak kendu eta «hildakoen» meta osatu zuten. Jende anitzek egin zuten bat ekintzarekin.





187

Berretsi duten herrialdeak. Gaur-gaurkoz, 187 herrialdek sinatu eta berretsi dute Kyotoko Protokoloa. Horiek guztiek legezko konpromisoa hartu dute gas isurketak gutxitzeko. AEBek negoziazioetan parte hartu bazuten ere, 2001ean ituna ez berrestea erabaki zuten.





CO2 isuriei «stop» esan die Eguzkik Kontxako hondartzan

Letra larriz, CO2 stop idatzi zuen, atzo, Eguzki talde ekologistak Kontxako hondartzan, Donostian. Klima berotzearen ondorioz, hondartza asko desagertzeko zorian geldituko direla salatu du Eguzkik. Abenduaren 12an Pasaiako (Gipuzkoa) zentral termikoaren aurka egingo den martxara ere deitu du taldeak.





Energiaren, garraioaren eta industriaren sektoreek sortzen dute gas kutsagarri gehien Hego Euskal Herrian, administrazioen datuen arabera.

Isurketak %45handitu dira 1990etik

Iñaki Petxarroman. Donostia

Kyotoko Protokoloak ez ditu kontuan hartzen estaturik gabeko herriak, eta, alde horretatik, Euskal Herria ez dago behartuta han onartu zirenak betetzera, ez bada Espainiako eta Frantziako zati gisa. Edonola ere, Hego Euskal Herrian -Ipar Euskal Herriko daturik ez dago- oso gaizki egin dituzte etxeko lanak urte hauetan, berotegi efektuko gas isurketa %45 handitu baita 1990etik 2007ra.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, berotegi efektua sortzen duten 20 milioi tona gas isuri ziren Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 1990ean. 2007an 29,1 milioi tona isuri ziren lau herrialdeetan. Espainiari Kyotoko Itunak %15eko hazkundea onartu zion 2005era arte, eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan %45eko hazkundea dago dagoeneko, administrazioen datuen arabera. Izan ere, beste erakunde batzuen datuak oraindik ere okerragoak dira. Esate baterako, CCOO sindikatuak 2007an egindako azterketaren arabera, Hego Euskal Herrian %52 handitu dira berotegi efektuko gas isurketak 1990etik.

Alde horretatik, batez beste, euskal herritarrek gehiago kutsatzen dute Europako Batasuneko herritarrek baino. Izan ere, Europako Batasunak 10,59 tona isuri zituen 2007an biztanle bakoitzeko, eta Hego Euskal Herriak 11,7.

Klima aldaketa eragiten duten gas gehienak energia, garraio eta industria sektoreek isurtzen dituzte. Aipatzekoa da Nafarroaren kasua. Izan ere, Gobernuak emandako datuen arabera, 1990etik 2007ra %68,41 handitu dira gas isurketak herrialdean. Horren errudun nagusietakoa da energiaren sektorea. Nafarroan bi ziklo konbinatuko zentral daude martxan Castejonen, eta beste bi egin nahi dituzte. Fuerzas Electricas de Navarra SA enpresaren ziklo konbinatuko zentral termikoa -Castejon 2- handitzeari oniritzia eman berri dio Espainiako Ingurumen Ministerioak. Castejonen bi zentral termiko daude, Iberdrolarena eta Hidrocantabricorena, eta biak handitu nahi dituzte.

Nafarroako Gobernuak aitortu du gasak isurtzen energiaren sektoreak duela errurik handienetakoa: «1990era arte Nafarroan kontsumitutako argindar energia Nafarroatik kanpo ekoizten zen, eta isuriak ez zegozkion Nafarroari. 2004tik, bi zentral termikoak martxan jarri ostean, Nafarroak berak esportatzen du argindar energia».

Garraioaren sektoreakeragiten du isurketen heren bat EAEn, eta Eusko Jaurlaritzak egoera horri aurre egin nahi diola esandu aste honetan bertan Pilar Unzalu Ingurumen sailburuak. Klima aldaketaren EAEko Bulegoa aurkeztu du Unzaluk, eta haren ordezkaritza bat Kopenhagen izango da. Eusko Jaurlaritzak klima aldaketari aurre egiteko lege bat egin nahi duela agindu du. Hain zuzen ere, helburuak dira gas isurketa %20 gutxitzea, energia kontsumoari mugak jartzea eta energia ez berriztagarrien erabilera txikitzea.

Klima aldaketaren zantzuak

Klima aldaketaren zantzuak eta frogak ere badira Euskal Herrian. Donostian, esaterako, 1,86 gradu igo da batez besteko tenperatura 1971tik 2000ra. Munduan 0,76 gradu berotu zen tenperatura XX. mendean. Nazio Batuen Erakundeko IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak mundu osorako egindako azterketaren moldaketa egin dute Iberiako Penintsularako. Bi hipotesi landu dituzte, gasen pilatzea handiagoa edo txikiagoa izan. Egoerarik txarrenean, hiru edo lau gradu berotuko dira udak kostaldean, eta bost eta sei gradu artean barnealdean. Beste hipotesiaren arabera -atmosferan gas gutxiago metatzen bada-, egoera ez litzateke hain larria izango, baina, hala ere, bizpahiru gradu berotuko lirateke udak kostaldean, eta hiruzpalau barnealdean. Udazkenak eta neguak ere epelagoak lirateke, eta prezipitazioen kopurua txikiagoa litzateke urteko aro beroenetan. Udazkenean eta neguan gaur egun bezainbesteko prezipitazioak egingo lituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.