Klima aldaketa kolokan jartzen ari da oinarrizko giza eskubideak

Amnesty Internationalen arabera, klima larrialdiak arriskuan ipiniko du gizartearen iraupena

Gizon bat zabortegi batean lanean, Karatxin, Pakistanen. SHAHZAIB AKBER / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Lurreko izaki bizidunen eta ekosistemen oreka kolokan jarri du klima aldaketak. Azken hamarkadotan, gero eta ohikoagoak bihurtu dira klima hondamendiak eta muturreko tenperaturak, eta, AI Amnesty International erakundearen arabera, «giza eskubideen alorrean inoiz ez bezalako krisi bat» sortu du larrialdi horrek.

Klima aldaketaren ondorioz urratu daitezkeen giza eskubideen artean, hauek zerrendatu ditu: bizitzeko, osasuna izateko, eta janaria eta ura edukitzeko eskubidea; etxea izateko eskubidea; eta determinazio askerako eskubidea. Izan ere, «hondamendi izugarriak» eragin ditu munduko tenperaturaren igoerak —batez beste 1,1 gradu egin du gora industria aurreko garaiarekin alderatuta—: lehorteak, itsas mailaren igoera, bero boladak eta biodibertsitatearen galera, besteak beste.

Hondamendi horiek alarma hotsak piztu dituzte nazioartean, eta zenbait erakunde hasi dira arreta osoa jartzen klima larrialdiaren auzian. Halere, etorkizuneko aurreikuspenak ez dira onak. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, urtean 250.000 heriotza gehiago eragingo ditu 2030 eta 2050 artean klima aldaketak —zehazki, horren ondorioz garatutako malnutrizioak, beherakoak eta bero kolpeek— .

Eta, klima aldaketaren arriskuak edonon izan daitezkeen arren, ondorioak kaltegarriagoak izango dira toki batzuetan. Muturreko gertaera meteorologikoek —lehorteek eta uholdeek, kasurako— oinarrizko baliabiderik gabe uzten dituzte pobre bizi direnen %78; hots, 800 milioi lagun inguru.

Are, Munduko Bankuaren arabera, «berehalako neurriak» indarrean jartzen ez badira, baliteke 2030erako 100 milioi pertsona gehiago egotea pobrezian klima aldaketaren eraginez.

Bada, azken urteotako hondamendiak eta etorkizunerako aurreikuspen goibelak aintzat hartuta, AIk esan du klima aldaketak «arriskuan» jartzen dituela egungo eta etorkizuneko belaunaldien «eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak», eta «kolokan» jartzen duela «gizartearen etorkizuna».

Pakistan, erdigunean

Klima larrialdiak zuzenean eragiten dien herrialdeen artean dago Pakistan. Inoizko uda beroenetakoa izan zuten iaz han, 50 gradutik gorako tenperatura izan baitzuten. «Pakistan klima krisiaren lehen lerroan dago, eta ezinbestekoa da nazioarteko herrialdeek berehalako ekintzak abian jartzea», adierazi du AIk, atzo argitaratutako Larrialdi sutsu bat txostenean.

Ikerketan, bero boladaren ondorioak pairatu zituzten 45 lagun elkarrizketatu zituzten. Haien arabera, nekazariak, banatzaileak eta poliziak —eguzkipean lan egiten duten herritarrak—, eta pobre bizi direnak izan ziren bero saparen «biktima nagusiak». Eta salatu zuten «Pakistango Gobernuak ez ikusiarena» egiten duela.

Izan ere, iazko udan tenperatura beroenak erregistratu zituzten bi hirietako batean ere ez dute beroaren aurkako planik, ezta horri aurre egiteko babes mekanismorik ere. Beraz, «beroaren aurkako ekintza plan osoak eta bateratuak» abian jar ditzala eskatu dio erakundeak Pakistango Gobernuari, baita plan horietan kolektibo zaurgarrienen araberako neurriak aintzat hartzeko ere, hala nola haurrak eta migratzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.