Salzburgoko Paris Lodron Unibertsitateko ikerlaria

Robert Huber: «Klima aldaketa globala da, eta hori ezin hobeki uztartzen da nazionalismoarekin eta populismoarekin»

Eskuin muturreko alderdiek gobernura iristean klima ekintzen aurkako politikak egiten dituztela azaldu du Huberrek, eta uste du ezin dela ez ikusiarena egin; kontrara, «aurre egin» behar zaiela uste du.

ROBERT HUBER
JAIZKI FONTANEDA / FOKU
inaut matauko rada
Gasteiz
2024ko uztailaren 5a
05:00
Entzun

Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako udako ikastaro batean izan da Robert Huber politologoa eta ikerlaria (Salzburgo, Austria, 1989). Europako mugimendu populista autoritarioek klima larrialdiarekin duten harremana aztertu dute, eta mugimendu horiek klima ekintzen inguruan duten posizioa azaldu du Huberrek.

Nola ezberdintzen dituzu populismoa eta eskuin muturreko mugimenduak?

Eskuin muturra mota ezberdineko eskuineko alderdiak dauden talde bat da, izan populistak ala ez. Eskuin muturrak ultraeskuineko alderdiak izan ditzake barnean, baita eskuin alderdi populista erradikal moderatuak ere. Eskuin populista erradikalak hiru oinarri ditu: populismoa, autoritarismoa eta natibismoa, muturreko nazionalismo forma gisa.

Espainian, adibidez, ez du guztiz horrela funtzionatzen, euskaldunak, katalanak eta beste hizkuntza talde batzuk daudelako, eta, agian, hori da Voxek duen arazoetako bat.

Askotan lotzen dira eskuineko posizio politikoak populismoarekin, eta horrek ez du zertan berdin izan. Populismoa gehiago delako jendeari eta aginteari buruz hitz egitea, eta haien arteko gatazkari buruz; eskuinak, ordea, zerikusi handiagoa du immigrazioaren edo zergen inguruan posizio ekonomiko edo kultural jakin bat izatean, adibidez.

Populistek jendearen eta eliteen arteko bereizketa egiten duzula diozu. Nola erabiltzen dute eskuin muturreko mugimenduek formula hori klima aldaketari dagokionez?

Klima aldaketa fenomeno globala da, eta hori ezin hobeki uztartzen da populismoarekin eta nazionalismoarekin: zu nazionalista sutsu bat bazara, erraz esan dezakezu badaudela nazioarteko elite liberal eta kosmopolita batzuk, Europako Batasuna edo Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmena adibidez, esaten dutenak nola bizi zure bizitza. Populismoa eta nazionalismoa elkartzen dira nazioarteko politiken aurka.

Badago beste alderdi bat ere. Adibidez, herrialde askotan haragian oinarritutako dietak gehiengoa dira, baina badaude argudio eta gomendio batzuk diotenak haragi gutxiago jan behar dela, klima inpaktuak ezberdinak direlako. Eta hori jomuga erraza da eskuineko alderdi erradikal populistentzat, esaten dutelako: «Espainiar edo austriar zintzoak gogoko du haragi xerra bat jatea, eta, orain, norbait guri hori kentzen saiatzen ari da». Horrek ondo funtzionatzen du, auto pribatuaren eta mugikortasunaren aferarekin gertatzen den moduan.

«Askotan lotzen dira eskuineko posizio politikoak populismoarekin, eta horrek ez du zertan berdin izan»

Uste duzu benetan eszeptikoak direla klima aldaketari dagokionez, edo hauteskunde kontuengatik egiten dute?

Alde batetik, garbi dago hauteskunde estrategia kontua dela, alderdi tradizional gehienak, maila ezberdinetan, klima ekintzaren aldekoak direlako; hein handi batean Europako egitura batean daudelako, non zaila den desbideratzea. Ezkerreko alderdiak, berdeak eta liberal gehienak nahiko aurrerakoiak dira orokorrean klima kontuei dagokienez; beraz, ez dago klima ekintzen aurka garbi egiten duten horrenbeste alderdi, eta horregatik aukera dago posizio hori hartu eta botoak irabazteko.

Baina ez da soilik klima kontuekin gertatzen, beste konspirazio batzuekin ere bai, COVID-19aren krisiarekin, esaterako. Elkar lotuta daude bata eta bestea. Badirudi indar maltzur bat dagoela jendearen aurka konspiratzen.

Hala ere, ez da soilik kanpaina kontua. Begiratu daiteke nola jardun duten eskuin muturreko alderdi batzuek gobernura iristean. Poloniako gobernuak etengabe egin du klima ekintzen aurka Europan, eta berdina gertatzen da Austrian eta beste herrialde batzuetan.

Klima ekintzen aurkako politikak egiten dituzte benetan gobernura iristean?

Zoritxarrez edo zorionez, ez ditugu kasu asko ikertu ahal izateko, Europan batez ere. Populistak gobernura iritsi direneko kasu gutxi ditugu. Baina Poloniara, Austriara edo Trumpen AEBetara begiratuta, sistematikoki egiten dute klima ekintzak jarduera ekonomikoan izan dezakeen inpaktuaren aurka.

Uste dut kasu adierazgarriak badaudela esateko ez dela pentsa genezakeen bezain txarra, baina egia da ez dela seinale ona. Ikerketetan oinarrituta, nire ikuspegia da eskuineko alderdi populistek gobernuetan parte hartzea albiste txarra dela klima ekintzarentzat.

«Frogak ditugu esateko klima ekintzak diluitu edo ezabatu egiten direla eskuin muturreko gobernuekin»

Bestaldera joanda, alderdi tradizionalen gobernuetara: haien politikak benetan dira eraginkorrak?

Uste dut Europan klima ekintza benetan aurrera eramaten duena Europako Batasuna dela, eta ez horrenbeste herrialdeetako gobernuak. Tokiko gobernuak normalean eszeptikoagoak dira, arrazoi askogatik. Arrazoi bat da herritarrak klima ekintzen aldekoagoak direla, haien herrialdea hori egiten ari den bakarra ez bada. Agian, horregatik da arrakastatsuagoa klima aldaketaren aferan Europako ikuspuntu komuna izatea, herrialde bakoitza berean aritu beharrean.

Greziako Syriza alderdia aurrerakoia zen klima ekintzei buruz hitz egiten zuenean, baina 2015ean gobernura iritsi zenean, azkar konturatu zen zuten testuinguru ekonomikoan ez zegoela lekurik kostu handiko klima ekintzetarako, eta albo batera utzi zuen.

Alemanian ere gertatzen da, inoiz baino ikatz gehiago erretzen ari baitira.

Alemaniako semaforo koalizioa eredu ona da: interes ezberdinak dituen beste bi alderdirekin tratatu behar duen alderdi berde indartsua. Liberalak negozioaren aldekoak dira, eta sozialdemokratak ez dira hain aurrerakoiak klima aferari dagokionez, eta horrek egoera zailean jartzen du alderdi berdea gauza batzuk onartzeko. Ez da alderdi berdearen errua koalizioa den modukoa izatea, eta egia da gauza batzuk egiterako orduan mugak dituztela.

Beldurtzeko modukoak dira eskuineko mugimendu horiek?

Frogak ditugu esateko klima ekintzak diluitu edo ezabatu egiten direla eskuin muturreko gobernuekin. Eskuin muturrak eserlekuen %30 badu eta oposizioan badago, ez da askorik gertatzen. Gobernuan dagoenean, orduan bihurtzen da arriskutsu.

Mugimendu horiekin eztabaidatzea babesten duzu; baina ez al da zaila, argumentu faltsuak darabiltzatenean batez ere?

Uste dut ez duela zentzurik aktore horien aurrean ez ikusiarena egiteak, ezta haiekin ados egoteak ere. Baina egia da mugimendu horiek arrakasta izan dutela gai batzuk politizatzeko orduan, immigrazioa edo klima larrialdia kasurako. Beraz, haien inpaktua borrokatzeko, haiekin hitz egin behar dugu, aurre egin.

Kontua da nola eztabaidatu haiekin. Jende askorentzat zaila eta beldurgarria da karbono zerga bat proposatzen dela entzutea, dagoeneko arazoak baitituzte prezio garestiei aurre egiteko. Narratiba bat behar da jendea konbentzitzeko zergatik den beharrezkoa klima ekintza, eta zergatik sortu dezakegun egungoa baino etorkizun hobe bat.

Baina zaila da, eskuin muturreko politikariak ondo entrenatuta baitaude eztabaidatzeko. Oso onak dira sasiegiak edo gezurrak zabaltzen, eta zaila da haiei erantzutea. Eta hori haiekin eztabaidatzen duten politikarien erantzukizuna da, baita hedabideena ere. Trumpen eta Bidenen arteko amaitu eta ordubetera hainbat bideo zeuden Trumpen gezurrak gezurtatzen, baina horiek esan zituenean ez zion inork erantzun, eta hori arazo bat da.

ROBERT HUBER
JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Klima konpromisoak mantentzea izango da gakoa»

Europako Parlamentuko hauteskundeak amaitu berritan, Robert Huber politologoak uste du azken legealdiko koalizioko alderdiek babesa galdu badute ere ez dutela arazorik izango eskuin muturraren beharrik gabe akordioetara iristeko.

Zenbateraino aldatu da Europako Parlamentua?

Garbi dago eskuin muturrak irabazi duela, baina ikusita talde berriak sortzen ari direla, eskuin erradikalak arazoak ditu aterpe berean egoteko, eta haien inpaktua ahultzen ari da. Gobernu ohiko koalizioak oraindik gehiengoa du; ahulduta dago, eta beste talde batzuekin konpromisoak handitu beharko dituzte, baina ez dirudi ez denik aukerarik egongo ados jartzeko eta gai konkretu batzuetan ezkerraren eta berdeen babesa izateko.

Uste duzu klima politikan aldaketarik egongo dela?

Koalizio berriaren araberakoa izango da; nire susmoa da aldaketak egongo direla, baina ez horrenbeste. Uste dut Ursula Von der Leyenen agendan egoten jarraituko duela Europako Batzordeko presidente izaten jarraitzen badu, eta jasoko dituen babesen araberakoa izango da, baina ez dut uste eskuin muturraren emaitzek hori aldatuko dutenik.

Batzorde berria eratzeko akordioan agenda berdea pixka bat alboratuko dutela dirudi.

Europako Batasunak asko egin du, azken agintaldian aurrerapen handiak egon dira, eta orain uste dut hartutako konpromisoak mantentzea izango dela gakoa, gauzatzen direla ziurtatzeko. Arautze masiborik ikusiko dugu? Agian ez, baina agian horrek esan nahi du hori aurrez egin dela.

Beraz, ez duzu uste Europako Akordio Berdea jokoan dagoenik.

Ez dut uste asko aldatuko denik, baina hori ez da soilik Europako Parlamentuaren araberakoa. Frantziako hauteskundeak ditugu orain, eta horrek eragina izan dezake, Europako Batasuna aktore indartsua baita, baina ez bakarra.

Alemaniako hauteskundeak ere laster dira... gauza ezberdinak daude martxan. Baina harrituko ninduke Europako Batasuna guztiz urrunduko balitz orain gauzatzen ari den politika berdeetatik.

Nola uste duzu uztartuko dela Europako Batzorde berria gero eta ugariagoak diren eskuin muturreko tokiko gobernuekin?

Hauteskundeen araberakoa izango da. Eskuineko gobernuak gero eta gehiago dira, baina Poloniak adibidez gobernu liberalago bat baitu orain, askoz aurrerakoiagoa. Europan popularrak, liberalak eta sozialdemokratak ados jartzen badira, posizio ahulago bat izango dute, botoak galdu baitituzte, eta estatuek presio gehiago egingo dute. Baina eguna amaitzerako, konfiantza dut estatuetako gobernuekin lan egiteko aukera izango duela politika berdeak gauzatzeko.

Eskuinak estrategia ezberdinak erabiltzen ditu. Meloniren eta Le Penen adibidea erabiliko dut. Biak guztiz muturrekoak dira, are gehiago, Meloniri faxista berriaren etiketa jarri zioten, etiketa oso gogorra, baina gobernuan daudenean, Meloni behintzat, eta uste dut Le Pen antzeko zerbait egiten saiatzen ari dela, politikari errespetagarriagoaren figura lortzen saiatzen da. Eta horrek eragina izan dezake negoziatzeko eran. Meloni ez dut ikusten Europako koalizioaren etsai nagusi gisa, baina gobernuz gobernu aldatu egiten da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.