Matias Schraer abokatuak 2020an izan zuen Celestino Quijada komunitatearen egoeraren berri —alegia, nola Arelauquen Golf & Country Club SA konpainiak lurrak usurpatu zizkion maputxeen komunitate horri—, eta zerbait egitea erabaki zuten orduan. Harrezkeroztik, haien aldeko zenbait epai izan dira. Badakite, hala ere, oraindik bide luzea dutela egiteko.
Ikusi gehiago:Argentinako justiziak Belgikako Burco taldea zigortu du maputxeei kendutako lurrak itzultzera
Legez, zertan da komunitate horren eta eskatzen ari den lurren arteko lotura?
2021ean, INAI Indigenen Aferen Institutu Nazionaleko kide batzuk etorri ziren; 26.160 Legeak ezartzen duen berrikuspena egin, eta komunitateari ebazpen bat entregatu zioten: horren bitartez, estatuak aitortzen du komunitate horrenak direla 304 hektarea horiek. Epaiketak hamar urte ere iraun dezake, baina estatuaren aitortza hori izan da gure argudiorik sendoena kautela neurriak behintzat eskatzen hasteko. Izan ere, komunitateak premia ugari ditu: haietako bat, pasabidea zabaltzea.
Komunitate horretako kideek txartel batzuk erakutsi behar dituzte pasatzen utz diezaieten, ezta?
Lortu ditugun lau kautela neurrietatik, hiru betearazita daude jada, eta bestea bidean da. Neurri horietako batek ezartzen du komunitateak bidea zabalik izango duela bizitza publikora iristeko, eta hain justu neurri horrek egiten die minik handiena Arelauqueni eta haren kideei; izan ere, komunitateko kideak ez dira ibiltzen, Arelauquenekoak bezala, Hilux kamionetetan eta goi gamakoetan, baizik eta, esaterako, Renault 12 batean, kea dariela, edo txerri eta guzti, edo zernahi hartuta. Arelauquenek komunitatearen lurretan alanbrez hesitutako eremuari dagokionez, gehiago ez berritzeko eskatu genuen, zeren futbol zelai bat jarri baitzuten han, eta ez baikenuen nahi beste ezer eraikitzea, lehendik han dauden zuhaitzak kendu ez ditzaten eta halako beste ezer egin ez dezaten. Hirugarren kautela neurrian, komunitatea pila-pila eginda bizitzera behartuta dagoenez eta ez daukanez lekurik nekazaritza eta abeltzaintza garatzeko, eskatu genuen alanbrez mugatu zituzten 30 hektarea horiek itzultzeko, eta, gaur egun, hesitura kentzeko lanak bukatzen ari dira. Futbol zelaia zegoen lekua ere leheneratuta dago, eta orain komunitatearen ardiak bazkatzen dira han.
Neurri horien bidez, lortu al duzue jende gehiago itzultzea komunitatera?
Bai. 2021ean bidea zabaldu zutenetik, jendea itzuli egin da pixkanaka. Nolanahi ere, komunitatekoek ez zuten sekula galdu lurralde horrekin zuten lotura. Asteburuetan, hantxe biltzen ziren denak, bazkaltzera edo lanen bat egitera. Egia da, dena den, orain jende gehiago bizi dela han: hirurogei bat lagun. Garairik txarrenean, hiru baino ez ziren izan, baina lotura hori ez zuen inork galdu, eta hori garrantzitsua da, zeren Arelauquenek argudiatzen baitu komunitatekoek alde egin zutela. Edonola ere, guk epaiketan indigenen zuzenbidea hartzen dugu beti oinarri, eta hori zuzenbide zibilaz bestelakoa da, zeren, haren arabera, ez baitago jabetza titulurik eduki beharrik: nahikoa da lur batean kokatuta egotea.
Auzo pribatuko kide batzuk prest agertu ziren komunitatearekin akordioa egiteko; sektorerik kontserbadoreenekoek, ordea, ezezkoa eman zuten. Zer diozu horri buruz?
Hasiera-hasieratik, akordioa lortzen saiatu naiz ni, eta hori merkeago aterako zitzaien, baina klase eta arraza auzi bat da hau, ez ekonomikoa. Arelauquenekoek ez dituzte ikusi ere egin nahi. 30 hektarea haiek alanbrez hesitu zituztenean, horren xedea zen zuhaitz estalki bat egotea, hartara Arelauqueneko kideek —milaka dolarreko sailak erosten dituzten horiek— maputxeak ikus ez zitzaten. Lan asko eginarazten ari zaizkit; bostehun abokatuko armada bat dute, kontu guztietan apelazioa jartzen duena, ni idazkiak aurkeztera behartzen nauena. Komunitateak, aldiz, abokatu bakarra du: ni.
Urte hauetan, zer harreman duzue estatuaren organismoekin?
Harremanetan izan gara Defentsa Ministerioarekin, INAIrekin eta Segurtasunaren eta Armadaren Ministerioarekin, zeina ez baita eragile hutsala auzi honetan; izan ere, komunitatea dagoen lurrak, katastroan, armadaren izenean inskribatuta daude, eta, beraz, haren administrazioaren mende daude. Are, armadak auzitara eraman zuen komunitatea, lur haietatik alde egin zezan, ustez armadak defendatu egiten dituelako administratu behar dituzten lurrak; baina Arelauquen ez zuen auzitara eraman komunitateari usurpatutako 30 hektareengatik. Jorge Taiana oraingo Defentsa ministroari ohar egin genion horretaz, eta justu orduantxe bidali zion armadak gutun bat Arelauqueni, lur horiek itzul zitzan. Arelauquenek, orduan, armadari proposatu zion zaldiketa proiektu bateratu bat egitea eremu horretan, lurrak itzuli behar ez izateko. Gainera, kontraesan bat dago, zeren estatuak aitortua baitu lur horiek komunitatearenak direla, baina estatu horrek berak, armadaren bidez, kendu egin nahi baitizkio lurrak komunitateari.
Argetinako maputxeak. Lurren gatazka. Matias Schraer. Abokatua
«Klase eta arraza auzi bat da hau, ez ekonomikoa»
Arelauquenen aurkako epaiketak hamar urte ere iraun dezakeela uste du Schraerrek; horregatik, «garrantzitsutzat» jo du kautela neurriak betearaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu