Ikasturte hasierak buruhauste ugari ekarriko dizkio PPri, haren finantzaketa irregularrarekin lotutako auziak tarteko. 2018ko maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionalak Gurtel auziari buruzko sententzia eman zuenetik, eta PPk ezkutuko B kutxa bat izan zuela frogatutzat jo zuenetik, alderdiaren azken urteetako agintariak ahalegindu dira legez kanpoko diru jario horren arduretatik ahalik eta gehien urruntzen. Hainbatek kontuak eman beharko dituzte, ordea; bai epaileen aurrean, bai Espainiako Kongresuan eratuko den ikerketa batzordean. Batzorde hori eratzearen alde agertu zen, atzo, Kongresuko gehiengo zabal bat. Soilik PPk, Foro Asturiasek eta Coalicion Canariak bozkatu zuten aurka. Vox abstenitu egin zen. PPk salatu zuen PSOEk eta Unidas Podemosek «oposizioa isilarazi» nahi dutela.
Kitchen auzia izenez ezagutzen dena Tandem auziaren aparteko piezetako bat da, eta legez kanpoko espioitza operazio bat du ikergai, zeinak, ustez, Luis Barcenas PPko diruzain izandakoari hainbat dokumentu lapurtzeko helburua zuen. Poliziaren iritziz, Barcenasen dokumentu horiek lotura zuzena dute PPren legez kanpoko finantzaketarekin. Ikerketek diote Barcenas 2013 eta 2015 urteen artean zelatatu zutela, gutxienez, eta hura espiatzeko operazioa estatuaren diru bereiziekin ordaindu zutela.
Operazioa martxan jartzeko agindua Espainiako Gobernuaren barrutik eman zuten zantzuak ditu Poliziak. Hori dela eta, Auzitegi Nazionalak Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro ohia inputatu zuen, joan den astean. Manuel Garcia Castellon epailearen esanetan, PPko ministro ohia «operazioaren zentro nuklearrean» kokatzen dute ikerketek, operazioa «zuzentzen eta koordinatzen». Haren ordezkari aritu izana egotzi dio epaileak Francisco Martinez Segurtasunerako Estatu idazkari ohiari, eta inputatuta dago hura ere. Poliziak uste du biak elkarlanean aritu zirela Jose Villarejo Poliziako komisario ohiarekin, Barcenas zelatatzeko.
Oraingoz, Fernandez Diaz da inputatuen artean PPn ardura handiena izan duena, baina ikusteko dago epaileak PPko beste kide esanguratsu batzuk auzipetuko dituen. Fiskaltzak Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia izandakoa eta Ignacio Lopez del Hierro haren senarra ere inputatzeko galdegin zion epaileari, Villarejori atzemandako zenbait grabaziok eta Martinezen sakelakoan topatutako hainbat mezuk operazioarekin nahasten dituztela iritzita. Epaileak, baina, ez du halakorik erabaki, momentuz. Martinez berriz deklaratzera deitu du, urriaren 29rako, Cospedal eta Lopez del Hierro inputatu behar dituen erabakitzeko.
PPko idazkari nagusi ohia eta haren senarra operazioarekin lotzen dituzten zantzuen artean dira Fernandez Diazek Lopez del Hierrori bidalitako zenbait mezu. Horietan, ustez, Cospedalen senarrari jakinarazi zion operazioa arrakastatsua izan zela. Villarejok grabazioetako batean dio Cospedalen eta haren senarraren bidez lortu zutela Barcenasen txoferra izandakoak operazioan parte hartzea, PPko diruzain izandakoari dokumentuak lapurtzeko.
Rajoy, grabazioetan
Baina mataza korapilatuagoa da, eta hariak are goragoko karguak ere nahas ditzake, Martinezek zuzenean aipatzen baitu Mariano Rajoy Espainiako presidente ohia, Auzitegi Nazionaleko presidente Jose Ramon Navarrori telefono bidez bidalitako mezu batean. Adierazi zion bere «akats bakarra» izan zela «Jorge [Fernandez Diaz], Rajoy eta Cospedalen moduko pertsona zitalekiko leiala izatea». Horrez gain, bere ardurapean Poliziako bigarren agintari nagusi izan zen Eugenio Pinori iazko irailean ohartarazi zion berak deklaratzera joan behar bazuen hala egin beharko zutela «JFDk (eta ziurrenik MRk)», Fernandez Diazi eta Rajoyri erreferentzia eginez.
Rajoy aipatzen dute Villarejoren grabazioetan ere. Komisario ohiak Adrian De la Joya bere gertuko enpresariarekin izan zuen elkarrizketa batean, hau dio De la Joyak: «Barcenasen eta Rajoy madarikatuaren arteko grabazio guztiak ditugu, kaka osoari buruz hizketan». Beste grabazio batean ageri denez, Villarejok PPko agintariei xantaia egiteko gomendatu zion Enrique Garcia Castaño Poliziaren UCA Operazioetarako Laguntza Unitate Nagusiko buru izandakoari, hura kargutik kendu eta bi egunera. «Barcenasi paperak kentzeko operazio bat, presidentea nahasten duena. Ez adarrik jo. Zer duk hori! Nik, hire tokian, hortzak erakutsiko nizkieke».
Auziko sumarioko beste grabazio baten edukia argitaratu du Efe berri agentziak aste honetan, eta, grabazio horretan, Villarejok aitortzen du «gaiztakeria» asko egin dituela «bizarduna» salbatzeko. «Preso egon zitekeen. Gobernuko presidentea, e? Gauza askorengatik. Paperak, kaxak eta gauza asko desagertu dira [...], eta operazioak egin dira: aizu, halako tokitan Barcenasen paperak daude; apurtu egin behar dira».
Kongresuko batzordeak plangintza bat osatu beharko du, eta orduan jakinaraziko du deklaratzera deituko dituen pertsonen zerrenda. Sustatzaileek aurreratu dute Pablo Casado PPko buruaren eta Rajoyren agerraldiak eskatuko dituztela.
'Kitchen auzia' dela eta, azalpenak eman beharko ditu PPk Kongresuan
Espainiako diputatuen ganberak onartu egin du legez kanpoko espioitza operazioa ikertzea. Oraingoz, Fernandez Diaz da inputatua dagoen PPko kide bakarra, baina gehiago izan daitezke laster
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu